Joan den otsailaren 4ean Iñaki Kamino Amikuzen gaindi genuen. Lehenik arratsaldea ikastolako haurrekin pasatu zuen, Amikuzeko euskararen ezaugarrien deskubri arazten eta agian maitarazten… Arratsean berriz, mukurra betea zen gela batean agertu zituen bere 10 urteetako ikerketaren ondorioak. Ez da lehen aldia Amikuzera datorrela, ezen 40 elkarrizketa eginak ditu Amikuzeko herrietan gaindi, hemengo euskara berezia estudiatzeko. Laburki erranik, agertu dauku eskualde huntako hizkuntzak hiru influentzia haundi jasan / baliatu dituela : xiberokoarena, oztibarre garazi aldekoarena eta hazparnek’aldekoarena. Influentzia auzo-herriz auzo-herri hedatzen da, barnago sartu eta ahulago alabaina. Harri bat ur geldi batera botatzen delarik bezala da, uhainak hedatzen dira, gero urrunago eta gero ahulago. Haatik, Amikuzeko euskarak bere-bereak dituen ezaugarriak ere baditu, eta ez dira guti. Horien aipamenak mintzaldira hurbildu ziren 60 lagunen artean zeuden amikuztarren urguilua hanpatu zuen dudarik gabe. Azken finean, Amikuze ez da ez-leku bat, nortasun euskaldunik gabea eta zeinak dena abandonatua duen. Pundu bat halere gogoetatzekoa, eta gau hartako lekukotasunek ere azpimarratu zutena : amikuztarrek berena aspaldidanik gutiesten dutela, usuenik hazparneko euskararen bantatzeko. Beste eremuetan ere horrelako auto-mespretxuak ezagun dira, eta Iñaki Kaminok adibideak ekarri zizkigun. Ez da harritzeko dakigularik nolako oldar indartsua pairatua dugun azken 5 mendeetan gure nortasunaren kontra. Haatik, baliteke Amikuzen hizkuntzaren transmisioaren etena hain bortitza izan dena azken mendean, faktore honek ere, bestelakoen artean, esplikatu beharko lukeela. Gelditzen da hor ere, zer aztertu ondoko urteetan. Norbaitek nahi balu huni lotu !? Dialektologiatik soziolinguistikara jauzi egitea da hori, beste ostegun batez aurten berean…
Hemen klikatuz, Pello Zubiriaren komentario labur bat mintzaldiaz Argiako webgunean.
aipatzekoa dugun gaia…
Ezin komenta gehio.