Ihauterien aroa dugu. Europa zahar guzian, eguberritik martxo apirilera arte, konfunditzen dira eguberri, urtats eta ihauterien aroa. Olentzero bera ez da zirtzil hastial eta zikin horietarik baizik, abertzaleismo neo-klasikoak papa-noeltzen duen arte.
Hemen, Baxenabarre deitzen den lurralde huntan, Santibate eta Libertimenduak bereizi ditugu. Garazi aldean famatuagoak dira, baina lekukotasunak bildu-doi Banka kaskoan, nola Oztibarre aldean, hala Amorotzen gaindi ere jakiten dugu etxez-etxeko eske-kantuaren errituala egiten zela joan den mende hortan gaindi.
Dena dela, duela 7 urte (arra)hasirik, aurten ere Amikuzeko gazteri batek bi hitzordu finkatu ditu.
Lehena Santibate, helduden urtarrilaren 24an iganen da. Azken 4 urteetan bezala, gazteak maskaturik ibiliko dira Donapaleuko karriketan « Santibatek andere… » kantatuz, bertsuak botatuz eta ahoratzen ahalko dituztenetaz asez, leher eta zapart egin arte. Kasu, hau ez da ikusgarri bat, bizitzeko gauza bat baizik ez, eta gazte zirtzilez eta zirtzil gazteez kanpo, nehor ez da gomit ! Lekuan berean eskertuko dituzte Donapaleuko ostalerrak eta elkarteak beren bihotz onarentzat (eta prefosta, madarikatuko atea idekiko ez dietenak oro!).
Handik 2 aste, Libertimendua izanen dugu. Otsailaren 8a, igande goizeko 9ak30etarik aitzina, karrika ibilaldiarekin abiatuko dena. Burgaintzi eta Iruski taldeetako bolant mutiko eta neskak jadanik antrexanten trebatzen ari dira. Amikuzeko txaranga ere aire berrien ikasten, dantzariek manaturik! Ez dira segurki kikiltzekoak zirtzil ahobero eta ahalgezungarrien aintzinean, eta aurten ere fida dira fueratuko dituztela kalapita egileak gure hiri kapitaletik, bakea eman dezaten helduden negua arte bederen…
Pesta haundia izanen ahal da aurten ere, eta jadanik zuen izenak emaiten ahal dituzue bazkarirako (edo hemendik beretik, edo deituz 06.81.51.96.83). Kantu, bertsu eta gazteri beroa segurtatuak dira.
Ezin komenta gehio.