Azaroaren 10etik 23ra, euskaraldia aitzin berotuko ditugu motorrak Baxenabarren. Bi urtetarik, lurraldeko herri elkargoek lehen, Euskal elkargoak orain, ekitaldi andana egitea proposatzen diete herriko etxe eta elkarteeri, hizkuntza lehen planoan ezartzeko beti ere. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta ez da aise neurtzea euskararen aldeko jarrera – ulertu ikasteko eta erabiltzeko gutizia – indartzen duenez, eta egiten badu zenbateraino, herritarren baitan, elkarteen ibilmoldean, enpresen egunerokoan edo herriko etxe eta instituzioen mailan. Agian, hizkuntz politika -eta aldaketa soziala begistatzen duen edozoin politikentzat egia da hau -, egiterakoan diagnostikoa da abiapuntua : zenbat, noiz, nork, nola, nun erabiltzen, ikasten, motibatzen du euskara. Ondotik, helburuak finkatu, epe finkatu batean heltzeko gisakoak, mailakatuak, neurtzeko gisakoak. Hartu deliberoen eta plantatu neurrien ebaluatzeko gisan, eta orientabide berriak hartzeko gero helburu berriak lortzeko…
Orain arte ez da alde hortarik hartu gaia, bakoitzak egiten du mementoan-mementoko bihotz-kolpe, bulkada, interes eta akomodamenduen arabera. Hemendik aitzina, beste vitezia baten pasatzeko mementoa jina da menturaz, ofizialtasun zerbait edo ezagutza ofiziala egiteak zerbait sentsu izatekotz alabaina.
Anartean, hona hemen Amikuze mailan ze ekitalditarako gomita luzatua den 2018ko Euskararen Urtaro honetan :
Zineman :
– ‘Nur eta herensugearen tenploa’, animazio filma azaroaren 14 eta 18an. Juanba Berasategi zinegile aitzindariaren azken obra, joan den urtean jalia. Damurik, egilea, emaitza definitiboa ikusi aitzin hil zen.
– ‘Oreina’, Koldo Almandozen lehen luzemetraia azaroaren 19an. Donostiako zinemaldian estrenatua izan da aurten, zointan migrante magrebiar bat eta bi anaien arteko harremanak harilkatuak diren beren gozo-gazian.
– Zinegin festibalak ere film egunaldi bat proposatzen dauku, azaroaren 25ean, igande arratsalde guzian, hiru filmekin : Basque selfie, Mai da bai eta ezetzik ez dago, Margolaria.
Aiziritzen
Joko gaualdia proposatzen du AEK-k azaroaren 13an, asteart astiriko 7etan.
Indar mintegian
‘Sare sozialak eta euskara’ tailerra eskaintzen du Bixoko komunikazio agentziak, azaroaren 15ean, arratseko 8etan.
Arberatze Berroan
Azaroaren 15ean, ostirale arratseko 8etan, ‘Jendeak’ antzerkia eskainiko du Ildoka taldeak, Arberatze Zilekoa eta Behaskane Lapisketako herriko etxeek gomitaturik.
Mediatekan
Azaroaren 17an, goizeko 10ak30etan, lehen mundu gerlari buruzko erakusketa eta hitzaldia izanen dira, Maider Bedaxagarren eskutik. Mediatekak eta Amikuze genealogie elkarteak antolaturik.
Egun berean, arratsaldeko 3etan, tailer desberdinak izanen dira gau eskolak, ihiztariek eta Celine Mirailhek eskainirik. Herriko etxeak antolaturik.
Agian, ez dazkigun beste gauza batzu ere antolatuko dira. Atxik beharriak xut!
Ezin komenta gehio.