EUSKAL HERRIAN EUSKARAZek antolatu hitzaldi sorta ALDAKA gaztetxeak ekarrarazi du Donapaleuraino. Eneko BIDEGAIN, erakasle eta idazleak ‘Hizkuntza eta Lurraldea’ bere liburuko solasak aurkeztu zizkigun, ongi neurtu eta landu hitzaldi batetan. Artetik erraiteko, ohargarriko power-point bat baliatzen du, marrazki eta argazki ezinago eder eta iradokitzaileekin. Baina hori erranik, gaia potolo bezain seriosa da. Bere hitzak ez ditugu honara ekarriko, horretarako liburuari lotzea gomendatzen baitugu. Baina gaualdi horretan harrotu gaien harira, eta gai ainitz hunki ziren, gauza bat argitu da bederen : nazio estrategia ahulekin bagabiltza aitzina, gureak eta gure hizkuntzarenak egina duela!
Bukaeran izan zen parte hartzaileekilako solasetan, agertu zen garbi, Jose Manuel Odriozolak zabaldu konzeptuen bidetik, etnologiako atxikimendua zela garatuen gure artean, nolazbait frantses edo espainol ikuspegitik onargarria den euskaltasun bat, heriotz usainekoa, baina bizigarriaren ustekeriakoa egunerokoan. Horren kontrapuntuan, nazio ikuspegia ginuke behar, estrategia nazional batetara behartzen gaituena!
Ideiak, oharrak, diagnostikoak, errealitatea bera, hor dira arrazoinaren finkatzerakoan. Nola lot xantierrari, horra ausnarketaren ondoko urratsa… Agian, gauzak beren izenez deitzea eta begiak zabalik ibiltzea, urrats horietarik lehena da jadanik.
Ostirale arratseko 8etan, Aldaka Gaztetxean, ENEKO BIDEGAIN, idazle eta kazetariak hitzaldia eskainiko du ALDAKA gaztetxeak eta EUSKAL HERRIAN EUSKARAZek gomitaturik.
Hizkuntza politika eta lurralde politika lotuak dira. Hori ezagun da administrazioan, kulturan eta, oroz gainetik, ekonomian. Ekonomiaren hizkuntzak sekulako eragina du euskaldunen arteko mugimenduetan, mapa mentaletan eta euskararen egoeran. Euskararen egiazko estatusa dago horren gibelean : zenbateraino ematen zaion leku sinbolikoa eta zenbateraino baztertzen den. Testuinguru horretan, euskararen egoerari buruzko estatistiken irakurketa kontrajarriak egin litezke.
Horra zeren inguruan gogoetatzera gomitatzen gaituen ALDAKA gaztetxeak Euskal Herrian Euskarazekin, Eneko BIDEGAIN, erakasle, ikertzaile eta idazlea gomitatuz gure akulatzaile lanetarako.
Hemen entzungai duzue ZUZEU atarian, Eneko Bidegainek beste batzuekin izan solasaldi bat gai hauen inguruan. Emankizunaren bigarren partean suertatzen da, zehazki 37. minututik aitzina. Klika.
Ezin komenta gehio.