Joan den buruilaren 9ko egunaldiak arrakasta ederra bildu du, eta hurbildu den jendeak berak dionaz, pozik eta indarrez beterik itzuli da etxera.
Goizetik ageri zen egun handia izanen zela. Tokiko jendea eta urrundik jinik ere bazen BIDEAK guneko aretoa gainezka bete zuten 200 entzuleen artean. Hiru hizlariek, Beñi Agirre, Alvaro Adot zein Peio Monteanok beren ikerketa eta jakintza ekarri zituzten ezin hobeki. Bistakoa, denbora laburregiz ! Araiz, ondoko hilabeteetan, ekarpen horien barnatzeko bideo edo testu zenbait agertuko dira. Ikusiko.
Eguerdian, denak joan ginen auzitegi ohiaren aitzinera, han baitziren bildu duela 500 urte, 1523ko agorrilaren 28an, gure erresumako Estatu Nagusiak, lurraldea gerla gorrian zelarik, Gaztelako etsaiaren armada denetan su eta ke bazterren xehatzen ari baitzen oraino. Eta giro hortan zin egin zuten, zin egin NAFARROA ez zela galdua, eta Baxenabarre puska ttipia izanik ere, NAFARROA izaten jarraikiko zuela.
Joan den ibiakoitzean, toki hortan aldizkatu ziren Kirikittun amikuzeko txalapartariak, Burgaintziko dantzarien aurreskua, Amikuztar joteroek eman J Mixel Bedaxagarren jota eder hura, Ramuntxo Kristiren bertsuak (ikus artikulu zolan) eta antolatzaileen hitzaldiak. Charles Massondo Donapaleuko auzapezak eta Paul Lacroix ZABALIK elkarteko lehendakariak plaka bat agertu zuten. Hona ZABALIK elkartearen izenean erran hitzak :
« Gure memoria ukatu ta gordea agertarazten lagundurik eskertzen ditugu Nabarralde eta Hernani Errotzen, bai eta Donapaleuko herriko etxea gure pario berdina eginik. Nafarroa bat zen hamar mendez goiti, puskatu daukute gerla bidez, eta Donapaleu gelditzen da erresistentziaren ikur, plaka hau horren lekuko dugu. Bainan gure haurreri plaka bat baino gehiago utzi nahi diegu, sekulan ez bezala nahi dugu gure izanetik aurkitzen dugun indarraz bihar ere gu girena hazi. Bizirik nahi dugu nafartasuna, euskaltasuna eta euskara gure hizkuntza. 2023an, gaur, gai girea berriz zin egiteko Euskal Herria eta Euskara biziaraziko ditugula ? Hortako denen beharra badugu, dakitenena, eta ez dakitenena. Zeren hortan ere, ez dago neutraltasunik. »
Ondotik Touzaa etxean andana bat bazkaltzen ziren, gaineratekoak toki eskasez herrian barna barreiatzen zirelarik.
Arratsaldean, 100 lagunez goitik bisita gidatuak segitu zituzten Auzitegi karrikan barna, Donapaleu historikoaren ezagutzeko. Multzo bat frantsesez, beste bi euskaraz Bittor Thikoipe, Pettan Prebende eta Ramuntxo Kristi Amikuzeko Eskukulako bertsulariekin. ZABALIK elkarteko gidek moneta frabrika, presondegia, Derdoi Oihenarteren sala, Estatu nagusien eta kantzilergoaren aterbe zen San Paulo eliza, eta beste zenbait gune aurkeztu zituzten xeheki, bertsulariek beren biper eta gatza gehitzen zutela.
Bero sapa ikaragarria zen ordurako. Karrika itzulia segurtatu zuten halere ikusgarrian protagonista izanen ziren dantzari eta musikariek. Eskertu beharrak ditugu denak : Amikuzeko Kilimon taldeko joaldunak, Sukila Kanboko eta Kilimon taldeko ziganteak, Baigorriko eta Amikuzeko gaiteroak, Arizkungo Ezpata dantzariak eta beren musikariak, Antzuolako Oinarin dantza taldea eta beren musikariak, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore taldeko dantzariak eta txaranga, Amikuzeko Burgaintzi dantza taldea eta txaranga.
Ondotik, merkatuko plazan ikusgarria eskaini zen. Dantzari eta musikariez gain, Amikuzeko antzerkilari eta kantariak tartekatu ziren publiko aitzinean. Batetik gure tragedia eta bestetik bizi-nahia zen ikusgarriaren ardatza, umore, emozio eta memento ederrez josia.
Ondotik, beroan-bero, arizale ala publiko, dantza jauzien eta Larrain dantzaren zirimolan nahasi ziren. Gaua aitzinatu ahala, Txililioak txaranga eta Gauero dantzadi taldeak ez zuten giroa apaltzera utzi.
NAFARROA zabaleko jendeak Amikuzekoekin nahasi ahal izan ziren, dantza eta kantuan elgar ezagutu, batzuentzat goizargiraino…
Egun ederra, anitza eta aberatsa bizi izan genuen. Bizirik girelako marka, eta bizi nahi dugulakoa !
Ramuntxo Kristiren bertsoak plakaren agertzean
Donapauleko eliza zaharra plaka batez dugu jantzi
Geroari so iragana ez baitugu nahi ahantzi
Ez zaio eman merexi zuen bezainbeste inportantzi
Haurrak ginela eskolan hori ez zaukuten irakatsi
Lehengo eta gaurko historia guk behar dugu idatzi
*
Burua nola berriz altxatu gerla bat denean galdu
Herri bat nola iraunarazi ondokoak badu zapaldu
Nafarroaren histori luzeak bidea erakusten ahal du
Ta hain kario salbatu zena ez dezagun merke saldu
Euskara eta gure kultura atxiki eta zabaldu
San Paulo elizaren paretan ezarri plakaren testua
1523 – 2023 NAFARROA BIZIRIK
Duela 500 urte, 1523ko agorrilaren 28an, Nafarroako Estatu Nagusiak hemen bildu ziren, zinak trukatzeko beren errege Henrike II.arekin. 1512tik Gaztelaren inbasio gerla gogorra pairatzen ari zuen erresumak, eta hego partea galdurik Baxenabarren finkatu zen. Donapaleuko herriak erresumaren hiriburutzaren ezaugarriak bildu zituen orduan, administrazio gorenak bere baitan finkatuz.
Nafartarrek, euskaldunek, gogoan dugu, 10 mendez goiti, guhauren lege eta instituzioak genituela. 500 urte berantago, gure memoria, kultura eta hizkuntza indar guziz zainduko ditugula zin egiten dugu.
ESKERRAK LAGUNTZAILEERI
Eskerrak lehenik parte hartzaile guzieri, izan dantzari, kantari, antzerkilari, hizlari, bisita gidatzaile edo bertsolari, eta nolaz ez, egun horren kausitzea ahalbidetu duten laguntzaile bolondros guzieri.
Eskerrak dirulaguntzak eman dizkiguten erakundeeri : Euskal Elkargoa, Donapaleuko herriko etxea, Departamendua eta Euskal Kultur Erakundea.
Ezin komenta gehio.