Santibate egina, orai Libertimendua
Joan den ibiakoitzean, Amikuzeko 50 bat gaztek bazterrak harrotu dituzte Donapaleun barna. Zahar etxetik hasirik ostatuz-ostatu ibiliak dira gauean barna, maskaturik, beltzaturik eta kantu, bertsu eta irrintzinen eskasik gabe. Ongi etorriak izan direnetan, jan eta edan dute ausarki (ukanak oro alabaina). Zahar etxeko langile ekipa eta Trinketeko, Lafiteneko, Xabieneko eta Lakozteneko ostatuek esker beroenak merezi dituzte. Ohar berezi bat sasi-bertsulari multxoari, jarrai bezate bide hortarik eta memento onak biziko ditugu oraino luzaz!
Santibate igana da beraz, eta orai Libertimendua izanen da otsailaren 8an, igandearekin. Usaia hartu dugun bezala, goizeko 10etan kabalkada abiatuko da Donapaleuko 4 sartzeetarik batetarik, aurten Aiziritzeko sargiatik. 11etako Abere merkatu plazara helduko dira Burgaintziko eta Iruskiko dantzariak, Kitzikazankeko zirtzilak, Amikuzeko txaranga eta bertsulariak. Aurtengo libertimendua jokatuko dute barranban eta 12ak 30ak iriko mutxikoak dantzatzen ahalko ditugu denek, plaza gureturik primadera beroagoen esperantzan. Ondotik, pestak Airetik gelan jarraikiko du, bazkariarekin (izenak eman gaurdanik otoi 07 82 19 03 03), eta arratsaldeko giro beroan kantu, bertsu eta dantzak ez dira falta izanen.
Amikuzeko ikastolako burrasoek dute Libertimenduetako bazkaria apailatuko. Hitzordua emana da 13.00-ean, Donapaleuko Airetik gelan. Bazkaria 13-€tan (hera entsalada, zikiro azpia ilarrekin, sagar tarta, gasna, kafea, arnoa barne). Haurrentzat menu berezia 6-€tan.
Negua finituko dela eta primadera hobeak jinen direlako antolatzen da pesta hau. Ez hutsegitekoa beraz.
Ezin komenta gehio.