Ari dira lanean dantzariak, ari lanean zirtzilak, eta agian bertsulariak ere. Amikuzeko, Euskal herriko eta mundu guziko jende xintxoak ere urte luze batez arizanak dira lanean, beste hainbeste ahalgerik gabeko itsuskeri eta ezinegon sortuz denetan. Ordu da ihauteri hauetan bazterrak garbi ditzagun, eleak xuri, gauzak beren lekuan utz ! Horien solas izanen dute zirtzilek Donapaleun, otsailaren 19an, igande goizez, eta dantzariak gainetik pasatuko zaizkie beste behin, gauzak heinean gelditzea inporta baitzaie, bertsulariek sintesia potable bat egiteko gisan…
Goizeko 9ak 30etan, miñu kartierretik, frantxixkanoen komentu ohi ondotik abiatuko da kabalkada, bizpahiru tokitan jauziak emanen, eta 11etan abere merkatu plazan libertimenduko emanaldia eginen da. Aldizka, bolantek, zirtzilek eta bertsulariek tripan dutena beren jendarteari erakutsiko dute eta oren batean denek betan mutxikoak emanen ditugu Amikuzeko eta Burgaintziko bi txarangek lagundurik.
Ondotik, gomit gira ikastolak apailatu bazkariaren gozatzera, Airetik salan. Han pestak jarraituko du, kantu dantza eta bertsu artean. Izena emazue gaurdanik hemendik beretik meilatuz edo deituz Pettan (06 81 51 96 83).
Santibate gaua arras ederki igan zuten Amikuzeko zirtzilek, ostatuz-ostatu ibiliz otsailaren 04eko ibiakoitz astiritik goiti. Trikitia lagun, aurten ere sasi-bertsulari andana atrebitu zen kopla moldatzera, zortzikote bat osatzeraino. Urterik-urte ikusten dugu zaletasuna eta atrebentzia gora doatzila, eta horrek, tripotek eta garagardoek bezainbat berotzen gaituzte! Dolu bakarra, usaian baino gazte gutiago hurbildu izana. Baliteke hizkuntz zaletasunak beste zaletasunen heinean ez goratzea, baliteke jendartean zikin eta trapu agertzea ez asumitzea, edo ez ulertzea garbia ere zikinak egiten duela (eta zikina garbiak!), baliteke aurten elur ainitz izana eta lerraguneetan izaitea the place to be azkarrena, … baliteke denetarik eta agian beste zerbait! Anartean, ihauteriak ospa ditzagun ospa egin ez dutenekin..
Biba ihauteriak beraz !
Ezin komenta gehio.