Amikuzeko gazte talde batek ekitaldi hau antolatzen du laborantzaren gai zabalari buruz ausnartu nahian, lekuko berezitasunak, amikuzekoak hots, argitan ezarriz. Klip batekin lantzatu dute beren komunikazio kanpaina, eta orain egunaren xehetasun jakinarazi dituzte. Hona nola aurkezten diguten berek.
« Amikuzen berriki arte, laborariak gehiengo zabal batean, etxetiarrak (maizterrak) ziren, lurjabeen menpeko. Bigarren mundu gerra ondoko loraldiak, oihartzun berezia ukan du beraz gure eskualdean. Horiek orok esplika dezakete gaur egun laborantxa egiteko dugun manera nagusia.
Gure ekosistema, elikadura eta nola ez, osagarria, laborantza eta bere praktiker xuxenki lotuak direla badakigu, eta bestalde, laborantza hau ezin dugu aztertu gaur egungo sistema mundialetik aparte (produktibismoa, merkatu librea,…). Horiek hola, gogoeta zonbait piztu zaizkigu :
Zein da gure lekuko laborantzaren egoera ? Zendako hautu hauek eginak izan ziren ? Laborari guziek lortzen ote dute molde honetan bizitzea ? Herritar eta kontsumitzaileok zer egin dezakegu ? Ba ote da alternatibarik ? »
Hastapenean, egun osoko egitarau bat moldatua zuten, bazkaria, bertsuak, zirtzilen kantuak eta kontzertu batekin. Neurri sanitarioen zorroztearen ondorioz, mintzaldietara bakarrik mugatu dute egunaldia.
Urriaren 17an, ibiakoitzez, hitzordua goizeko 9ak30tan emaiten dizuegu, elgarrekin kafe baten partekatzeko.
Lehen hitzaldia : Laborantza eta laborariak nekezian, zer egin ?
Laborarien egoera orokorrari buruz arituko zaigu SOS Indartu elkarteko kide den Peio Iralur, batez ere nekez ari direnen gainean zentratuz. Batzuentzat sektorea ongi badabil ere, batzuk prekaritate handian bizi direla ikusten dute elkarte horren kideek, hau da, egunerokoan laguntzen entseatzen baitira.
Horren aitzinean, zer egin dezakegu, kontsumitzaileok ? Marc Badal ikerlariak Euskal Herriko kontsumo ereduak aztertu zituen, bere lanaren aurkeztera etorriko zaigu.
Bigarren hitzaldia: Atzoko laborantza eredutik, gaurko loraldira.
Jean Michel Berho laborariak, bigarren gerla mundiala eta gero plantan jarria izan den laborantza eredua aurkeztu ondoan, azken urteetan agertzen diren eredu ezberdinak aipatuko dizkigu. Mathieu Etchegaray-ek bere esperientzia kondatuko digu lekukotasun bezala.
Frantsesez ariko diren hizlarientzat, zuzenezko itzulpenak segurtatuak izanen dira.
Segurtasun neurriak errespetatuak izanen dira. Bakotxak maska ekar dezala.
Ezin komenta gehio.