Uholde haundien ondotik, garbiketa lan larrienak eginak dira Donapaleun. Haatik uraren desmasiak luzaroan egonen dira kaltetuen etxe eta gogoetan. Hamabost egun pasatu dira eta herriko besten tenorea dugu. Bizitzak jarraitzen duelako, behar duelako jarraiki, eta besta gorputzen eta arimen ilunduren libratzeko mementoa delakotz ere agian, larrialdiak larrialdi, « the show must go on » ! Herriko gazteen gana joan gira. Besteak beste, Amikuzen bultzatu nahi dugun « Besta euskaraz egin nahi dut » kanpainaren partaide dira. Luixak gogotik erantzun du gure galdereri, nolako mitxarekin diren esplikatzen daukula.
Joan den urtean aipatzen zen komitea geldituko zela bestekin batera, beti hor zizte aurten, zer pasa da ?
Badu zonbait urte gazte kopurua besta komitean murrizten ari zela, gazte berri gero ta guttiago hurbiltzen baitzen urtero. Hori ikusita bizpahiru urtez entseatu gira Donapaleuko gazteeri gutunak bidaltzen elkartean sartzera gomitatzeko. Jaz elkartearen egoera zinez kezkagarria bilakatua zen, elkarteak ezingo zuela segitu pentsatzen hasiak baikinen ere. Donapaleuko herriko etxeak sustengatu gaitu bere aldetik gazteak xekatuz, eta iduriz ibili da, 10 bat gazte komitera hurbildu baitira gure laguntzeko. Jende gehiagorekin komitea berriz partitu da beraz, agian luzarako.
Ikusten dudanez gazteak komitean sartu dira, integrazioa untsa pasa da ?
Integrazioa ongi pasa da bai. Badu urteak gutti gora behera ber taldea ginela elgarrekin lanean artzen, beraz segur aldaketak batzutan zailtasunak ekartzen ditu, baina orohar taldean ongi integratu dira.
Besta horiek bereziak izanen dira izan diren uholdeekin zuk nola ikusten dituzu ?
Besta bereziak izanen dira segur, gehienek joan den astean izan diren uholdeak buruan ukanen ditugu. Espero dugu jendea beste urteetan bezainbat hurbilduko dela Donapaleuko karriketara. Nere aldetik uste dut, manera batean, halako manifestazio baten mantentzeak jendea aintzina segitzen laguntzen ahal duela. Edozein gisaz gure aldetik, komiteko gazteak, pesta ahal bezain politen eskaintzera entseatuko gira.
Jakin da programaren parte bat anulatua izan zela, eta horren barnean « Tout Roule » delakoa, bi hitz erraiten ahal ditutzu hortaz zeren eta lotura ez baita ikusten…
Egia erran, bildu gira ikusteko zein animazio mantentzen ginituen, zein ez. Tout-roule-ari dagokionez badakigu parte hartzaileei prestaketa lan luze bat galdegiten duen animazio bat dela. Uholdeek eragin dituzten suntsitzeek garbiketa lan erraldoi bat galdegin dute Donapaleuko herrian eta inguruetan. Pentsatu dugu jendeak etzuela baitezpada karroen eraikitzeko gogo edo denborarik ukanen. Hortarako aurtengo Tout-Roule-a baztertzea deliberatu dugu.
Aurten ikusi dut baduzuela parte bat zuen programean nun aurkitzen ahal diren itzulpen batzu frantsesetik euskarara, euskara bultzatzeko molde bat bestetan ? Zertan da euskara bestetan?
Donapaleuko pesta komitea gisa batez badu urteak entseatzen dela euskara bestan sartzera bere komunikazioak elebian eginez. Itzulpen ideia hori gure desmartxan naturala iduritu zaigu batez ere umorearekin egina baita.
Bukatzeko zer dira zuen proiektuak etorkizunerako ?
Etorkizuna elkartean sartu eta oraindik sartuko diren gazteen esku da. Neri gibelera begiratzean iduritzen zait proiektu politak eraman ditugula pesta komitearekin izan dadin kalitatezko animazioak eskainiz ala tokiko elkarteekin eta batez ere Aldaka gaztetxearekin harremanak bultzatuz. Espero dut elkarteak ber bidean segituko duela baina erran bezala : etorkizuna ondokoen esku…
Milesker Luixa
Ezin komenta gehio.