Behaskaneko itzulgunea aurten ere beztiturik ikusi dugu ! Aitzineko aldian, oroituko zirezte, dudazko estetika bat bazuen:
Baina aurtengoak ere galdezkatzen gaitu.
Nahiz ez gaituen harritzen! Alabaina bizikletaren aldeko aldarria nabaritzen da lehen xixkatik. Aldaketa -ez aldaketa ez, ez du aski katastrofista egiten- larrialdi klimatikoaren aitzinean, jende batek bizikletan ibiltzea gomendatzen du. Maleruski, bideak ez dira hortara prestatuak, eta edozoin abiatzen bada arinki hemengo bide nagusietan, taloa bezain mehe finitzeko arrisku guziak hartzen ditu. Ba omen da lege bat, bide puska bat berritzen denean, behartzen duena bizikleteri pasaia prestatzera. Ez da lege hori Donapaleun aplikatzen, azken urtean egin diren bi moldaketak lekuko (hospitale parera eta eliza saihetsera zoazte ikustera).
Beraz, performance gisako dekorazio hau, ez denez happening basa bat (aitzineko urtekoa zen bezala), hots, autoritateek baimendua oraingoan, pentsa liteke mezua bestelakoa dela, eta hala izan da, ixtapeko mekaniken koloreari behatzea aski da : gorri eta hori ! Vuelta pasatu da hemen gaindi eta hiri barnea ere gorri eta hori xingolez apaindu dute. Donapaleuko elitearen handikeri konplexa ezaguturik, ahal izan balute, bazter guziak emokatuko zituzten bi kolore horiekin, « e biba ezpaña » orroaz ezarririk herri barne eta kanpoko altxabotzetan.
Nehor ez zen agertu « hau ez da ezpaina, hau ez da ahantzia » oihukatzera, erraiteko euskaldunak ginela lehenbizi, mintzoz eta memoriaz. Errabia zonbait piztu bazen ere han-hemenka, altxabotzetarik kanpo gelditu dira.
Baina, batzutan izpirituak halako fulgurentzia batzu izaiten ditu, eta lagun batek, Donapaleuko maelstromean mainaturik dena goizetik arrats bere lanbidea dela medio, bera jainkoen baratzetik hurbil delarik beraz, eta horgo jaunttoen sigi eta sagak begi bazterrez ikusten, berak hauxe atera dit, serio itxurarekin : kolore horiek, Kataluniako esteladarenak dituk !
Diada bi aste lehenago ospatu zen Donapaleun. Agertu ziren guarda zibilak horren froga dira. Hala bedi beraz !
Uff, bulta txartzen hasia nintzen eta !
Ezin komenta gehio.