BURGAINTZI taldeak debatea mahain gainera ekartzen dauku. Luzaideko bolant egunean neskek dantzatzeko bozkatu behar, Uztaritzeko kaskaroten ohiturak mutikoen artekoa izaiten segitzen, Legazpiko dantza taldeko neskek ezpatekilako dantzak egiten, Ereintza taldeko dantza ikusgarri berrian dantzari guziak gonaz, mutikoak falta direnean neskek dantzatzen, Elizondon emazteak mutil dantzan sartu zirenean gizonek alde egin zuten,… eta beste hainbeste adibide entzun eta ikusten ditugu gure inguruan. Eztabaida bizia. Baina posible dea bakoitzak – neska edo mutiko – nahi dituen dantzak dantzatzea ?
Badu zenbait urte jada, Burgaintziko dantzari batzuek beren buruari galderak egiten dizkietela neska eta mutikoen lekuaz dantzan. Nesken dantzak, mutikoek ezin dantzatu ? edo alderantziz mutikoena neskek ezin ? Gaurko egunean konprenitu eta transmititu ahal daitezke holako genero ezberdintasunak ?
Oier Araolaza Arrieta Donapaleura gomitatu dugu. Kazetari eta antropologoa da eta Dantzan.eus web-gunea sortua du, euskal dantza munduan erreferentzia dena 2002tik.
Hona zer dion berak : « Egokitzeko gaitasuna da tradizioak bizirik mantentzen dituena: lehen egin ez izanak ez du justifikatzen orain ez egitea »
Hitzaldia : Martxoaren 22an, ostiralez, arratseko 8ak 30tan, Donpaleuko herri elkargoko gelan (Auzitegi karrikan).
Huna lehen jasta gisa, bi artikulu, IPARRALDEKO HITZAk martxoaren 15ean agertuak, bat gai honi buruz Xiberon izan debate baten bildumarekin, eta bestea honara ekartzen dugun Oier Araolazaren artikulua martxoaren 15ean :
Kirola, dantza eta generoa
Oier Araolaza
Urteak dira erakunde publikoak kirolaren sustapen lanetan dihardutela. Eskola Kirola moduko kanpainak antolatzen eta finantzatzen dituzte erakunde publikoek (3 milioi euro Gipuzkoan, adibidez). Gipuzkoako Diputazioaren datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleen %80k parte hartzen dute Eskola Kirolean. Mutilen eta nesken arteko desoreka handia zen orain 30 urte (%80 gizon. %20 emak.), baina emakumeen kirolaren sustapen kanpainekin ari dira orekatzen datuak (%60 gizon. %40 emak.).
Dantza ez da kiroltzat jotzen, normalki. Dantzak ez du kirolak duen babes instituzionalik, ez azpiegitura sarerik. Hala ere, Gipuzkoan astero 10.000 lagun aritzen dira euskal dantzan. Horri gehitu beharko litzaizkieke beste dantza motak: balleta, modernoa, garaikidea, areto dantzak, kaleko dantzak eta abar. Gehienak emakumeak. Kirol estatistiketan ez da jasotzen dantzaren berri, eta, beraz, dantzan ari direnak, dantzaz gain kirolik egiten ez badute, pasibotzat jotzen dira. Alegia, dantzariak fisikoki aktibatu beharreko herritartzat jotzen dira, dagoeneko aktibatuta, dantzan ari direla kontuan hartu gabe. Aisialdirako jardueren eskaintza zabalaren erdian, baliabide eta babes urriekin lehiatzen da dantza, eta administrazio publikoa bera du lehiakiderik gogorrena, herritarrak kirolera bultzatzen baititu dantzan ari ote diren kontuan hartu gabe.
Ume guztiei gustatzen zaie dantza egitea. Musikak eragiten dizkigun sentipenak gorputzaren bidez azaleratzea gizaki guztiok dugun gaitasuna da. Ahalmen horrekin jaiotzen gara. Hazi ahala, emakume gehienek gaitasun hori landu eta garatzen dute, eta gizonezko gehienek baztertu eta desaktibatzen dute. Umeei jaio orduko adierazten diegu zein den asignatu diegun genero-identitatea, eta genero bakoitzari lotutako jarduera estereotipatuetan trebatzen dira, beraien identitatea beste generoarekiko oposizioz eraikiz. Horrela, kirola, oro har, mutilen jardueratzat identifikatzen dute umeek, eta dantza, nesken jardueratzat. Beraz, eskola kirolaren garaia iristen denean, ahalegin berezia egin behar da emakumeak kirolera hurbiltzeko, zenbait urtez neska asko aldenduta izan baita kiroletik, praktika maskulinoa zelakoan. Horrela, nagusiki dantzan aritu diren neskak kirolera bultzatzen dira, eta, hor, ordura arte kirola besterik egin ez duten mutilekin topo egiten dute.
Gizonezko gehienek emakumeen jardueratzat daukate dantza, ez dute ezagutzen, eta ez diote baliorik ematen. Ez dakite dantza, ondare kulturala izateaz gainera, osasunerako kirola bezain onuragarria dela. Arrotzak zaizkie dantzak eragiten dituen emozio eta plazer fisiko eta intelektualak, orekan eragiten dituen onurak, adimenaren, espazioaren eta dimentsioen antolaketan eta ongizate fisiko eta mentalean egiten dituen ekarpenak. Gizonezko gehienek ez dakite nola laguntzen duen dantzaren praktikak norbanakoaren garapen pertsonalean, intelektualean, afektiboan eta sozialean.
Neskek eta mutilek trebetasun eta gaitasun desberdinak garatzen dituzte hazkuntza prozesuan, baina bat-batean neskei esaten zaie gehien jorratu duten ariketak, dantzak, ez duela baliorik, eta kirola egin behar dutela. Kirola egin behar dute, beraz, gutxi egin duten jarduera bat, eta beraiekin batera izaten dira kirola besterik egin ez duten mutilak. Gainera, kirola modu lehiakorrean ulertzen da, nagusiki. Kirolaren bidez, emakumeen gizonekiko gutxitasun konplexua eta gizonezkoen nagusitasunarena indartu eta naturalizatu egiten da. Baina kontuz, gizonezko gehienek ez dute inoiz dantza egingo; ez dira arituko emakumeak trebatuta dauden jardueran, ez dute pasatu beharko gutxiago direla agerian jarriko dituen umiliaziotik.
Norbaitek azaldu diezadake zergatik ari den kirola sustatzen eta dantza baztertzen? Norentzat da hobea kirola sustatzea eta dantza baztertzea? Zergatik ez diogu dantzari duen balioa eman, zergatik ez dugu dantza sustatu eta zergatik ez dugu sustatu gizonezkoak dantzan aritzera bultzatuko dituen politika publikorik?
Oier Araolaza Donapaleun izanen da martxoaren 22an, 20:30ean, Herri Elkargoko gelan
Mutiko eta nesken lekua dantzan hizaldia emateko
Burgaintzik gomitaturik
Ezin komenta gehio.