Urtean hiru aldiz, ZABALIK elkarteak literatura solas bat antolatzen du Donapaleuko mediatekan.
Datorren buruilaren 30ean, Xan IDIART Donazahartarra gomitatzen dute, goizeko 10ak30etan, « Nostalgia ez da salgai » (Maiatz) bere azken liburuaren aurkezteko. Solasaldiaren ondotik, zintzur bustitze bat izanen da.
Xan IDIART idazle gazteak bigarren ipuin liburua du jadanik. « Teresaren mendekua » zen lehena, eta aurten argitaratua « Nostalgia ez da salgai » deitu du.
Hona berak nola definitzen duen bere lana : « Ipuinek ez dute loturarik elkarren artean. Aski absurdoak dira. Ihes egiteko parada izan daiteke liburu hau. Irakurleak lortzen badu barnean sartzen, ene ustez, ahanzten ahal ditu bere bizitzako arazoak une labur batez. Hori bakoitzaren araberakoa da. Irakurle eta sortzaile gisa hori maite dut: ahanzten dudalarik inguruan dena, testuan naizelarik, literaturan. »
Hurbildu zaitezte mediatekara buruilaren 30ean. Batetik idazlearen eta bere unibertsoaren ezagutza eginen duzu, eta bestetik, literaturak duen baliorik intimoenarekin topo eginen duzu, egunerokotik urruntzea, itzul-inguru luzea egin ondoan beste begirada batekin egunerokora itzultzeko. Eta balio ere du entseatzen denari animoak emaiteko, ez baita guti !
Ezin komenta gehio.