Gure arte kronikariak eskultura berri bat harrapatu du AMIKUZEko hiriburuan. Hona aitzineko aldietan bezala bidali digun iruzkina.
Playmobil, Dark Vador eta Matamoro !
Eskulturen dantza batean sartuak gira dirudienez Amikuzen. Urtetik urtera gauza berriak agertzen dira gure lurraldearen puntu desberdinetan. Nafarroako atetzat egin izan zen proposamenaz oroituko zirezte, ja bi urte komuna baten itxura guziak zituen muntadura futurista harek erantzunik eman baino galdera gehiago eginarazi zizkigun. Jaz berriz, beti ber lekuan, Aiziritze eta Behaskane arteko itzulgunean, txirrindulaz osatu arkamasa efemero bat ikusi genuen, Vueltak itzuli bat egiteko denboran. Oraingoan, frantxixkotar komentu ohia dugu proposamen ausart eta harrigarri baten lekuko. Nola deskriba gauza hori ? Lehen xixkan playmobil beltz bat oroitarazten du. Hori ausartzea, playmobil beltzik ez da, playmobilak beti dira zuriak, eta hortik ikusten da artistaren xede iraultzailea. Bizkitartean eskultura norbaitek manatua du, eta badakigu leku horretan DONAPALEUko herriko etxea dela nagusi, orain arteko auzapezaren proiektuaren ohantzea hor finkatua baitu, badakizue « Chemins Bideak » zentroa. Azkenaldian gauzak elebiz izendatzeko joera handitzen ari da, denak ukoak harrapatuak balira bezala. Lehendanik baginakien horren berri, Val d’Aran, edo Pays Pays Basque famatuekin, orain denak iduri luke euskarazko kolore bat behar duela, baina euskarak ez duela gaintasunik aski gauzen izendatzeko, eta frantses makulu sosegarria jartzen zaio aitzinean, babes eta aterpe bero gisan.
« Chemins Bideak » bidean den chemin bat da beraz. Konpostelakoan bistakoa ! Ez eraikuntza nazionalekoan, nahiz hori ere ez den hain segurra. Nazionearen hautuan da nabardura. Denek dakigu, DONAPALEU izana da NAFARROAko erresumaren kapitala bere denboran. Bidean cheminatzea eskarniatzen duten hauek, artifizialki bada ere, beste historia bat sortu behar dute, beren asmoen legitimatzeko. Hortarako, historia eta geografia, denbora eta espazioa hots, aldatzeko gai dira. Holaxe dute Konpostelako bidea lekuz aldarazi, helburua baitzuten, igan beharko zen lehen munoa DONAPALEUn koka zedin – eta ez OSTANKOan edo UHARTE HIRIn xuxenez den bezala-. Joan den mendean jadanik, Frantziatik datozen Konpostelarako hiru bideak DONAPALEUn batzen zirela sinetsarazi nahi izan zuten, eskultura bat plantatuz – to eskultura bat berriz ere!- Soihartzerateko bide juntan. Denek dakitelarik alta, IZURAn dela haien lehen bilgunea. Beti, berek sinesten dituzten gezurretan mainatzen direla, beren herriko tontorrean eskultura erraldoi bat ezarri dute – to ! berriz eskultura – : hiru haga luze, zuhaitz trunko zuzen batzu, azala errerik, « Reflets du ciel » deituak. Erraldoiak, eta bide desbideratu batean, beren egiazko izaitea agerian utziz. Eta egoitza bat behar eta, ez dute edozoin hautatu : ordu arte herri mugimendu eta alternatiba esperientzien kafira zen frantxixkotarren etxea, behar dena pagatuz berenganatu, heretikoez hustu eta desinfektatu, ondotik « Chemins Bideak » hor kokatzeko, berek bataiaturik bake, serenitate, espiritualitate … eta kulturaren tenplo.
Saga epiko horren arrosarioko azken punpula dugu orain Dark Vador dirudien playmobil eskultura hori. Kontestuan ikusiz, errexago ulertzen da : Konpostela Jakobe da, eta Jakobe, matamoro ! Moroak hiltzeko saindua da Jakobe. Matamororen estatua dugula hor deduzitu behar dugu, behelainoan zain. Aldiz matamoro hau beltza dugu, oximoroa berez, moroak izanki beltzak eta matamoro zurien enbaxadore harmatua. Oximorozalea ere baita gu denen aita dela uste duen Dark Vador amikuztarra ! …
Beltzak ere zurian hurtu nahi, konfliktualitatea ukatuz bestela pentsatzen ahal lukeenari, izaitea ere ukatuz bere xedeaz zapaltzen duenari…
Harrigarri eskultura puska batek ez-kulturatik zenbat kultur sepultura sinbolisatzen ahal duen !
A por nosotros erran beharrik gabe ! Pax compostelana…
« Donapaleuko arratsaldetan,
enarak leiho gainetan
udaberriak tristura dakar
haizearen hegaletan
melankolia ezinesan bat
jauregiko zuhaitzetan
urte geldiak isilik doaz
lanbroaren ametsetan » (*)
M.I.
(*) Xabier LETEren « Egunsentiko zaldi zurien » olerkitik hartua.
Ezin komenta gehio.