Usuenik, jendeak zirtzilen jokoa du komentatzen libertimendutik jalitzean. Baina, agian Donapaleuko berezitasuna izanen da, dantzariak ere famatzen dituzte han hemen entzuten ditugun solasetan. Burgaintzikoak eta beren lagun Gabadiarrak, Xabi Aintzibururen gidaritzapean, kategoria berezirat helduak direlako marka menturaz. Dakigularik duela hamar urte antrexanten egiten ikastetik hasi behar izan zutela gutiz gehienek, horrek berak erakusten du nolako bidea egin den otsaileko eguzki xuri eta mingarren begiradapean…
Aurten, dantzan.eus webgunekoak etorriak ziren egun pasa, baina ere erreportai andana egitera gure jei zaharraz. 1989ko Aiziritzeko kabalkadaz jadanik ainitz irudi gordetzen ditu jadanik webgune horrek, Euskal Herri guziko mila xokoetakoen saihetsean. Zinez bisita merezi duen gunea dantzaz jakinmin zerbait duen nornahiren ganik, eta bestela ere, begien eta beharrien plazerrarendako baizik ez bada.
Huna hemen aurtengo libertimenduaz egin dituzten erreportai andana jarraian:
– Nola dantzatu jauziak antrexantekin (Andoni Irigoienekin)
– Euskaldunak eta sorginak, bolant-dantzak Donapaleuko karrikan
– Zirtzilen lekua hartu dute Amikuzeko bolantek
– Aiziritzeko kabalkada 1989an
Zirtzilen lekua hartu dute Amikuzeko bolantek hurrengo negura arte
2018/03/01 10:45
Libertimendua ospatu dute igandean Donapaleun; Amikuzeko zirtzilak, bolantak, bertsolariak eta musikariak irten dira kalera eta neguan zirtzilena izan den plaza, bolantek beragantu dute. Mattin Irigoien bultzatzaile eta antolatzaileak azaldu digu Amikuzeko inauteriek bi aldi dituztela, Santibate, otsailaren 3an ospatu zutena eta libertimendua, otsailaren 25ean ospatu dutena, « gauza bera da, festa beraren parte dira, salbu, bi aro erakusten dituzte. Berpiztu den erritual honek bi pertsonaia mota ditu, baditu bolant-dantzariak eta baditu zirtzilak ».
Santibatea, zirtzilen gaua da, neguko festa. Zirtzilak, eskean ibiltzen dira ostatuz ostatu. Zirtzilak basatiak dira, ilunak, bihurriak, askeak, kritikoak… ahotsa dute eta hori baliatzen dute munduaren interpretazioa egiteko. Bolantak, berriz, langileak, gazteak, dotoreak, ederrak… dira, baina horiek ez dute ahotsik. Libertimenduko egunean irteten dira zirtzilen lekuaren bila, « zirtzilek hartu nahi zuten plaza hori, bukaeran, bolantek beretzen dute beste negura arte ».
Eguzkiarekin batera irten da kabalkada
Udaberriaren, eguzki berriaren ordezkari dira bolantak. Eta halaxe izan da, bolant-dantzariak aurtengo lehenengotako eguzki printzekin batera, zeru urdin-urdinaren azpian, irten dira Donapaleuko kaleetara, « kabalkada inbasio bat bezala da, dantzariek hiria hartzen dute eta finkatzen dira plazan ». Goizeko 10:30ak aldera ekin diote kabalkadari; oraindik hotz zen, baina ekiaren goxoa nabaritzen zen. Zapurrak, makilariak, banderariak, basandereak eta bolantak, zuzen eta dotore musikarien doinuei jarraitzen. Eta denen atzetik, zirtzilak, ikuslea zirikatuaz, korrika, builan, zalapartaka…
Donapaleuko kaleetan zehar ibili dira, tarteka geldialdiak egin eta dantzariek zein zirtzilek beren abileziak erakusteko tartea izan dute. 11:00ak pasatxoan iritsi da kabalkada plazara. Plazara iristean zirkuluan kokatu dira dantzariak, plaza, errituala gertatzen den eremua mugatzen dute. Dantzariekin batera, publikoak ere biribila osatu du. Irigoienek dio herritarrak, denbora berean ikusle eta parte hartzaile direla, « irriarekin edo irri ezarekin, baina parte hartzen dute ».
