ZABALIK elkarteak, DONAPALEUko herriko etxearekin partaidetzan, NAFARROAko erresumari buruzko memoria lan bat eramaiten du, NABARRALDE Fundazioa eta HERNANI ERROTZEN elkartearen laguntzarekin.
Memoria ezabatua izan zaigu osoki, eta bilatzen hasi orduko, hemen toki eta gertakari garantzitsuak izan direla ikasten dugu, herri gisa markatzen gaituztenak, herri egiten gaituztenak.
Ondorioz, udatik larrazkenera, oroimen eta pesta hitzordu batzu eskaintzen ditugu, Bideak gunean den erakusketarekin batera.
Horietan gorena, NAFARROA BIZIRIK PESTA EGUNA : 1523ko agorrilaren 28ko Estatu nagusietako biltzarrak aktatzen du NAFARROAko erresuma Baxenabarreko lurraldera mendratua dela, Gaztelaren inbasio bortitzaren ondorioz. Ordutik, eta ia 200 urtez, bere administrazio gorena DONAPALEUn finkatzen da, IRUÑEA galdurik, nolazbait bere hiriburutza hemen finkatuz.
Argazkia : San Paulo eliza, erresumako Estatu Nagusien bilgunea
2023ko irailaren 09ko pesta egunerako,egun osoko egitaraua osatu dugu. Hona hemen :
KONFERENTZIAK : Goizeko 10etan, BIDEAK gunean, 3 konferentzia labur eskainiko dizkigute bedera historialari ikertzaileek (itzulpen automatikoa segurtatuko da)
– 1523/08/28ko estatu nagusien aktaren agerpen komentatua – Alvaro ADOT
– NAFARROAKO erresumaren 10 mendeen historia, sortzetik eta desegiteraino – Beni AGIRRE
– 1512ko Gaztelaren inbasio gerlak Baxenabarren gaindi egin desmasiak – Peio MONTEANO
OROIMEN AKTA OFIZIALA : Eguerdiko 12etan, San Paulo elizan, non ere bildu baitziren Estatu Nagusiak 1523an, oroimen plaka bat ezarriko dute antolatzaileek, kantu, bertsu, dantza eta soinuz beztiturik.
BISITA GIDATUAK : 2etan, DONAPALEUko parte zaharraren bisita gidatua segurtatua izanen da hiru hizkuntzetan (euskara, espainol eta frantsesez). Euskarazkoa bertsulariek komentaturik izanen da. Abiatzeak TOUZAA etxetik.
KARRIKA ITZULIA : Arratsaldeko 4etan, Amikuze eta Kanboko ziganteak, Baigorriko gaiteroak, Ortzadar Iruñeko dantza taldea, Oinarin Antzuolako dantza taldea, Arizkungo Ezpata Dantzariak, Burgaintzi Amikuzeko dantza taldea, Kilimon joaldunak, … Nafarroa zabaleko dantzari, gaitero, zigante, txaranga, joaldunek DONAPALEUko karrikak airostuko dituzte :
NAFARROA BIZIRIK IKUSGARRIA 5etan : Eskainiko dugun ikusgarriak gure tragedia kontatuko du dantza, soinu eta kantu bidez. Karrika itzulian ikusi dantza taldeak gure lurralde zabaletik jinak izanen dira, gure ainiztasun eta bizitasunaren ekarle. Kantuak gure errepertorio aberatsekoak izanen dira eta ikusgarriaren haria segurtatuko dute. 44 amikuztar 4 multzotan ari dira gogoz haien prestatzen.
Ikusgarriaren haria : duela 500 urte gure erresuma subiranoa zen. Inbasio gerla krudel bat pairatu behar izan zuen Espainiako Gaztelaren partetik. Ondorioz, NAFARROA garaia galdu ondoan, BAXENABARRE baizik ez da gelditzen bere lege eta instituzioen kokaleku. Oraino ia bi mendez, gure bidea jarraikiko dugu nafartarrek, galdu partea berriz eskuratzeko ametsari nehoiz uko egin gabe. Azkenik, Frantziako iraultzak azken independentzia zantzuak ehorzteraino. Zer gelditzen zaigu geroztik historia hortarik ? Hizkuntza bat segur. Kultura bat berdin bizia. Baina memoria emeki-emeki lanbrotuz joan zaigu, debeku eta ahanzturen artean galdurik.Baina, bizi-nahia beti hor da !
BESTA HERRIKOIA : Besta eguna izatea nahi dugu, gure euskal-nafartasunaren pizgarri eta erakusle. Eguerdian bazkaria prestatu dugu 100 bat lagunentzat (25€ izena emanez aitzinetik, deitu lekuak mugatuak baitira 06.78.22.57.78). Gainerakoek herriko ostatu desberdinetan badukete parada ezin hobea.
Astirian, ostatua, taloak eta beste Amikuzeko ikastolak, gau eskolak eta gaztetxeak antolatuko dituzte, eta berant arte animazio, jauzi, dantzaldi eta kantatzeko aukerak izanen dira, txaranga desberdinekin : Burgaintzikoa, Txitxilioak, Gaitamik. Gauean dantzaldaia GAUERO taldeak segurtatuko du.
BASO BERRI BILKETA : Antolatzaileek pentsatu dugu aski plastiko badabilela naturan barna. Gure etxeetako armairu zokoetan lo dauden baso berrien biltzea proposatzen dizuegu, ez beti baso berri eta plastiko sortzen aritzeko. Beren eskaintza egin nahi dutenak aski dute meil bat idaztea zabalikelkartea@gmail.com -era.
Ezin komenta gehio.