1997an abiatu ginuen abentura, eta aurten ere bere alea utziko dauku. Lau ostegun, lau hitzaldi, arratseko 8ak30etarik 11ak arte, tragoa eta bere bixkotxa barne. Formula ezagutzen duzue engoitik, euskaratik eta euskaraz bizitzeko nahikariak bultzaturik antolatzen dugun hitzordua…
Irri ixtorioak : gure ahozko literaturatik
Otsailaren 07an, Maialen Moreno Zubeldiaren eskutik
Maialen Moreno Zubeldia itzultzailea da gaur lanbidez ; bere filologo doktore tesia irri ixtorioen gai huntaz egina du.
Etxera bidean
Otsailaren 14an, XAMARren bidaia adolezentziatik haste, edo aetz gazte belaunaldi baten berreuskalduntzeaz bi solas eta lau ele
XAMAR (alias Juan Karlos Etxegoien) ezagutzen dugu euskarazko dibulgazio liburuen bidez :« Orhipean » eder hura, « Orekan » hizkuntzen ekologiaz ari zena, « Euskara jendea » liburu eta dokumentaletan dena, eta « Etxea » argazki ederrez hornitua. Baina ezagutzen dugun Xamar euskaldun honek, beste bizi bat izana du lehenago. Frankismo beltzean sortua, Aezkoa hotzeko Garralda herrian, gaztean ez zekien euskara bazenik ere. Guk ere badakigu hortaz zerbait : ia bi belaunalditan hizkuntza desagertu da bizitza sozialetik. Jakobinoen pean, maltzurkiago agian, baina frankismo pean egunetik gauera, debeku latzaren pean.
Adolezentzia, mundura irekitzeko aroa da, eta 70 -80 urteetan piztu zen giroak lagundurik, Garralda herriko gazteak ohartzen dira beren zaharrek, galdutzat utzirik ere, euskara jakitun zirela. Ohartzen dira toponimiak zerbait diola beren izaiteaz. Eta bakotxak bere moldean, euskal nortasunerateko bidaia abiatzen du. Kulturaz eta bere ezaugarriez jabetuz, euskara ikasiz, mintzatzen hasiz, harreman sare berriak lotuz, … etxerako bidea eginez !
Bidaia hori dauku kondatuko XAMARrek, eta bidaia bali, akulturaziotik jali den belaunaldi osoaren harat-hunata kundatzeaz bestalde, gure hizkuntzaren berreskuratzeko beharrezko ditugun energia eta baliabideetaz ariko zauku, ahal den bezainbat tranpa eta ilusiozko bideak agerian emanez. Hori guzia solas librean, hurbilduko direnek, berak bezainbat dakitelako gai huntan. Bederen, berak hala dio !
Angula ustelak
Otsailaren 21ean, Ainhoa Intxaurrandietaren esperientzia edo nolako ustelkeria den politikan, gure etxetik hurbil
Ainhoa Intxaurrandieta
Zineman dira ikusten gisa hortako ixtorioak : intriga eta azpijokoak, jukutria ilunenen gordetzeko ordinagailuak ixilka hustea, gaiak epaitegira desbideratzea politiko debate sanoaren itxurak eginez, … Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek beren larruan bizi dute gisa hortako serie txarreko gertakarien arrosarioa.
2013an, Bilduk Gipuzkoako Diputazioko eta herriko etxe gehienen giderrak eskuratzen ditu. Aitzineko legegintzaldian EAJk erraustegi proiektu bat bultzatu zuen, gosta ahala gosta. Zeinu guziek erakusten zuten gain-dimentsionatua zela, eta nolazbait abiatua zen birziklatze mugimendu azkarraren kontrako norabidean zoala, urte luzeetako zorpetzeak bestelako alternatibak behargabetu lezazkeelarik gainera. Tema gaiztoaren gordetzera ere ez dira entseatzen, ezen botere aldaketaren bezperan, baldintza ezin sinetsietan izenpetzen baitituzte delako erraustegiaren obratzeko kontratu guziak. Bilduk engaiamendu horiek asumitu behar ditu lehen egunetik, eta halere, heltzen da negoziatzera proiektuaren gelditzea. Lau urte berantago, EAJk eta PSEk boterea berreskuratzen dute. Bigarren erraustegi xede bat bultzatzen dute, baina ez zaie aski, Bildukoeri pagarazi nahi diete afruntua, eta kario. Auzitegira deitzen dituzte Ainhoa Intxaurrandieta, GHK, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko buru ohia (iparraldeko Bil ta Garbiren pareko herriarteko sindikatua), eta Iñaki Errazkin Diputazioko Inguramen Diputatu ohia. 100 miliun! Bizi batean ordain ez daiteken dirutza eskatzen diete, lehen erraustegi proiektua geldiaraztearen kalte-ordain gisa.
Azpi-jokoen dantza horren aurkeztera jinen zauku Ainhoa Intxaurrandieta, nola pasatu den eta zertan den gaur. Baina galdezkatzen du ere, nola bozken bidez boterea legitimoki lortu izana gatik, indar ekonomiko batzuk sekulako boterea dutela, eta ez zaiela axola ez interes publikoa, ez bestela pentsatzen duten jendeen errespetua, edozein metodo baliatuz beren abantailerako. Demokrazia hitza ahobeteka erabiliz bistan dena.
ZAD-a bizi dutenen ahotik
Otsailaren 28an, Iñaki Etxeleku, Notre Dame des Landes-tik, okupazio esperimentazioaren lekukotza ekartzen
Iñaki Etxeleku, Berria egunkariko kazetaria da, Ipar Euskal Herriko Hitza astekarian, bereziki. Denbora eman du zad-en bizitzen, hango protagonistekin harremanak sortzen. Liburu batekin itzuli da, hango kideen lekukotasun zintzoa ekarri nahian. Notre-Dame-des-Landes, borroka leku eta esperantza sortzaile da. Aireportu proiektuaren kontrakoa izaitea baino aise zabalago doana. Hango okupatzaileek, jendartean bizitzeko beste molde batzu pentsatu, obratu eta bizitzen ari dira. Eta galdera potenteak jiten zaizkigu segidan parera. Hona liburuaren kontrazalean, Beltza adiskideak nola aurkezten dauzkigun :
« Nola bizi, ekoiztu eta trukatu kapitalismoaren kontsumo eta alienazio legeetarik bereiz? Nola kudeatu egunerokotasuna eta gatazkak, larderiarik gabe, delegazio alderdikoietarik aparte, demokrazia zuzenean eta berdintasunean? Eta, beste mundu posible baten promesa dakarren esperientzia hori haustera etorriko den estatuaren indarrari aurre egiteko, nola antolatu erantzun azkar eta eginkorrak? Iñaki Etxeleku ZADen egon da, eta han direnei galdetu die. Jendeak lañoki erantzuten du, argitasun harrigarriaz. Sentitzen dutenaren gibelean sumatzen dira hausnarketa asko eta sakonak, eta laguntza handikoak dirateke ezker iraultzailearen etorkizunaz grinatzen direnentzat. Bai eta ZADeko bizipen kolektibo eta militante horiek hurbilagotik ezagutuz, autonomiaren eta autogestioaren nondik norakoak hobeki ulertu nahi dituenarentzat ere.»
Hitzorduak finkatuak dira beraz, eta otsaileko ostegun arratsez hurbiltzen ahal zira Donapaleuko Auzitegi karrikan den herri elkargoko gelara. Ikus arte !
Ezin komenta gehio.