Allande Etxartek joan den urtean agertu zuen liburua, mota anitzetako ikerketen fruitua da. Artxiboetan denbora (eta km) luzeak iragan ditu, eta altxor zonbait aurkitu ere, bereziki Matalaz xiberotar apez erreboltariaren harat-hunatez. Denbora berean, bidea eginez gertatzen den bezala, xerkatzen ez diren gauzak ere aurkitzen dira, eta miatu garaia baino mila urte lehenagokoez galdezkatzera eraman du. Artxiboez bestalde, horretarako, gertakarien lekuetan ibili da, toki horien izenetan finkatu, eta hirugarren zientzia bat ere baliatu du, radiestesia, erran nahi baita ziriekin estudiatu dituela guneak, jakiteko nolako iraganeko herexak gordetzen ziren lurpean oraino.
Aurkikuntza horien guziekin ondu du bere liburua, baina ez arkeologia kontakizun hotz baten bidez, berak dion bezala ez baita historialaria, hipotesiak baizik ez dituelako ekartzen. Esku artean utzi daukuna beraz, kontakizun fikzionatu bat da hiru garai nahasten dituena : 600. urteen inguruan kokatua, Nafar erresuma sortzearen bezperetan, Matalaz famatuaren garaiko istiluena 17. mendean, eta gaurkoa, ikerlariaren traholen inguruko istorioekin, nolazbait beste bien osagarri.
Urriaren 27ko ibiakoitz goizean beraz, Allandek bere ikerketen berri ekarriko dauku, nola eta ze atzeman duen, eta nolako liburua ondu duen bildu informazioneen gure eskuetara ekartzeko. Ez dugu uste zaldiz agertuko denik, Matalazen gisara, baina bere ziriak eskuetan jinen dela hitzemana dauku, nolazbait zientzia ez-zientifiko horren ezagutza ere egin dezagun.
Aperitifa batek osatuko du Amikuzeko mediatekak eta Zabalik elkarteak antolatu goizaldia.
Huna hemen, Iparraldeko hitzak Allanderi egin zion elkarrizketa bere garaian :
“Lurrak memorian atxikitzen ditu lehen agitu diren gauzak”
Bere lehen liburua plazaratuko du laster Etxartek: ‘Matalaz ez balitz zaldiz agertü?’. Artxiboetan, historia liburuetan eta ziriarekin lurpean atzeman dituen herexetatik abiatu du kontakizuna.
Behin eta berriz errepikatzen du ez dela historialaria. Artxibo eta liburuez gain, haatik, historia ikertzen du buru-belarri, ziria eskuetan duela ere.
Matalaz ez balitz zaldiz agertü?
Pertsonaiaren galdera da: ez balitz agertu, beste gisaz zitekeen altxamendua, edo berdin jarraikiko zukeen? Hori irakurleak ikusi behar du. Arrapostua, nik, idazle gisa, airean dut. Matalazi buruz gauza berriak bildu ditut; hartaz diren gauzak bere kontrakoek izkribatuak dira; orduan, ez dira fidagarri. Ez nuen titulu gisa Matalaz ezartzen ahal, ez naiz historialaria, ez eta izan nahi ere.
Halere, historialari lanetik abiatzen da liburua.
Euskal Herriko liburuetatik banuen halako ideia bat: Matalaz aitzin-abertzale bat zela, protestanteen kontra izugarri gogorki borrokatu zela, apez fanatiko bat zela… Erretretan ikertzen hasi nintzen. Artxiboen munduan sartu nintzen, Pauen paleografia ikasi dut —oraino ere ari naiz—, eta artxiboen transkripzioa egin dut. Hiru urte igaran ditut artxiboetan. Ez da lan aspergarria, baina izugarriko denbora behar da. Hamar paper irakurri, eta batean bakarrik zerbait atzematen da. Uste nuen besteek ikusi ez zituzten gauzak atzemanen nituela. Bordeleko artxiboetan ere izan naiz berritan, eta atzeman ditut hiruzpalau dokumentu nihork ere aipatzen ez dituenak.
