TOPATU gazte webguneak dokumental bat ondu du, euskal « periferietako » sei gazteri hitza emanez, beren ikusmoldeak, asmoak eta arrangurak erdigunera ekartzeko.
Abendoaren 13an, ostiralarekin, arratseko 7ak30tan, proiektatuko da ZIZELKARIAK dokumentala (frantsesezko azpitituluak segurtatuak) Donapaleuko Xerbitxuguneko gibeleko gelan.
Hala, ageri zen, Amikuzeko bat ere beharko zen, periferia nunbait balin bada, hemen izanen baita, alabaina ;o).
Hona, TOPATUk berak nola aurkezten digun afera :
Zizelkariak dokumentala: sei ertz, sei borroka, sei gazte, erdigunera
- Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko asmoz, sei gazteri eman die ahotza Topatuk Zizelkariak dokumentalean.
Euskal Herriko periferietan, ertzetan, gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri ahotsa emango die Zizelkariak dokumentalak: Arkaitz, Martta, Edurne, Maika, Jon eta Ibai dira protagonistak.
- Maika Alfaro, Alduden bizi eta lan egiten duen gaztea. Aldudeko ibarra bizi eta gazte ikusi nahi luke. Despoblazioaz, etxe hutsen auziaz eta herri txikietan saretzen diren harremanez hitz egingo du.
- Edurne Sanchez Leon, Tuterako mugimendu feministako kidea. Feminismoaren beharra euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntzatik sentitu zuen. Erribera Intsumisa taldeaz eta feminismotik Euskal Herria eraikitzeaz arituko da.
- Ibai Osinaga Gogorcena, Irunberriko musikari gaztea. Gitarra eskutan duela begiratzen dio bere inguruari. Gubia eta mingaina zorroztuta mintzatuko da; musikan gazte hasteaz, Euskal Herriko eszenaz eta Irunberritik euskaraz kantatzeaz.
- Arkaitz López Sanchez, Mamariagako gazte langilea. Ezkerraldetik begiratzen dio Euskal Herriari. Desindustralizazioaren ondorioz, gazteon lan prekarietateaz eta antolatu eta saretzeko beharraz arituko da solasean.
- Jon Marauri Aranburu, Moretako gaztea. Jai herrikoiak antolatzen hasita Arabar Errioxako gazte asanblada sortu zuten, ingurua eraldatu eta euskaldundu nahian. Turismoaz, ardoaren ekoizpenak sortzen duen prekarietateaz eta etorkizuneko ametsez mintzatuko da.
- Martta Irigoien Arrabit, Arberatzeko gaztea. Diglosiaren ondorioak bizi ditu. Libertimenduan parte hartuz, kolektiboan euskara Amikuzeko paisaian gorpuztu nahi izan du. Aldaka gaztetxean ere euskararen eta kulturaren aldeko borrokan dihardu.
Ezin komenta gehio.