Buruilaren 26 huntan, elkarteen eguna zen Donapaleun. Beste 27 elkarteen artean ZABALIKekoak ere han ginen. Gauza handirik ez baitugu ez saltzeko ez eta erakusteko (nun ez diren gure lanpelektrika buruak), zerbait lekuaren gainean eta han zen jendearekin osatzea pentsatu dugu. Orri zuri handi bat paretan ezarri, Laure Gomez-i galdegin zuhaitz trunko buluzi baten marraztea (eskerrak berriz berari), eta egun osoan pasatzen zen jendeari galdegin dugu hostoen ezartzea, bakoitzak bere gogoko hitz edo marrazki bat emanez gainean. Jendea gogotik sartu da jokoan, bakar batzu urrunagotik so egon badira ere, baina ekintza ikusgarria izan da, sortzen zuen dinamikaren partetik baizik ez bada ere.
Erran behar da urrunetik abiatzen girela. Jadanik antolakuntza taldean lortu ginuen gutienez idatziak eta publizitatea elebitan emanak izan zitezen, animazio batzu ere denek kantatzeko eta dantzatzeko izan zitezen, ikusgarriaren logika hausteko amiñi bat, eta bizitzearena aitzinean emaiteko. Ez dira urrats erabakigarriak, baina euskaratik urrun, edo euskara gainditua dela pentsatzen duen ainitzen sudur puntan ezarri ahal izan dugu gure hizkuntzaren gai zentrala : izaitekotz, izan behar duela ! Omore ona eta jostetarekin batera, ikusi ahal izan dugu begitarte zenbait argitzen zirela, inkontzienteki bada ere, jokoan dena fite ulertzera usatuak baigira, onargarria den baino gehiegitan gure barnekoa ixildurik uzterat behartuak giren hauek.
Gure helburuetan euskarazko gune hegemonikoak sortzea bada, jendarte osoari buruz sentsibilisazio keinuak helaraztea ere bada. Gure esperantza da, bestela usteko ez ziren batzuk, motibazio aski bil dezaten, ausart diten ikasterat, erabiltzerat, beren haurren eskola hautua egiterat, …
Elkarteen egun horiek bost urteetarik egiten baitira, epe pollita da ikusteko ea zertan eta zenbat aitzinatuak izanen giren alde hortarik.
2019a arte beraz, ikusiko orduan ozka bat gorago abiatzen dugun lurralde galduetako abentura hau !
Ezin komenta gehio.