Hara !
Manex liburutegiko katalogoa hemen duzue, 4500 liburu edo dokumentuen xehetasunekin. Webgunean sartzean ezin duzue hutsegin : gaineko menu barran klika eta bere bilatzailearekin agertuko zauzue. Bilaketa edozoin sartzetarik egin daiteke : idazlea, titulua, argitaletxea, urtea, erranaldi osoekin edo berdin hitz batekin bakarrik.
Liburutegi hau Donapaleuko mediatekan kokatua da, eta ostirale arratsalde oroz idekia da. Nahi izanez geroz, beste gisan ere kontaktatzen ahal gaituzue, menu-barran ageri den « Harremana » sarreratik adibidez.
Eskertu behar ditugu hemendik liburutegi honen xutik atxikitzeko xinaurri lana egin duten hainbeste jende, bai eta gaur honen ardura duten Josianne eta Margitta.
Eta zu irakurle, ez duda, hurbildu eta biziaraz dezagun gune hori!
****
Iparraldeko Hitzak elkarrizketa bat egin dio Josianne gure liburuzainari. Hona hemen artikulua :
Erdozaintzi Etxarten obrak, sarean
Donapaleuko mediatekan den Manex Erdozaintzi-Etxart liburutegiko katalogoa numerizatu dute. Publiko oro joan daiteke, ostiral arratsaldez eta zalu larunbat goizez
Manex Erdozaintzi-Etxart Donapaleuko liburutegiak funtsaren katalogoa digitalizatu berri du; www.manexerdozaintzi.com gunean nornahik du eskuragarri. Badu hamar urte Zabalik elkarteak idazle zenaren liburuak Donapaleuko mediatekako sala batean begiratzen dituela, publiko orori irekia.
“So egizu: Vocabulaire de mots basques bas-navarrais traduit en langue française. Donibane Garazin notario zen Ibarlako M. Salaberrik egina, 1856an! Zer euskara ederra zen liburu zaharretan! Zer zehatza! Hori dut laket!”, dio Josianne Eiheramuno liburutegiaren koordinatzaileak orduko hiztegia esku artean duela. Orriak hostokaturik, demagun, espare hitzaren definizioa irakurri du: etzana den euli mota honek bero handietan kabala adardunak ziztatzen ditu. “Guk? Eulia erranen genioke! Ez dugu hiztegia hain aberatsa!”. Bigarrena ere ekarri du mahai gainerat, arta handiz: J.P. Daranatz hazpandarraren 1877ko Guidaria edo escu liburua francesez eta escuaraz mintzatzen eta letra eguiten ikhasteko; “obra horiek garai hartako maneren herexak dira, konparazione, nola tratatzen zituzten haurrak; liluragarria da!”, gehitu du, begiak borobil-borobil.
Mediatekaren gune zabala zeharkatuz, korridorean, eskuinetarik kukutzen da xuxen-xuxen 4.535 dokumentu dituen liburutegia. Ez dirudi gela xumeak hainbertze lan bil ditzakeenik. Alta, koordinatzaileak badaki zertaz mintzo den; denak ongi sailkatuak baitituzte, Estatu Batuetako Dewey sailkatze sistema ezagunaren arabera egina baitute, zeina idazlearen deituraren lehen hiru hizkien eta lanaren generoari dagokion zenbakiaren arabera antolatuak baitira.
Alde batetik, azpimarratzekoa dena aldizkarien bildumen osotasuna da: Zeruko argia; Argia aldizkaria 1981etik 2003ra arte; Euskaldunon Egunkaria-ren lehen bortz urteak; Herriz Herri astekari guziak, Enbata, Ekaitza, Larrun, Ateka, Euskadi información aldizkari politikoak; Herria astekaria; Ekaina; Gure Herria 1921etik 1976ra arte; Revue internationale des études basques; Euskal museoaren agerkaria 1927az geroztik; Elhuyar zientzia aldizkaria 1974az geroztik; Euskaldunak 1947tik 1981era arte; Jakin, Egan, Filología vasca, Zabal, Anaitasuna; Erlea; Maiatz…
Bertzaldetik, liburuen genero aniztasunak orotariko gaiak hunkitzen ditu: egungo euskal literatura, poesia eta antzerkia; psikologia eta filosofia; erlijioari buruzko 250 obraz goiti; gizarte, politika, hezkuntza, lan eta eguneroko biziari buruzko bertze 250 bat obra; hizkuntzak eta partikularki euskara, gramatika, hiztegiak eta euskalkiei buruzko 200 bat lan; zientziak, landareak, kabalak eta natura; historia, geografia, bidaiak eta herrialdeez 300 bat obra…
Bistan dena, Erdozaintzi-Etxart zenaren lanak ere eskuragarri direla: apalategi oso bat begiratua dute horretarako. Bertan, bizi zeno argitaratu zituen hiru liburuez gain, Hinki hanka (Elkar, 1978), Gauaren atzekaldean (Elkar, 1982) eta Herri honen erraietan (Maiatz, 1985), eta bere heriotzaren 10. urteburuaren karietarat Maiatz argitaletxeak Bizitza pilpirak eta ondotik Nafarroari poema irekia Herri honen erraietan (1994) plazaratzeaz gain, sekula argitaratu gabeko esku izkribu andana ediren daitezke: olerki, gutun, sermoi, artikuluen zirriborroak… Oro, zehaztasun ohargarriz paratuak. Azken horiek Euskaltzaindiak digitalizatu ditu, 2009az geroztik. Gainera, idazleari buruzko ikerlanak eta tesiak ere aberasten dute zerrenda. Ororen buru, liburutegiak daukan gutiz gehienak, euskaraz franko, frantsesez ere, baita espainolez ere, euskara edo Euskal Herriarekin du lotura. Eiheramunok, edukiaren aniztasunaren salagarri, bere gustukoak diren bortz obra hautatu ditu: Itxaro Bordaren Bizitza nola badoan (1984); Jean Pierre Duvoisinen Laborantzako liburua edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean (1858); Leon Leonek euskararat ekarri La Fontainen alegiak Elena Tuyarouk bilduak: Alegia deus ez! (1994) eta Xalbadorren Odolaren mintzoa (1976).
Eiheramuno Juan Jose Iturriotz fraideari buruz eskerdun agertzen da. Izan ere, berak baitzuen Donapaleuko frantziskanoetan Erdozaintzi-Etxarten liburutegia begiratu eta sailkapena hasi, ondarea “salbatuz”. “Beharrik hor zen! Bai eta Margitta Mathieu, dokumentalista lan ikaragarria burutu baitu Zabalik elkarteko bulegoko kideekin batera: Pelle Errezarret, Mattin Irigoien, Aguxtin Epherre…”. Geroago, Zabalik elkartea herriko etxeak fraidetegitik kanpo ezarri zuelarik, dokumentu guziak arta handiz atera zituzten. Gune baten beharrez, Amikuzeko herri elkargoarekin hitzarmen bat izenpetu zuten mediatekako gela horren baliatzeko; “gune publikoan gara, plaza gainean, ez baikara zoko batean izanen, ez!”. Liburuen kopuruaren %80 baino gehiago idazle zenarena da; haatik, geroztik emanak izan diren obrak ere badaude.
Herri ukatuaren poeta
Itxaro Bordak hala deskribatzen du Erdozaintzi-Etxart fraide eta idazle ibarlarra Eusko Jaurlaritzarendako burutu zuen biografian: “Marxista, euskaltzale, abertzale, sozialista, iraultzaile eta kristau”.
Ezin komenta gehio.