Gure iraganeko pasarte ilunik bada, sorgin auziena hor koka liteke errex. Amikuzen ere izan ziren horrelakoak, inkisizioa baino aise lehenago ere Ander Berrojalbiz Durangarrak aurtengo Otsail Ostegunetan jakiterat ekarri digun bezala.
Historialari eta musikaria ere denak bestalde, testu batzu atzeman ditu auzi honen xehetasunak jakitera ekartzen dituztenak, akusatuen aitorpen bitxiak barne, denak torturapean erranaraziak bistan dena. Baina, berak dion bezala, magia eta misteriozko afabulazioez bestalde, beste zerbait zegoen jokoan orduan ere, kontrol soziala eta podere jokoak fida ahala bait.
Elkarrizketa hau BERRIA egunkarian agertua du Ainize Madariagak. Honara ekarri dugu den bezala.
2020ko otsailak 14 – BERRIA
Ainize Madariaga
«Bateratzeko tresna gisa sortu zen inkisizioa»
Harritzeko da: Maria Perez de Ibarra inkisizioak Durangon hil zuen alargunaren ondorengoa zara.
Los herejes de Amboto liburuan (Pamiela, 2016) inkisizioaren zerrenda bat agertu nuen, baina ez nuke esango ondorengoa naizenik, ezin baita frogatu, ez baitago iristerik XV. mendera arte. Alargunak Berroja abizena zuen, zeina XVII. mendean Albiz deiturarekin batu baitzen. Durangon oraindik abizen berak dituzte askok.
Heretikoa, heresia, ber gauza dea?
Bai. Grezieratik dator: aukeratzen duena adierazten du. Hortik latinera pasatu zen, eta kutsu erlijioso eta negatiboa hartu zuen: ortodoxiatik irteten dena. Erlijioa boterea delako. Funtsean, heretikoa da erlijioa beste modu batean ulertzen duena.
XIV. mendeko sorginkeria auzietatik XVII. mendeko inkisiziora nolakoa izan da bilakaera?
Inkisizioa Erdi Aroan sortu zen epaiketa era bat da, zeinean akusatzailerik ez baitzen behar. Ordura arte, akusatzaileak, akusatuak eta epaileak egon behar zuten. Eliza izan zen heretikoak azaltzeko tresna: fedearen aurkako edozer akusatzeko. Hasierakoak puntualak ziren. Geroago, ordea, 1480. urte inguruan, Gaztelako eta Aragoiko Errege-Erregina Katolikoek aita santuaren baimen iraunkorra lortu zuten epaiketa horiek egiteko, zeina XIX. mendera arte luzatu baitzen. Europako beste herrialdeetan, historia desberdina da, han ere egon zen inkisizioa, baina ez Espainiakoa bezain luzea.
Inkisizioak zer zuen zinez nahi?
Nafarroako Erresumaren okupaziorako ere baliatu zuten?
Tresna politiko indartsua ere izan da. Isabel II.a eta Fernando Katolikoa ezkonduak baziren ere, bakoitzaren erresumek beren legeak zituzten. Inkisizioak, ordea, jurisdikzio beraren pean sartzen zituen: Gaztela, Aragoi, eta, geroago, Nafarroa ere bai. Haiek bateratzerako sortutako instituzio bat izan zen inkisizioa; hirurak kontrolpean edukitzeko.
Zuk duzu ediren Iharreko Pes de Goiti eta Condessa de Beheitiren kontrako sorginkeria epaiketa, Garrüzekoa, 1370. urtekoa.
Euskal Herrian gorde den zaharrena da; sorginkeriaren historia birpentsatzera garamatza. Garrantzitsua da dokumentua; datuez harago, edukia baitu, eta akelarrea lehen aldiz agertzen baita, okzitanieraz: boquelane. Gainera, Nafarroako Erresumako kontu kaieretako gastuei esker —egurra, borreroaren soldata, kateak…—, aurkitu dut Nafarroa Beherean gutxienez hamabost emakume erre zituztela. Alta, ez dakigu erritmoak jarraitu ote zuen, gainerako kaierak galdu egin baitira.
Leiho hormatua eman diozu izenburua barda eman zenuen hitzaldiari. Alta, inkisizioari sua dario.
Pes eta Condessa zigortu eta torturatu egin zituzten Garrüzeko gazteluan. Leiho hormatua da eraikinak Erdi Arotik gordetzen duen ezaugarririk nabarmenena. Ezin da zabaldu ikusteko: interpretatu egin behar da.
Erre zituztena?
Ez dakigu. Iloba hiltzeagatik urkatu behar zuten batek Pes eta Condessa salatu zituen. Zioen sorginkerian hazi zutela, hiruren artean haur sortu berria kalitu zutela, eta horretarako Condessak txakur itxura hartu zuela atepetik pasatzeko. Sententziak dio Orkoienen [Nafarroa] burdin goria eskuetan hartu eta hiru urrats ibili beharra zutela. Hiru egunean buruko markarik balitz, erre egingo zituzten; bestela, libre. Ez zen ezinezkoa libratzea. Horregatik, Amikuzeko Jaunaren ordezkariek eskatu zuten zigor gogorragoa jar ziezaietela.
Ezin komenta gehio.