gutarik bakotxak hizkuntza ainitz ukan ditzazkegu, euskarak gu baizik ez gaitu …

Nor gira

ZABALIK elkarteak, bere 2012ko buruilaren 15ko biltzar nagusian helburu hauen inguruan finkatzen du bere egitekoa :

« (…) euskararen erabilera biziko urrats guzietan lagundu eta hedatzea (…), berezikiago Amikuze eskualdean :

  • Euskalguneak sortu eta bultzatuz edozoin motetako ekintza eta iniziatiben bidez,
  • Elkarlana eta koordinaketa errextuz ideia beraren haritik dabiltzan jende, elkarte, talde edo gune publikoen artean,

  • Bizi publikoan eragina duen edozoin aktore publiko nahiz pribaturi buruz joanez, bakoitzaren egun orotako lanaren ondorioz euskararen erabilera ahalbidetzeko eta normalisatzeko norbanako eta taldeen urrats guzietan. »

Otsail ostegunak, 1997tik otsail guziez antolatzen dugun mintzaldi-zikloa, nolazbait gaurko ZABALIK-en aitzindari (minimalista) izan da.

2011an, kideak gogoeta gorrian ari ginela helburu eta antolamenduari buruz, AMIKUZEko euskalgintza bildu zuen « Amiñi bat kanpaina » antolatu genuen, 6 hilabeteko harroaldi bat eman nahirik gure asmoari.

Kanpaina hori ZABALIK elkartearen partaide naturalekin antolatu genuen :

  • Amikuzeko ikastola : 1971tik AMIKUZEn ikastola bada Donapaleuko Zaldi-Xuri auzoan. 2001az geroztik egoitza berrietan kokatzen da. 70 bat haur eskolatuak dira bertan.

  • Amikuzeko gau eskola : 1981ean egituratzen da elkartea, baina urte zenbait lehenago ere kurtsoak emanik izan ziren. Urtetik urtera, 50 bat ikasle badabiltza hor barna gure hizkuntzan trebatzen.

  • ALADAKA Gaztetxea : Duela orain 7urte Aldakak Amikuzeko gazteei (eta ez hain gazteei) zuzendutako animazio ugari proposatzen dituela, izan dadin kontzertu, proiekzio, eztabaida, ala besta…

  • KITZIKAZANK antzerki taldea : 2006an sortua, talde honek gela antzerki pare bat eman izan ditu, eta 2009az geroztik Libertumenduaren ospakizuna segurtatzen du ihaute-aroan.

  • Amikuzeko Musikariak elkarteko Gait’amik eta Txaranga.

  • KILIMON joaldunen elkartea.

ZABALIKen 2013ko Biltzarrean, xede berriak abiatzea deliberatu dugu. Hauetan aipagarrienak, mintza-pratika taldeak sortzea lagun taldeen baitan, Amikuzeko historia soziologiko baten ikerketa bultzatzea, toki izenen behatoki baten sortzea eta webgune honen abiatzea.

Webgune hau Amikuzeko euskalgintzaren xerbitxuko sortzen dugu, dela euskara oinarri duten gertakarien aurkezteko, gogoeten zabaltzeko, ala han edo hemen ber gisan antolatuak direnen berri honaino ekartzeko.

Ekintzen paraleloan, gogoetari tokia eman nahi diogu, eta sentsu horretara, soziolinguistikaren alde desberdinak jorratuko dituen formakuntza zikloak antolatzeko xedea dugu.

Euskaraz bizitzea (edo ez) gure esku ere dago, eta guhauri dagokigu esku horren altxatzea.