Gaur egun denek diote, eta guk ere bai, Amikuze eskualde bitxia dela Iparraldean: 1950 arte, beste eskualdeetan bezala, laborantza nagusi zen hemen, bainan han etxaldeetarik %80a etxeko jaunak zirelarik, hemen %80a etxetiar ziren (maizter).
Konbentzituak gira gaur Amikuzen den giroak, badituela erro batzu eskualde hunen historian :
- Euskarari buruz halako ahalge bat bada, agerian bederen, euskara gehien abandonatu duen eskualde bat da,
-
Hiri nagusia (Donapaleu) eta inguruko herri ttipien arteko harremana, minbera izana da,
-
Hemen goizik eta azkarrago, aitamek ukan dute errabia bezala beren haurren eskolatzeko nahia, beren haurrak jalgiarazteko arbasoek ezagutu duten egoeratik. Ez da kasualitatea (geografikoki diferentzia izanik ere), hemen sortu bada LUR BERRI (laborantza koperatifa handia), Jean ERRECART bezalako leader bat, …
Bilakaera horrek ondorioak baditu. Ondorio txarrak (euskara, kultura, abertzaletasuna, …) eta onak (?)(ekonomian eta laborantzan dinamika, …), 50-60 hamarkadan sortuak girenek senditzen dugu barnetik. Amikuzeko zkizofrenia hau nahi ginuke ikertu (gure barneko minak sendotu..?) eta pentsatzen dugu orai dela mementua eta ordu dela: gure belaunaldiak badu zer kondatzeko, bai eta ere etxetiergoa barnetik ezagutu duen belaunaldiak ere, bainan desagertzen ari da.
Gure hipotesia
Nafarroaren konkista burutu zelarik, Donapaleu bilakatu zen Nafarroako (edo erresuma hartarik gelditen zen xoko ttipiko) hiri nagusi. Beraz 1530etik 1630 artio, Donapaleu izan da erresumako adminiztrazio zentroa. Sinbolikoa izanik ere, erregeak boterearen ikur guziak nahi ukan zituen hemen kokatu. Frantziako iraultzaren ondotik ere, Donapaleun izanik auzitegi garantzitsua, hunarat jin dira metaka bai juje, bai uxer, idazkari, funtzionario, … Haboroxiak denak eskolatuak eta aberatsak! Boterea eta sosa uztartzeak abiatu eta bultzatu du prozesu madarikatu hau: zorra, dirua ezin itzulia, auzia, etxe saltzea, kanporatzia, etxitier bilakatzea!
Gure xedea
Nahi ginuke ikerketa batzuen medioz, etxeko jaun/etxetier bilakatze horren giltza, misterioa atzeman! Euskal Herriko Unibersitatean erakasle bat kontaktatu dugu, hea gure asmoak erhoak direnez jakiteko. Hala ez bada, laguntzen ahal bagintu …
Euskaraz bixtan dena…
Herrika eta etxeka, bai eta ere Amikuze guzia orokorki hartuz, nahi ginuke lurren eta exaldeen ixtorioa ikertu, eginahala urrun joanez, lehenik jendeen memoria kitzikatuz, gero karta zaharrak irakurtuz eta notario paperrak miatuz. Paraleloki nahi ginituzke lekukotasunak bildu, etxetiergoaren ahozko (eta izkiriatuak direnak ere) legeak edo araudiak metatzeko. Hea zer argazki ateratuko den hortarik…
Gai zabal hunen edozoin partetaz interesatuak bazirezte, jin goxoan gure ganat, bada zer egin!
Ezin komenta gehio.