ZABALIK elkarteko ekintzak, azken urteetan, hauek dira :
- Otsail ostegunak : izenak dion bezala, otsail guziz (1997tik aitzina), hilabeteko lau ostegun gauez, euskarazko konferentzia bat antolatua da. Konferentzia horiek edozoin gairen inguruan antolatuak dira. Antolatzaileak zerk gidatzen dituen hautuan ez da konplikatua : beren gustukoa izaitea, mementoko aktualitate hurbila barnagotik eta berdin beste ikuspegi batzuetarik lantzea, biziaren edozoin arloetara idekia izaitea (ekonomia, ekologia, kultura, historia, politika, soziolinguistika, … edozoin), eta adin, sexu, jatorri, bizimolde desberdinetako hizlariekin… Helburu nagusia edozoin gai euskaraz tratatzea eta elgarrekin solastatzea dugu.
- Manex Liburutegia : Donapaleuko frantxixkanoetan zegoen liburutegia, parte Manex Erdozaintzi Etxart-en denboran osatua, eta geroztik Xantxo Iturriozek hornitua, 2006an Amikuzeko mediatekako gela batera ekarri genuen, Herri elkargoarekin komenio bat pasaturik. Geroztik, jadanik ziren liburueri, hainbat euskarazko obra gehituak izan dira urtez-urte, eta ostirale arratsaldero (edo beste egunez hitzordu bat hartuz), nor nahik kontsulta ditzake horgo dokumentu, aldizkari edo liburuak.
- Mintzapratika taldea(k) : bi mintzapratika talde biltzen dira joan den larrazkenetik, hamabostero oren bat et’erdiz : lau mintzakide bi mintzalagunekin. Mintzakideek euskararen jakintza bat badute, baina mintzatzeko jauzia nekeza zaie, trabak nagusitzen zaizkielako. Helburua da trebatzea, beldurrak gainditzea eta harremana euskaraz egitera ohitzea. Lagun talde natural batekoak dira biltzen diren 12 lagunak. Gure xedea da, beste talde batzuen muntatzea, ber printzipioan, lagun taldeekin, elgar ezagutzen duten jendeen artean, frantsesez zuten harremana emeki-emeki euskaraz egin dezaten.
- Ibilaldia Maiatzaren 8an : 2011tik, Salbatore egunez ibilaldi bat antolatzen dugu Amikuzeko hegal batean (2011 : Donapaleu – Uhartiri – Larribarre – Xibraltarre ; 2012 : Behauze – Bithina – Begue – Kürkü ; 2013 : Gabadi – Arboti – Xilintxi – Ilharre). Ibilaldi luzea 8ak 30tarik 12ak arte eta laburra 10etarik 12ak arte. Bururatzeko denak leku berera heltzen gira, elgarrekin aperitifa edan eta piknikatzeko.
- Bertsu-afaria : 2013ko azaroaren lehenean, bertsu afari bat antolatu dugu. Ikusirik arrakasta eta bi bertsulariekin iragan gaualdi beroa (Maialen Lujanbio eta Jon Maia ziren), esperientzia hunek segida bat izan behar luke.
Lantalde berri batzu lanean hasiak dira 2013ko biltzar nagusitik landa :
- Formakuntza : gure asmoa da soziolinguistika eta kulturgintza sailean formakuntzak eskaintzea nahiant guzieri. Helburua da berreuskalduntze estrategien indartzea luzarat, izan pertsonen mailan ala maila kolektiboan.
- Bideseinale eta toponimia : oharturik bide-seinale elebidunak agertzen direla han-hemenka eta hala-holako grafia nahiz moldeak ikusten hasten girela, bi pentsaketen egiten hasiak gira, ikusteko nola plantatu behar dugun gauza horiek tokiko euskaldunentzat hurbileko izan diten, eta dekorazio baino gehiago komunikatzeko eginak izan ditezen.
- Amikuzeko historia : soziologia aldetik, ekonomia eta politika antolaketa aldetik, hizkuntzaren galeraren prozesuan, … Amikuzen auzoko bailaretan ez bezala joan dira gauzak. Horren irakurketa serios baten egiteak interesatzen gaitu, gaurdanik bakotxa gure hipotesien eraikitzeko gai bagira ere. Ikusiko historialari batzuen laguntzarekin eta gure indar (ahuleri) esker, heltzen giren zerbaiten eraikitzerat urratsez-urrats.
Zuk ere, zerbait interes balin baduzu hemen aipatzen diren gaietan, edo elkarteko helburuetan sar litekeen edozoin ekintza berriren abiatzeko xedea bazinu, hurbil zaite lotsarik gabe gugana. Gogoa den lekuan indar gutik ere efetu handia izaiten baitu…