Lohitzüne, ene herria.
Lohitzüne-Oihergi Amikuzeko kantonamenduko herrixka bat da. Mendi tontor baten gainean pausatua, eliza, pilota plaza, trinketa eta herriko etxea dituena. Berriki ere, ostatu batek ateak berriz zabaldu ditu. Nik zazpi urte daramatzat herri horretan bizitzen: Lohitzüneko Suhia auzoko Xemiateya etxaldean.
Herritik kanpo jinak garen gazteak gara gu. «Kanpotarrak» edota «arrotzak», euskara garbian erraten den bezala. Horrek ez du kendu gure plantatzeko nahiak interesa piztu duela. Eta, hola-hola, etxaldea eta etxebizitza saldu zizkiguten laborari senar-emazte batzuek, haien haurrek laborantzatik bizi nahi ez baitzuten. Baina senar-emazteek segida bat eman nahi zioten etxaldeari, zer-nolako instalazioan izanik ere, etxebizitzak familia berri bat ukan zezan. Biziak irautea Xemiateyan.
Geroztik hala da. Lohitzüne-Oihergiko Xemiateian kriaxera ahate hazkuntza muntatu genuen 2019an. Bi gazte partzuer egin gara etxaldea joanarazteko, Gaec Beti Aintzina izena harturik. Hastetik buru, guhaurek egiten dugu dena, ahate hazkuntzak suposatzen duen guzia: ahateak kanpoan hazten ditugu, pentze eta alor eremu zabal batzuetan; horien elikatzeko behar diren arto, soja, tritikal edo babak etxean ekoizten ditugu; aterpe batean atxikitzen eta zaldarea fabrikatzen; ahateak gizentzeko leku bat ere badugu muntatua; gure hiltegia ere badugu eta ondotik ahatearen txitxiak hazkurri bilakarazteko leku bat guhaurek altxatua.
Etxalde ttipia dugu, bi gara hartarik bizi garenak, eta aprendiz batek ere laguntzen gaitu egunerokoan. Lohitzüneko herriak harrera ona egin digu haste-hastetik. Hastapenean gure instalazioak eta laborantza joanarazteko moldeak herritarrak eta auzoak harritu zituzten. Alabaina, nahi genuena errespetuz egiterat utzi digute. Guk ez genekien Xemiateyan plantatzean zer-nolako auzoekin egin beharko genuen gure eguneroko bizia. Funtsean haiek ere ez, ez zekiten zer-nolako jendea ukanen zuten auzo gisa.
Nekeziak bestalde utzirik, beste gisako memento batzuk ere badira, eta bizi ditugu Lohitzüneko herrian. Memento maitagarri eta oroigarri batzuk. Urte guziz herriko gazteak heldu zaizkigu etxe kurri, bi baso edaterat eta arteki eta arroltze azieta bat jaterat. Gazteek herriari duten atxikimendua erakusten digute une horietan, herriko istorioak kontatzen dizkigute, eta auzo herrietakoak salatzen… Goxo da herriko gazteria uros ikustea. Umore onez eta irriz beteak diren plazer partekatu anitz dira memento horiek.
Paper hau irakurriko duenak aise konprenituko du Lohitzüneko herrian bizi izateak on duela. Herri bizia da Lohitzünekoa, herritarrek herria maite baitute eta hari duten atxikimendua egonkorra delako. Lohitzüne-Oihergi Euskal Herriaren parte da. Euskal Herriko herrixka bat da. Luzaz holakoa egon bedi!

Ezin komenta gehio.