Hilabete hunen 21ean, euskararen aldeko manifestaldi handia eginen dugu Baionan.
Euskal Konfederazioko kideak baliatzen gira herritar guziak manifestaldi honetan parte har dezaten deitzeko, ahalik eta jendetsuena izan dadin.
Azken egun eta aste hauetan Prefetak egin dituen mehatxuek argi erakusten dute euskararen alde mobilizatzea beharrezkoa dela. Euskarak bizirik iraun dezan, gure hizkuntzaren aldeko hautua errespetatua izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izan dadin, ezinbestekoa da gure lurraldeko herritarrek indarra eta elkartasuna agertzea.
Egun osoko egitarau aberatsa Baionako karriketan
Manifestaldia 16:00etan abiatuko da Laugatik. Baina mobilizazio eguna goizean hasiko da ospakizun giroan:
• 11:00etatik aitzina: animazioak eta hitzorduak egun osoan zehar denentzat.
• 16:00etan: euskararen aldeko manifestaldi handia, Laugatik abiatuta.
• 18:00etatik aitzina: gaualdia, giro goxo, herrikoi eta familiarrean, elkarrekin euskararen aldeko atxikimendua ospatzeko.
Euskaltzale guziak gomitatuak dira: euskarari atxikiak direnak, euskaraz mintzatzen direnak eta oraindik ikasten ari direnak, euskara transmititzen duten familiak, ikasleak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak, merkatariak eta enpresariak, hemen sortuak nahiz Euskal Herrira etorri berriak. Euskararen geroa denen eskuetan da.
200 elkartek izenpetu dute egun hortako Manifestua. Mobilizazioa are gehiago zabaltzea beharrezkoa da. Iparraldeko elkarte eta herritar guziak Manifestua izenpetzera eta ingurukoak mobilizatzera deitzen ditugu. Elkarrekin, azaroaren 21a ez dadin manifestaldi bat gehiago izan: euskararekiko atxikimenduaren erakustaldi herrikoi eta masiboa izan dadin, euskararen biziberritze prozesuan aro berri bati bidea idekitzeko.
2026ko Azaroaren 21ean, denak Baionara! Euskaltzaleon garaia da, euskararen garaia da.

Ezin komenta gehio.