Frantziak sinatu baina berretsi nahi ez duen xarta, Itsasuko herriaren bultzada dela medio 47 herrik izenpetu dute. Amikuzen hor ditugu Aiziritze, Amenduze, Donapaleu, Gabadi eta Uhartiri. Bost hogeita zazpiren gainen !
Ateak ez dira hetsiak, gehiagok egiten ahal dute oraino.
Bruselatik etorria zen arduradun baten elkarrizketa agertu dute Berria egunkarian.
Irakurrazu hain urrundik jinik gutaz hain hurbil den andere horrek zer dion.
Claudine Brohy. Hizkuntzalaria
«Denbora irabazi behar dugu arriskuan diren hizkuntzei begira»
«Gora euskara eta gora hizkuntza aniztasuna!», hitz horiekin agurtu zituen Claudine Brohy hizkuntzalariak (Friburgo, Suitza, 1956) joan den astean Europako hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko 49 herrietako ordezkariak. Friburgoko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, eta Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren jarraipena egiteko aditu batzordean parte hartzen du, Suitzako ordezkari gisa. Telefonoz erantzun die BERRIAren galderei, Estrasburgora joan aitzin. «Anitz atsegin dut euskaldunek hizkuntzarekiko duten engaiamendua», adierazi du, Itsasuko (Lapurdi) ekitaldian bizitakoari begira.
Estatu batzuek ituna izenpetu eta berretsi zuten; beste batzuek izenpetu bai, baina berretsi ez. Nola kudeatzen duzue?
Ituna berretsi dezaten motibatuz. Kontaktuak baditugu herrialde horiekin. Italiarekin, adibidez: hizkuntza gutxitu andana dituzte, aberastasun handia… Oraindik urrats hori egin dezaten motibatzen ditugu. Beste bidea da tokian-tokian engaiamenduak obratzea, hizkuntza gutxituen tokiko itunen bidez. Hori da Euskal Herriak egin duena.
Estatuaren engaiamendua eskatzen du Europako itunak.
Baina aztertu behar da zer obratu daitekeen maila lokalean. Gauza anitz egin daitezke, hezkuntza, ekonomia edo gizarte arloan; eskualdeak edo herriak gauzak egin ditzake maila horretan. Itunaren berreste bat prestatzeko balio izan dezake, baina baita hainbeste ez itxaroteko ere. Galtzen dugun urte bakoitza, hizkuntza batzuen kasuan, komunitateak galtzen du.
Botere zentrala saihesteko manera izan daiteke?
Interpretazio bat izan daiteke hori. Baina botere zentrala motibatzeko ere balio dezake. Erakutsiz posible dela eta hizkuntza ofizialari ez diola ezer kentzen; Frantzian, frantsesari ez dio deus kentzen. Egin daiteke. Eskualdeko hizkuntzak atxiki edo sustatzeagatik, frantsesa ez da arriskuan, eta ez du horregatik jendeak frantsesa okerrago jakinen. Ez dio ezer kenduko nortasunari; nortasunak pluralak baitira beti. Denbora irabazi behar dugu arriskuan diren hizkuntza batzuei begira.
Zer irizten diozu Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituei buruz duen jarrerari?
Badira gauza anitz egiten direnak, hezkuntza arloan esaterako. Bada, batetik, borondate oneko jarrera bat; baina bada uzkurtasun bat estatu mailan gauza gehiago egiteko. Domaia da, ez baikaude urrun. Nire ustez, bateragarri da [Frantziako] konstituzioarekin. Badira sei hizkuntza Frantzian, bada ondare aberats bat; zinez domaia iruditzen zait azken pauso txiki hori ez eman ahal izatea.
Zerk esplikatzen du uzkurtasun hori?
Frantziaren tradizio historiko luze bat da: hizkuntzak nazio eraikuntzarako duen funtzioa, frantsesak duen pisu handi hori, biziki normatua, biziki bateratua, komunikazio tresnatik harago doana, eta tresna identitario izan nahi duena. Baina badakigu aniztasun bat badela, eta horrek ez duela ezer kentzen. Uste dut historiatik ere esplikatzen dela, Frantziako Iraultzatik. Baina ofizialki lau hizkuntza dituen herrialde batetik heldu naiz ni, eta ohartzen naiz hizkuntza aniztasunak ez diola ezer kentzen nortasunari, Suitzako nazio kidetasunari. Posible da.
Zer dakar gizarte eleaniztun bat izateak?
Onartu behar da hizkuntza horiek mintzatuak eta erabiliak izatea lurraldean, ikusiak izatea bide seinaleetan, entzunak izatea irratietan, telebistan, prentsan, Interneten… Existitzeko eskubidea onartu behar zaie, ikusgai eta entzungai izan daitezen leku guzietan. Herritarrak bultzatu behar dira hizkuntza horiek erabiltzera administrazio aitzinean, nahiz eta denbora pixka bat gehiago eskatzen duen eta pixka bat gehiago kostatzen den. Indar horiek egin behar dira, baina irabaziak ere badira: atsegin pertsonala, demokrazia, pertsonen burujabetza, aniztasun kulturalaren aberastasuna… Eta egiteko modukoa da erabat.
Ipar Euskal Herriko 49 herrik hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetu dute. Zer erakusten du?
Biziki harro nago egin duten lanaz: 49 herri dira desmartxa hori egin dutenak, biztanleekin mintzatu direnak, erronkak esplikatu dituztenak, disposizioak hautatu dituztenak… Oldar ederra da. Hunkitua eta harro nengoen hor egoteaz, eta gainerako herriak eta Euskal Hirigune Elkargoa animatzen ditut ituna izenpetu dezaten. Jende zoragarria ezagutu dut, eta lanean segitzera animatu nahiko nituzke.
Izenpetzearen sinbolikotasuna azpimarratu dute anitzek.
Hizkuntzarekin beti bada alde sinboliko bat, nortasuna eta kidetasuna ukitzen baititu. Baina uste dut sinbolikotik harago doala, biziki konkretua baita. Urrunago joateko gida bat da.
Zer laguntza ekar diezaieke Europako Kontseiluak herriei?
Babes tekniko bat eskaini dezake. Badira trukeak Estrasburgoko idazkaritzarekin. 49 herri hauen jarraipena eginen dugu, eta txosten bat idatziko dugu lehen hamabi hilabeteak pasatu ondotik. Orain, ordezkari politiko batzuek hartu dute engaiamendua, baina gure helburua da ordezkaritza hori edo giroa aldatuko balira ere engaiamendua atxikitzea. Horregatik, inportantea da jarraipen ziklo bat baino gehiago izatea.
Hizkuntzaren gaia gatazka iturri da Frantziako Gobernuarekin. Zer sustengu ekar zenezakete herrien eta gobernuaren arteko talka bat gertatuko balitz?
Printzipioz Europako Kontseiluak ez du zuzenean esku hartzen. Frantziak erran du posible zela tokiko itunak plantan ezartzea. Ez litzateke arazorik egon behar horri begira. Europako Kontseiluak goxoki berretsi dezake ontzat eman dela tokiko neurriak hartzea. Baina Frantziaren barne arazo bat da. Bretainia interesatua da, eta Korsika interesatua da; beraz, segi dezake. Eta, bistan dena, Euskal Herria animatzen dugu Frantziako Estatuko beste komunitateak informatzera.
Ezin komenta gehio.