Iparraldeko ama eskola eta lehen mailen 2015ko buruileko eskola sartzeko datuak hartu ditugu eta konpilatu. Zenbatetaraino gure gazteek euskara ikasten dute, zenbatetaraino ez. Zenbat dira Euskal Herri bat erhi puntez hunkitzen dutenak, zenbat ez. Zenbat eta nun. Horra galdera zenbait, ikertuko ditugunak, kuantitatiboki alabaina, euskararen ezagutza kualitatiboaren ikerketa egitera nehor ez baita ausartzen dakigunez, emaitzak beldurturik hain segur ere, dentsitaterik aski ez baita gehiago hiztun osoak egiteko eskolatik bakarrik. Egina den moldean alabaina, baina kuantitatiboki ere minimoak ez baitira gainditzen.
Gure ikerketan, ereduak euskararen erakaskuntzaren arabera sailkatu ditugu, erran nahi baita D eredua (imertsioa deitua), B eredua (elebiduna) eta A eredua erran nahi baita gaineratikoa, euskara ez duena erakusten edo opzio gisa baizik edo ibilkari sistiman. Hortaz, hegoaldeko klasifikazioari jarraiki gatzaizkio.
Hona iparralde mailako emaitza :
Iparraldea | Haur kopurua | Ehunekoan |
---|---|---|
A eredua | 15995 | %61 |
B eredua | 7811 | %30 |
D eredua | 2243 | %9 |
Orotara | 26049 | %100 |
Haurren heren gotor batek euskararekin topo egiten du klasean. Imertsio sistemak hamarretik bat eskolatzen du. Badakigu hiztun osoak egiteko, eredu honek dituela orohar emaitza hoberenak segurtatzen, nahiz kopuru horrekin zerbait kausitzea mirakuilua izan. Sistema elebidunak, nun ez den ingurumen oso euskaldunean, ez du haurrari minimoen segurtatzea ahalbidetzen, gainera dakigularik gehienek lehen mailatik gora abandonatzen dutela.
Barnekaldeko datueri so egiten badugu, ehuneko haundiagoak ikusten ditugu euskararen erakaskuntzan. Damurik, iparraldeko ama eskola eta lehen mailako haurren % 18a dugu Baxenabarre, Xibero eta Hazparne eskualdeetan eskolaturik (Hazparne hartu dugu beste bi probintziekin, hurbiltasunagatik eta haur kopuru berdintsuagatik).
Baxenabarre | Xibero | Hazparne | |
---|---|---|---|
A eredua | 913 (%40) | 459 (%48) | 489 (%39) |
B eredua | 944 (%42) | 346 (%36) | 513 (%41) |
D eredua | 404 (%18) | 151 (%16) | 236 (%19) |
Orotara | 2261 (%100) | 956 (%100) | 1238 (%100) |
Baxenabarren zentratzen bagira orain, eskualdeka ikusten ahal ditugu emaitzak. Jada sumatzen zen bezala mendialdetik beheiti jitean, euskarazko ereduak ere apaltzen dira. Baigorrin ja haurren 10etik 9k euskara edo euskaraz ikastezn du, ondotik Garazin dira emaitza gorenak bi herenekin. Iholdi Oztibarrek aldiz Iholdi aldean elebidun eredurik ez izaitea azkar patitzen du. Azkenik Amikuzekoa beherago azaltzen dugu xehekiago.
Baxenabarre | Baigorri | Garazi | Iholdi Oztibarre | Amikuze | Orotara |
---|---|---|---|---|---|
A eredua | 54 (%12) | 230 (%35) | 179 (%63) | 450 (%52) | 913 (%40) |
B eredua | 262 (%59) | 284 (%43) | 55 (%19) | 353 (%40) | 944 (%42) |
D eredua | 129 (%29) | 148 (%22) | 52 (%18) | 75 (%9) | 404 (%18) |
Orotara | 445 (%100) | 662 (%100) | 286 (%100) | 868 (%100) | 2261 (%100) |
Azkenik, begirada Amikuzen zentratuko dugu, hangoak izanik. Ohartzen gira eskualdeko eremu oso batean herrietako eskolek ez dutela ez elebidun ez imertsio sistemarik eskaintzen. Herri horiek dira : Arberatze, Arboti, Arüe, Behaskane, Etxarri, Domintxine, Mehaine, Mithiriña eta Ozeraine. Nunbait han, Amikuze ekialderat hedatzen den arku bat egiten dute herri horiek, gehienak artoaren eremuan finkatuak, ardiaren eremuko Mehaine eta Mithiriñaren anomaliak baztertzen baditugu.
