Sartzea dute gau-eskolan, eta udan metatu errautsak kentzeko lokalera joan dira berriz. Huna sartze kanpaina baten kronika ondoko lerroetan… A, eta anima jendea zuen inguruan, euskara ikasteak, edo hobetzeak, mundu bat gehitzen baitu norbere planetari, eta nolaz ez, gu denenari ! (Artetik erraiteko, erakasleak ere behar dituzte gau-eskolan ; horra zuretako xarmanteko « denbora-pasa » ez ? Besoak zabalik hartuko zaituzte!)
Eta abar luze bat…
Donapaleuko auzitegi karrikan dugun egoitzan sartu nintzelarik, agorril erditsutan, denak lo ziren, seko : bulegoa, ordenagailua, kafe makina. Eta bazen bai, lokala zerraturik egoiten delarik maite ez dutan zoko usain hori.
Leihoak zabaltzen ditut, ordenagailua piztu dut eta…..
Zer!!!! Jadanik fini????? Baina klaseak urriaren 5ean hasiko dira. erran daut ordenagailuak, harriturik.
Bai, urriaren 5ean, bai. Baina zer uste duzu zuk. Lana hor dugu to! Ageri da berria zirela zu AEK-n.
Ikasle berriendako izen emaite kanpaina antolatu behar dugu, gure usaiazko ikasleak deitu behar ditugu eta abar luze bat.
Humm, Bixente. Ez dut batere maite «eta abar luze bat» erraiten duzularik. Zer bada horren gibelean?
Lasai! Lehenik kafea prestatzen dut eta gero, dena esplikatuko dauzut.
Beraz, hau da aurreikusi dutana.
. iragan urteko ikasleeri izena berriz emaiteko mezu bat igorri behar diegu.
. gure izen emaite astea prestatu behar dugu.
Buruilaren 21etik 25era, arratsaldeko 2etatik 8etara Donapaleuko egoitzan atxikiko dugu eta buruilaren 26an, goizeko 9etatik 12etara, Hoztako herriko etxean.
Zer, Hoztan, azken postan???
Bai. Pasa den urtean, iniziazio maila izan zen Asiskorekin. Ikasle horiek segitzen dute baina beste iniziazio maila bat sortu nahi genuke han ere.
Eta aurtengo, ideia bat izan dut eta zure laguntza beharko dut.
A bai??? Eta zertan?
Mari, Pierino, Mado…….ikasle horiekin, ikaskuntza konbinatuan ariko gira aurten.
Ikaskuntza konbinatua???
Ba… Orai arte, astean bi aldiz etortzen ziren gau eskolara eta oinarrizko ezagutzak lortu dituzte. Aurten, astean behin etorriko dira gurekin klasera. Kurtso hori «presentziala» deituko dugu eta beste kurtsoa etxetik, ordenagailuaren bidez. Guk ariketak prestatuko ditugu eta horiek egin beharko dituzte, bainan etxetik. Horrela lan pertsonalizatuago bat eskaintzen ahalko diegu.
Besterik?
Bai, azken gauza bat ere. Gure helbidea eta telefonoa ez dira kanbiatu. Donapaleuko auzitegi karrika, 17an gira eta gure telefonoa 05.59.65.89.21 da. Haatik, gure helbide elektronikoa laster aldatuko da. Orai arte amikuzeko.gaueskola@sfr.fr zen eta horrela egonen da hilabete batez baina gero amikuze@aek.eus izanen da.
Au fait, kafea nahi duzu?
Ezin komenta gehio.