Beste dokumentazio lan mota bat ere egin duzu, ziria eskuan.
Hargatik dut erraten ez naizela historialaria, haboro herexalari: herexak [aztarnak] xerkatzen dituena. Xerkatu ditut historia liburuetan, artxiboetan eta ene ziriarekin ere. Herexa horien bilketa dut kontatzen liburuan.
Ziria artxiboak edo historia liburuak bezain fidagarria ote da?
Bai. Herexa bat da. Uda honetan, Gau Eskolaren ikastaldian ibili naiz ikasleekin; 23 ikasleetan, 18ek sentsibilitatea bazuten. Ez da nihaurk dudan gauza bat, sentsibilitate hori besteek ere badute.
Pentsatu ohi da ziria ura bilatzeko baliatzen dela.
Lehen ur beharra baitzen, hori da haboroenik ezagutua. Ziriarekin, lurraren memoria biltzen duzu. Lurrak memorian atxikitzen ditu lehen agitu diren gauzak: adibidez arroila bat egin bada barna eta gero tapatu, arroila hori atzemanen duzu. Ziriak bai edo ez arrapostua emanen du, baina galdera zuzena egin behar zaio.
Liburura itzuliz, aipatu duzu Matalazen altxamenduaz beste bertsio bat atzeman duzula.
Alde batetik, historialari haboroxeak bermatzen dira Lextarreko gobernariorde eta bestek Luis XIVri izkribatu gutun batean, erraten duena hemen bazela apaiz bat errebolta baten buru milaka gizon armatu biltzen zituena, eta protestanteen kontrako masakreak egiten zituela… Sei orrialdeko gutun batean, ordena ezartzea galdetzen zioten. Ene artxiboetan atzeman dut hori baino lehenago Zuberoako ordezkariak bildu zirela Bordeleko parlamentuko ordezkari batekin, erranez gazteluko soldaduak ibiltzen zirela behi bahitzen, jendea hiltzen… eta jendea altxatzen hasia dela. Beraz, aipatu gutun hori baino lehen, jendeak kexu ziren, laborari zonbait eho zituzten, jadanik hasia zen. Hartako dut erraten ez balitz agertu… Entseatu naiz esplikatzen zergatik baziren zorrak, zergatik behiak bahitzen ziren… Altxamenduaren funtsa konplikatua da.
Ez da beharbada historia liburu bat, baina historia “ofizialari” ekarpen bat egiten diozu.
Ekarpena, beharbada… hori historialariek erranen dute! Ikusiko dugu agertu ondoan. Ni kontent naiz atzeman dudanaz eta paperean ezarri baitut. Uste dut garai hori beste gisa batera konpreniaraztera ematen dudala, oraingo begiekin. Baina ez dut batere pretentsiorik, baliagarri bada baliagarri da; bestela, berdin dio. Bestalde, liburuan ez da notarik. Beti erabiltzen ditut erreferentziak, eta Internet gune batean (www.xiberoa17.eu) ezarri ditut denak. Erreferentzia bakoitzak zenbaki bat du, eta Interneten irakurtzen ahal dira artxiboak osorik. Mila bat artxibo badira Zuberoari buruz.
Oraino ere herexak xerkatzen segitzen duzu?
Bai, baina iragan mendean. Ez dakit agertuko denez, baina liburuan nahi nuen agerrarazi zer interesgarri atzeman dudan herexetan ibiltzea artxiboetan, ziriarekin… Zenbat plazer ukan dudan gauzen atzematea eta gauza horiek gure historian ezartzea.
Euskaraz idatzi duzu, eta frantsesera itzuli. Euskarazko bertsioarekin ez ote zen aski?
Bai, euskaraz egin dut, eta euskaraz baizik. Ez dut historialarien arrazoitzeko manera, ez naiz heltzen haiekin mintzatzera. Ezagutzen ditut batzuk euskara ez dakitenak eta historia lantzen dutenak. Haiei ere ezagutarazi nahi nien. Berdin zitzaidan nola argitaratu, eta aholkatu zidaten bi hizkuntzetan agertzea ale berean.
Ezin komenta gehio.