Plaza hartu dute
Emanaldiko protagonista nagusiak zirtzilak dira, bederatzi gazte plazaren jaun eta jabe egin dira. Pertsona politiko gisa gazte izatetik plazarako saltoa egiten dute, gizartera jalgitzen dira. Zirtzilen ahotsetik munduaren, gizartearen interpretazioa egiten dute, beraien angelutik erakusten digute mundua, errealitate ofizialarekin bat egiten ez duen mundua, « zirtzilen angelua ez da horren zuzena, diziplinatua edota kamustua ». Bost saiotan banatu dute emanaldia eta egun pil-pilean dauden hainbat gai landu dituzte, besteak beste, hegazti gripea, ETAren desarmea, Gobernuz Kanpoko Erakundeen lanak, gazteen aisialdi eredua, eraso sexistak, gizonen eta emakumeen rolak, Etxarriko gaztelua, udalaren eta epaitegien jarrerak…
Zirtzilen saio bakoitzaren ondoren, bertsolarien txanda heldu da, Irigoienek dio libertimenduan bertsolarien papera garrantzitsua dela oso, bertsolariak hirugarren populazioa edo dira, zirtzilen eta bolanten arteko sintesia, « bertsolariek elea dute bolantek ez bezala, zirtzilek ere badute elea baina kontrolaezina da. Bertsolariek kontrola dute hitzean, baina badute libertatea ere« .
Bertsolariak isiltzen diren bakoitzean dantzariak sartzen dira plazara. Nafarroa Beherean ohikoak diren bolant-dantzak dantzatzen dituzte. Makilariak ere izan du bere ahala erakusteko aukera. Emanaldiari amaiera dantzariek eman diote, zirtzilen lekua hartu dute bolantek, udaberriarekin batera herria, plaza bereganatzen dute hurrengo neguan, zirtzilak itzuli arte.
2009tik urtero gauzatu dute
2009an berreskuratu zuten Amikuzen libertimendua. Ez dakite seguru noiz galdu zen, ez dakite libertimendua bera ere inoiz egiten zen, baina bai antzeko gauzak, Santibate erako eskeak, toberak... Urte gutxi batzuk lehenago Garazin berreskuratu zuten eta hango forma eta funtsa oinarri hartuta ausartu ziren Amikuzen ere. Kitzikazank antzerki taldea, Burgaintzi dantza taldea eta Gabadiko Iruski dantza taldea elkartu eta ordutik urtero atera dute libertimendua. Aurten, guztira 60 pertsonak hartu dute parte. Irigoienek azaldu digu sakabanaturik eta frantses hizkuntzaz gainditurik dagoen komunitatea lotzeko tresna dela libertimendua, « funtsezko ideia hizkuntza plazaratzea da. Euskal kulturaren eta hizkuntzaren eszenifikatzea da. Mundu elebidun eta frantsesaren baitan, hitza hartu eta ahalduntze efektuan indarra ikusten diogu libertimenduari. Euskara ikasi dutenentzako, hizkuntza bizitzeko aukera eta espazioa sortzen da« .
Libertimendua amaitu eta bazkari ederraz gozatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek zein bertaratu ginenek. Bazkal ondoan ere, festak jarraitu zuen, ez zen falta izan dantza, kantu eta irririk. Urteroko erronka, hurrengo urtean ere libertimendua antolatzea izaten da, taldea bildu eta lanerako gogoa duen jendea animatzea. Prestaketak libertimendu ondorengo astelehenean bertan hasten omen dira berriro, munduari zirtzilen begietatik begiratzen.
Ezin komenta gehio.