Amikuze | Eskaintza gabeko eskolan | Elebi eskaintzako eskolan | Imertsio eskaintzako eskolan | Orotara |
---|---|---|---|---|
A eredua | 213 (%25) | 237 (%27) | 450 (%52) | |
B eredua | 343 (%40) | 343 (%40) | ||
D eredua | 75 (%9) | 75 (%9) | ||
Orotara | 213 (%25) | 580 (%67) | 75 (%9) | 868 (%100) |
Aitzineko solasari jarraikitzeko, ohartzen gira eskola elebidunak diren tokietan, haurren %59a elebian ezarriak direla erran nahi baita, hautua dutelarik, burrasoen gehiengoak euskararen hautua egiten dutela.
Agian, haur horiek ez dute euskara mintzatzen ahalko kurantki, baina hori ere ez denean, ezagutza zero heinean dago.
Urjentzia egoeran gaude datu hauek ikusten ditugunean. Ondoko urteetan B eredua ez bada orokortzen, eta D eredua kopuru handiagoetara heltzen, jakinki belaunaldi euskaldunenak desagertzen doazela pirripitaka ondoko hamarkadan, lanak izanen ditugu sinesteko oraino Euskal herrian gaudela hemen gaindi.
3 Komentarioak
Utzi komentario batLan pollita!
Euskara ikasten duten ikasle gehienak « elebidun » deitu ereduan direla kontutan harturik (%42 BN mailan eta %40 Amikuzen), indarra hor (ere) egin behar dela uzten du agerian. Ondoko eztabaida atal oso bat idekitzen du beraz: zer egin eredu hortan eskaintzen den erakaskuntzak haurren euskalduntzeko baldintzak ukan ditzan ? Nola eman bultzada euskarazko erakaskuntzari orohar, ereduen lehian indarrak ito gabe?
Kaixo!
Artikulu oso interesgarria. Ni Gipuzkoarra naizen aldetik eta Amikuze gutxi ezagutzen dudanez, duda batzuk sortzen zaizkit. Entzuna dut Donapaleuko eskola giristinoko ama eskolan murgiltze eredua jarria dela, ala da? zenbat urterarte? hauek, D eredukoak kontsideratuak al dira? Eta bestetik, herri txikietako eskola pubikoaetan zergatik ez dago eredu elebidunik, gurasoen gogo falta ala goitik datorrelako?
Azkenik, esker aunitz horrelako web orrialde interesgarria edukitzeagatik.
Ongi izan.
Eskola pribatukoak ez dira D ereduan sartu gure lanean. D eredua, imertsio bezala kontsideratua, eskola guziari aplikatzen zaio, eta beraz gurean ikastoleri bakarrik. Dakigunez, -eta hori hango jendeak zuzenduko du beharrez- imertsio sistema ama eskolako lehen bi urteetan aplikatzen dute Etxekopar ikastetxean. Ondotik elebidun edo B eredura pasatzen dira.
Herri ttipietan sail elebidun bat irekitzeko, Herriko etxea, erakaslegoa eta aitamen galdo adostu bat behar da, behar den kopuruetan bistan dena akademiak onar dezan irekitzea. Planeta guzien lerrokatze xuxena kausitzea errexagoa izanen da hizkuntzari buruzko zenbait herrietako giroa ezagututa. Bestalde, traba teknikoak ere izaiten dira eskola zenbaiten kasuan, haur gutiegi edo adin klaseak herri desberdinetan izanki, errient(s)ek ez baitute materialki ahal edo denborarik gela batetik bestera joaiteko. Aspaldiko dilema : herriko eskola ala herri eskola ?