Hona ekartzen dizuegu, Ipar Euskal Herriko HITZAN 2025/12/05ko alean agertu gure artikulua.
Atxikimenduak ez du derrigor erabilerarako bulkada bermatzen. Nola esplika bestela mende batez, edo hiru-lau belaunaldiz, euskararen erabileraren gain behera, ehuneko ia ehunetik % 10ez petik jaustea gaurregunerako (iparralde osoa arnasgune eremuan kokatzen omen zen duela 100 urte, hegoaldeko kostalde osoa bezala). Gainera, ikusten dugunaz, euskarari buruzko atxikimendua goratzen ari da euskararen erabilera apaltzen den denbora berean.
What the fuck ?! Ez bide gira konplexu ttipia garraiatzen ari bizkar gainean !
Azken aste eskasetan, prentsa idatzian eta irratian elgarri oihartzunka arizan diren hiruzpalau ele entzun dira. Ditugun kontradikzioen sintoma argiak dira, eta gibelka joatera bultzatzen gaituen koka-ezintasunaren seinale.
Batek jali du elkarrizketa baten karietara erranaldi hau, irratietaz mintzo zela : « frantsesari ematen zaion minutu bakoitza, euskarari kentzen zaio ». Logikoa da eta ulertzen da, hizkuntza ez-hegemonikoen kasuan nolaz ez !1.
Ateraldi horri aitzi, handik fite jali bi iruzkinek atentzioa piztu didate. Biek goraipatzen dute euskaran zentratzeaz kanpo, multikulturalismoak egiten digun ekarpen baliosa. Alegia, euskaraz-kanpoko ekarpenak baditugu beharrik, hor dira beste kultura eta hizkuntz zapalduak, edo inperioak « munduko kultura » bezala deitzen dituen herri kolonisatuen mohikanotasuna ziliportatzen diguten doinu eta portaera kulturalak.
Ideia horren harira, euskaraz den minuta soberak kanpoko aberastasunaren hutsegiteko arriskuan ezartzen ahal gintuzke. Ez zaigu burura jiten euskaratik har ginezazkela delako ekarpenak ? Ez dugu ikusten frantsesetik zaizkigula heltzen aberastasun horiek ? Bide hortarik jiteak ez dizkigu ber durduzak sortzen dirudienez… Frantsesaren aldeko politikak multikulturalismoaren aldekoak dira bistan da, baina dena egina da frantsesaren erabilera orokorra segurtatzeko.
Beste ideia komun batek dio kondutan hartu behar direla batzuk ez dakitela euskaraz : « arrazoin desberdinen gatik gainera, hizkuntza transmisioa galdu izan da »… eta hori dela medio normala da euskal kultura hizkuntz erabileratik kanpo pentsatzea.
Populazio ia oso batek 100 urtean jakitetik ez jakitera egin duen jauzia zerk eragin duen aipatu gabe egon daitekea ? Ez ote da politika baten eta programazio jarraiki eta fermu baten ondorio, konstantziaz obratua bai helburuetan bai eta baliabideetan, edozein dela estatuaren politiko eta ekonomiko egoera.
Hizkuntza baten -noski euskararen- erabileraren suspertzea ere helburuetan eta baliabideetan konstante izan behar den politika baten premian da, eta politika horren funtsa erabileran finkatzen da. Erabileraren bidezko atxikimendua sortzeko.
Berriz jiteko gure eskizofreniara, arazoak ditugu onartzeko euskarak ere, frantsesak bezala, eskubide dituen bi zutabe obratzea hartze dituela : unibertsalaren parte izatea eta salbuespen linguistiko eta kulturala aplikatzea uneoro eta luzaroan.
Frantziaren roman national2 delakoak hirugarren zutabe bat badu : misio « zibilizatzailea », kolonialismoaren abrekeriaren justifikatzeko balio duena oraino. Azken honen kontra gira biszeralki euskaltzaleok, eta nolaz ez, izpiritu irekia dugunok.
Hipotesi bat formula dezagun : mamu horrek gure alde humanoenean pizten duen kulpabilitateak ote gaitu berarekin batera lehen bi zutabeen eskubidearen aihergoan ezartzen, erabileraren unibertsalisazioa aipatzen den ia aldioro ? Norbaitek euskararen erabilerari lehentasuna ematea galdetzen duenean, gure baitako frantses xintxoa dea deseroso senditzen ?
Nola esplika bestela hainbeste atxikimenduk erabilera izorratu ahal izatea !
1. Macron presidenteak ere Villers-Cotterêts-en egiten duelarik bere diskurtso famatua frantsesaren alde 2023/10/30ean, eta « eskualde » hizkuntzak seinalatzen dituelarik bere hizkuntzarentzat landder animale gisara, gainera estatu batasunaren etsaigo gisa aurkeztuz, zentzuzko logika berdinarekin dabila : frantsesari kendu minuta oro galdua da frantsesarentzat. Gaiztakeria puntu batekin dabila halere, egiazko landdera frantsesarentzat ingelesa delako eta ez gure hizkuntzak, ikusiz beren egoera ; baina bego, adibideak gure solasaren ilustratzeko balio du.
2La fabrique du roman national-républicain, Olivier Le Cour Grandmaison (Editions Amsterdam)
Ezin komenta gehio.