Haize beltza (Txalaparta 2025) Amaiur Epher idazle eta musikari garaztarraren bigarren eleberria da, Maiatz etxean argitaratutako Profeten iruzurra eta gero.
Hertzainak taldeak badu kantu bat Ispiluaren aurrean izenekoa, eta halaxe agertzen zaigu Haize beltza eleberriko protagonista, ispiluari parez pare. Amaiur Epher idazle eta musikari garaztarraren bigarren eleberria da. Haizea, areago haize beltza, doinu eta norabide aldaketen iturri da, bai eta aieru gaiztoen iragarle ere. Haizea bezala dabil firin-faran nobela honetako protagonista gaztea, Tomas, euskal literaturan nor izan nahi duen idazle pedante, etsitu eta kexatia, iparraldekoa deitua den ekialdeko loser bat bera. Ironia handiz eta bere buruaz trufa eginez, Tomas estakuru bila ari da bere hirugarren nobela izanen den horren idazketa atzeratzeko, batari eta besteari aholku eskatzen, prozesu kreatiboa behartzeko bidaian partitzen, buruan ere haize okerra sartzen zaiola. Bere ezinei jarraituko diegu irakurleok eta, bidean, literaturari, idazketari eta laguntasunari kantu bat aurkituko dugu, azken ehun urteotako kultur genealogia bat osatuz bidenabar.
Solasaldia 2025eko azaroaren 29an, goizeko 10etan, Donapaleuko mediatekan iganen da. Ondotik trago bat xipza eta kakahuetekin.


Ezin komenta gehio.