Berria egunkarian, elkarrizketa bat agertu dute karia hortara. Hona hunaraino ekarria.
«Amikuzeko paisaian sartzen ari naiz»
Zenbat minutuko programazioa ekoizten duzue egunero Donapaleuko estudioan?
Langile bakarra naiz, eta egunero 18:00etatik 19:00etara aritzen naiz. Herrietako berriketarien kronikak biltzen ditut, aktualitateari lotutako erreportaje bat lantzen dut, eta gai desberdinak lantzen dituzten kolaboratzaileekin ere mintzatzen naiz. Goizean, bestalde, Irulegiko Irratiak eta Amikuzekoak komunean dugu Nafarroa Behereko programazioa; Amikuzen jasotzen den mamia han ere pasatzen dute.
Nolakoa da Irulegiko Irratiko kideekin duzun koordinazioa?
Irulegiko Irratiko kide naiz ni ere. Telefonoa ez dugu inoiz eteten, astero dauzkagu langileen bilkurak, aste bukaerari begirako hitzorduak antolatu…
Duela gutxi jarri da martxan etxez etxeko kanpaina. Nola izaten da kanpaina horren funtzionamendua?
Kanpaina historikoa da. Otsailaren 16an saio berezi bat egin genuen hemen; bertan ziren bigarren urtez parte hartuko duen gazte bat eta 30 urte daramatzan andre bat. Kanpaina garrantzitsua da guretzat, dirua sartzen delako gastuak eta soldatak ordaintzeko. Herriko besta batzordeetako gazteak laguntzaile moduan aritzen dira. Kontua da besta batzordeek zailtasunak dituztela herrietan, eta gu haien atzetik gabiltza. Bestalde, hainbat ekitaldi antolatzen ditugu. Martxoaren 24rako dantza ikuskizun bat antolatu dugu Baigorrin [Nafarroa Beherea].
Donapaleuko estudiora joaten al da jendea?
Oraindik ez askorik. Merkatu estali batean gaude, baina bigarren solairuan. Orain arte, Kattalin Indaburu zen Euskal Irratietako erreferentzia Amikuzen, baina apustua da ni hemen Donapaleun izatea; ari naiz pixkanaka jendea ezagutzen, hautetsiekin ere harremanak egiten. Amikuzeko paisaian sartzen ari naiz.
Datozen hilabeteei begira, zein erronka dituzue Amikuzeko Irratian?
Berdin jarraitzea, lanean aktiboago izaten eta gauza berriak sortzen. Kolaboratzaile talde sendoa daukagu. Badaude gai gehiago Amikuzen jorra ditzakegunak, eta horietara iristen saiatuko gara. Eskualdeko dinamismoa bizitzen eta zabaltzen arituko gara. Laguntzaile talde bat gerturatu zitzaidan aurreko batean, tertulia bat egiteko proposatuz. Aurrera begira, ondo legoke irratia irekitzea; hor daude ikastetxeak, gaztetxea…
Nola ikusten duzu Euskal Irratien etorkizuna, bost irratien federazioarena?
Euskal Irratiak ezinbesteko tresna bat dira. Federazioko irrati batzuek 35 urte bete dituzte, eta espero dut beste hainbeste jarraituko dutela lanean. Amikuzeko Irratia bosgarrena da. Hurbiltasun bat ematen dio sareari. Adibidez, azken uneko prentsaurreko bat edo gertakizun bat baldin badago Amikuzen, ni joan naiteke.
Zubiak irratsaioan aritu zinen. Zer iritzi duzu Bidasoaren bi aldeetako irratien elkarlanaz?
Zubiak oso proiektu ederra zen, eta da. Esan behar dut Euskal Irratiak Arrosa sarearen parte dela, eta saiatzen garela kontu batzuetan elkarrekin aritzen. Antxetan ibaiko bi aldeetako hiru herri daude. Eta Irulegiko irratiak betidanik izan ditu kolaborazioak Irati irratiarekin eta Xorroxinekin. Elkarlana aberasgarria eta ona da, jarraitu beharrekoa.
Ezin komenta gehio.