gutarik bakotxak hizkuntza ainitz ukan ditzazkegu, euskarak gu baizik ez gaitu …

Zendako gira

Amikuze ? A bai, hantxe, arto elgeak, kukula kentzeak, erreka apalak eta putzu berdetsuak… Euskaldunik bada oraino han gaindi ? Biarnoaren muga zaintzen dute, baina biarnesa galdu ahala, frantsesa egina dute beren ez ? Euskaldun biarnesenak izanen dira ! Oraino euskaldunik balitz !

Baina Amikuze ez da monokromo, aldebakar, haran zabal eta arto amerikano. Itxura guzieri aitzi, euskaldunak badira oraino ! Itoak, egia da, gure ur geldiak belar litsek gainditzen dituzten bezala sasoin batean. Arto elgeak badira, baina ardiak ere, eta behiak, eta gitak, eta zaldiak. Pintze, garagar, ogi, tritikala, marmaro, baratzekari, eta kakahueta landa zumait ere atzemaiten da… xekatzea salbu.

Etxetierren belaunaldiak, gerla ondoan etxaldeak erosi eta villa isolatugabeak eraiki zituen mendeetako etxe zaharren kantin, plan Mansholt eta multinazional firmen kontratuen medioz. Lobilo lohitsuak, kabale usaina eta zerri kurrinkak oroitarazten zituen sobera etxe zaharrak. Abandonatu beharra zen, eta mihien klaska kanbiatu, aldatu, utzi, ahantzi, errotik atera… Evoluatzeko, handitzeko, grado berrira hupatzeko, nausien, untsa ikasien, lehengo jabeen marmarra adoptatzea baino zer hoberik ?

Egin bada egin ! Ez pentsatu eta egin ! Niñia bere mainuan errekara bota ! Arrotza bere jusarekin irentsi !

Dena bota ? Ez arras. Hizkuntza hor da, gure baitan. Herri baten memoria hor da, gure behakoan. Beti aitzinatzen diren urratsetan, atzoko gira biharkoan, eta biharko atzokoan… Bataila hau beren gisa utzia dutenek ere, beren kausipenaren bixkotxak adelatzen dituztenean, beti bada girgil bat, sukre errauts birribira bat, gereziño bat, bazter batean ez bada erdian, nongoak giren, zerenak giren salatzen dutenak…

Egizu zure barne bidaia, azta zazu nola senditzen dituzun bibrazio horiek, baketu zaite azken bi belaunaldietan nahi ala ez kasko gogor hauetan sarrarazi daukuten konplexarekin… Eta zoaz karrikara, zoaz beste baten elakatzera… Harek ere badaki : irriñoa, umorea, arrailleria, konplize egiten gaituen eta egiatasuna deitzen den hori, euskaraz erranen dauzu, erranen diozu.

Dena badugu errota aitzinerat itzularazteko. Bi belaunaldiz galdua, bi belaunaldiz berreskura dezagun !

Gibelka erabili nahi gaitu mundu honek, elebakar bihurtu gure pentsamendu funtsezkoenetan, gure kulturaren arrotz edo turista egin, kontsumitzaile huts (ze hitz itsusia !). Alta ez dugu gure historiaz ahalge izaiterik ! Alta sekulako jakintza eta esperientzia metatua badugu gure eskura, bizia zilo guzietarik ateratzerainokoa, gure ekintzen jabe eta sortzaile egiteko xantza guziak emaiten daukun transmisio bat ! Transmetitu. Gure hori emaiteko, besteen ganik berriz biltzeko, hartu bezala ez uzteko, moldatu eta guretu, diseritu eta berriz argira ekarri… maitatzeko, hastiatzeko, negar egiteko, emozioz urtzeko, bizitzeko, hiltzeko… eta berriz hasi.

Dena badugu gure errotaren aitzinarazteko… elur bolaren gisa, denen ekarpenak du hantuko, lodituko, azkartuko, eta geldiezin bilakatuko !

« Hizkuntza desberdin ainitz baditugu gure eskura. Euskarak, aldiz, gu bakarrik gauzka ! »