Neguko hotzaren freskagarria baliatzen dugu gogo eta bihotzen kuzkurtzeko, torratzeko eta berotzeko, airestatzera joan aitzin. Otsaila ihauteri aroa da ere, eta urtero plazerrez ohartzen gira jendeak halako mugimendu bat sendi duela bere gorputzean, mende eta mendeetan tenkatu erresortek bultzaturik agian. Euskara hutsez egiteaz bestalde, horra ze asmotan otsaileko lau hitzaldiko ziklo hau urtez-urte errepikatzen dugun.
Aurten ere lau izanen dira, eta hona zein izanen diren :
Otsailaren 2an
Manex PAGOLA, bizi bat kantuen sortzen
Landibarretik Euskal Herrirat, 100 kantuen altxor eskainia
Manex PAGOLArekin gaupasa, kantuz eta solasean
« Azken dantza hau », « Jakin duka berria » , « Mendiko borda » « Urtxintxak oihanean » edo « Ardiak lerro-lerro » erran orduko, belaunaldi bat baino gehiagori xaramela eta hitzen segida heldu zaio burura. Aire xinpleak, berehala gogoan sartzen direnak eta hitzak gogoari bezainbat bihotzari mintzo direnak egitea xerkatu du kantugileak, berak erranik.
1960ko hamarkadan, halako basamortu kultural batean, jende bakar batzu hasten dira kantu berrien sortzen euskaraz, sekulako iraultza ekarriz mentalitateetan, fatalitatearen antidoto gisa.
Manex Pagola horietarik da, eta belaunaldi oso batek beretuko ditu kantu horiek, agian batzuentzat jakin gabe ere nor den egilea… Arrakastaren ordaina nonbait ! Urteak jin, urteak joan, 100 bat altxorrez goiti onduak ditu jadaneko, eta oraino ari da bere xokoan, untsa egiten dakiguna ez baita holaxe uzten den langintza alabaina.
Gaualdi hortan, Manex bere gitarra besapean gure artean dukegu. Kondatuko dauzkigu bere kantuak nola sortzen dituen, zertan inspiratzen den, eta kantu bakoitzaren gibeleko ixtorioa ere salatuko dauku artetik. Eta bixtan dena, kantatuko ditugu ! Kantatuko ditugu bere kantuak, eta berak euskal kantutegian maite dituen kantuak.
Oroitzapen, emozio eta ikuspegi trukaketa gaualdi baten mentura goxoa. Are, hasi gaurdanik kantuen (arra)ikasten !
Otsailaren 9an
Euskal mitologia : zeren eta zertarako
Gure mitoek zer diote eta guhaurek zer diogu beraietaz
Anuntxi ARANA, antropologoa
Zertarako mitologia, zein izan diren haren funtzioak industria aurreko tradizioan eta zein gaur egunean. Eta zer zentzu eman gaurko gure usaietan gelditzen diren aztarnei.
Mitoak istorioak dira, gure xaharrek transmititu zituzten eta guk ere iraunarazten ahal ditugu. Euskaraz pentsatuak eta, gehienak, euskaraz bilduak izan dira: eginak prest ditugu euskaraz kontatzeko. Ikertu ere egiten dira mitoak, zorionez edo zoritxarrez, eta haien inguruan interpretazio eta teoria anitz eraikitzen dira, noiz ulergaitzak, noiz xinpleak ; ondorioz aldaketak ere gertatzen dira. Arlo horretan dena ote da haizu? Ala behar da “taxidermia”ra mugatu?
Euskal mitologia estimatzen dugu gutiz gehienek hemen eta orain. Ongi tratatua eta bizi dadin nahi badugu, hauxe izan liteke gakoa : kondairak iturrian ikasi eta gero erran.
Hona Anuntxi Arana antropologoak proposatzen digun euskal mitologiarako sargia hiru pundutan emana : ipuinek zer diote, nola baliatuak ziren eta dira gaurko egunean, eta galdera idekia, nola eta zertan balia ginezazke ?
