Urtetik urtera, Euskal zinemaren eskaintza gero eta handiagoa da. Aurtengo uzta ere bide beretik doa, aniztasun handia eskainiz gainera.
Azken asteetan ikusi ahal izan dugu Lander Garro kazetariaren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala, intsumisio urteen inguruan.
Bestalde, urri honetan Oskar Alegriaren Zumiriki filma iparraldeko areto batzuetara heldu da. Nafartarraren harribitxi hori, Donibane Lohizuneko Sélect eta Mauleko Maule Baitha zinema geletan erakutsia izanetekoa zen azaroan eta Hazparneko « Zinegin » festibalean ere (azaroaren 27tik 29ra), filmaren ikusteko beste aukera bat izatekoa zen, konfinamendua ezarri aitzin.
Eugène Green zuzendariaren Atarrabi eta Mikelats filma Donapaleun ikusteko plazera izatekoa genuen ere azaroaren 1ean arratsez. Eskualde hauetako aktore andana bat arizana da hor. Gainera, emanaldiekin batera, Thierry Biscary, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek kantalditxoak proposatuko dituzte gaualdi berezi batzuetan, Baionan, Donibane Lohizunen eta Maulen.
Aipatzekoa ere, Lara Izaguirre zornotzar zinemagilearen Nora bigarren filmaren estreinaldia Donibane Lohizuneko festibalean egin bada ere (urriaren 5etik 11ra), datorren urteko udan hedatzea aipu dela.
2021eko urtarrilaren 6an hasiko den Pablo Agüero argentinar filmegilearen Akelarre filmaren banaketa, euskal zinemaren bizitasunaren beste froga bat da. Aurre-estreinaldi batzu eginen litezke abenduan zehar.
Ez dugu ahantzi behar, gutarik hurbilagoko gai bat tratatzen duen Camino longe dokumentala ere hor dugula Josu Martinez eta Txaber Larreategiren eskutik. Bertan Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxalus Domintxindarren Sao Tomeko deportaziotik Euskal herrira itzultzea kondatzen da.
Hori dena eta gehiago ikusteko parada emanen zaigu menturaz, konfinamendu bukaeran. Donapaleun berean, eta Donapaleun ez bada, hemendik ez hain urrun. Eta agian, hemen den zerrendaz bestalde ere badira, guk jakin gabean !
Ezin komenta gehio.