Angeluko ikerlariak « Orozkoko haraneko kondaira mitikoak » bere doktorego tesia 1996an aurkeztua du. Honako lan hauetan ere aurki daitezke bere ekarpenak : « Bidarraiko harpeko saindua », « Mito hurbilak », « Mitoen bilakatzea », « Hilak gure artean », bai eta hainbat artikulutan.
Otsailaren 16an
Ekonomia ekologikoa : justiziazko transizio baterako
Krisi ekologikoa eta ekonomikoari nola buru eman
Unai PASKUAL, ekonomia ekologian doktorea
Unai Pascual Ekonomia Ekologikoan Doktorea dugu (2002). Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroan egiten du lan “Ikerbasque Professor” bezala. Aitzinetik, 15 urtez Erresuma Batuan egin du lan ekonomia ekologikoaren inguruan zientzilari eta irakasle bezela (York, Manchester eta Cambridge-eko unibertsitateetan, azken honetan 10 urtez). Bere ikerketaz aparte, EHko hainbat herri ekimenekin bat egiten du eta hainbat egunkari, irrati eta telebistetan iritzi emailea da. Hona nolako angelutik lantzen duen gai kon-plexu hau :
Krisi ekonomikoa eta ekologikoa puska bereko bi aldeak dira, kutx eta pila. Eremu globalean geopolitikak badu zerikusirik bi aldeetako krisi sistemikoan, eta eremu lokalean “jasangarritasun” hitza erosoegia bilakatu ez ote zaigun galdetu beharko genioke gure buruari, ez ote giren gure buruaren merke-merke lokarrarazten ari. Ekonomiaren semantika iraultzeko mementoa dela aldarrikatu beharra ez ahal dugu? Honetarako ekologiatik badugu zer ikasi erabiltzen ditugun hitzak eta kontzeptuen ondorioak zeintzuk diren ultertzeko (adib. “hazkunde ekonomikoa”, “ongizatea”). “Ingurumen justizia” gure eguneroko hiztegian txertatzen ikasi beharra dugu mundu berri bati buruz egin behar dugun transizioaren bidea ekologikoki justua izan dadin. Eta ez bakarrik ekologikoki…
Otsailaren 23an
Kurduak : ekialde hurbileko estokan hartuak
Siria, Irak eta Turkia artean, nolako gerla darabilten
Samara VELTE, erreportaria BERRIA egunkarian
Samar VELTE kazetari gaztea dugu eta 2012az geroztik BERRIA egunkariko Mundua sailean lan egiten du. Eta ardura lekura berera joan izan da, gertakariak eta jendeak hurbiletik ezagutzeko eta hango berri xuxenka irakurleari ekartzeko asmoz. Gisa hortan, Palestinan, Eskozian, Grezian, Katalunian eta Kurdistanen ibiltzea tokatu zaio toki horietan aktualitatea bero-beroenean zegoenean.
Kurduak 4 estatuen artean banatuak dira eta aspaldiko erresistentzia eramaiten dute, estatu horien egoera eta bilakaerek emaiten dizkieten oportunitateak baliatuz ahal bezala, eta maiz gerla eta bortizkeria ikaragarriak jasanez. Irakeko eta Siriako gerlak abiatuz geroztik, elementu garantzitsua bilakatu dira Estatu Islamikoaren kontrako borrokan. Gauzak fite aldatzen baitira, Errusia sartu da jokoan geroztik, eta pizu handia hartzen ari Amerikarren aldean. Turkia ere oldarrean sartua da buru-belarri azken urtean, Kurduak ahuldu beharrez alabaina.
Egoera nahasi hortan, 2011z geroztik nola antolatzen diren kurduak, nolako armada duten eta emazteek ze toki duten hortan, nola burutu zuten Kobaneko erresistentzia, eta nolakoak izaiten ahal diren etorkizuneko perspektibak Ekialde Hurbilean, horra Samara VELTEk ze solasgaiak dituzken gaualdi hortan.
Ezin komenta gehio.