Urri 21 huntan, ibiakoitz goizeko 10etan, DONAPALEUko zineman, 130 haur, AMIKUZEko eskola elebidun eta ikastoletarik agertuko dira taulagainean, beren gelan egiten duten lanen erakusteko, dela kantu, bideo, bertsu, ipuin ala beste… Memento hori antolatzen du ZABALIK elkarteak bere eskualdean hizkuntzaren erabiltzeko egiten diren lanen ohoratzeko eta indartzeko. Iñaki Camino ikerlariaren liburua estakuru harturik, 27 herrietako hizlari lekukoak gomit dira ere taulagainerat igaiteko, ikerketaren fruitua oparituko baitzaie. Halaber, herriko etxe, eskola eta liburutegiak ere gomit dira egun hortan ber oparia eskuratzeko.
Egun hortan agertuko da ere elkarteak moldatu duen dokumental bat, zointan AMIKUZE euskalduna agertuko den : joan den mende hastapenekoa osoki hala zena ; duela 50 urte huntakoa, zointan transmisioa masiboki eten baitzen ; eta gaurkoa, zoinek hizkuntzari leku bat emaiten ari duen berriz. Jadanik, haurren erdiak ikastola edo gela elebidun batean eskolatuak dira. Eta hastapen bat baizik ez da, segidarentzat ideia frango baitaude lankiaren gainen gaurdanik.
Hizkuntza huni atxikimendu edo kuriositate puxka bat duen oro gomit da beraz ibiakoitz goizeko 10etan, elgarren berri izan dezagun lehenik, eta gero elgarri berotasun puxka bat pasa dezagun ondoko egunetan eraman beharko ditugun laneri aisago heltzeko.
Iñaki Camino, Gasteizeko unibertsitatean dialektologian aditua, erakasle eta ikerlea, azken 10 urteetan AMIKUZEko herrietan gaindi ibilia da, eta 60 lekukoz goiti elakatu ditu, AMIKUZEko euskararen berezitasunak harrapatzeko.
Animaleko lan horren fruitua aurten argitaratu du liburu lodikote batean, « Amikuze eskualdeko heskuara » deitu duena, Nafarroako gobernuaren laguntzarekin Euskaltzaindiak argitaratua.
Iñakiri ihardesteko lekukoak izan direnak, adin batez goitikako jendeak dira, hizkuntzaren transmisioaren etena gertatu aitzin sortuak direnak. Geroztik, 50 urte hauetan ez da euskararik biziki transmetitu, eta bixtan denez, AMIKUZEn beste lekuetan bezain guti, ez bada gutiago.
Gaur aldiz, 27 herrietako haurren erdiak euskaraz eskolatzen dira, parte ikastolen imertsio sisteman, eta parte handiena sare pribatu eta publikoko sistema elebidunean. Azken 10 urtez kopuru horiek biziki fite igan dira, eta kondutan hartzen badugu eskola guziek ez dutela oraindik hizkuntzaren erakaskuntzarik eskaintzen, ikaragarriko aitzinamendua badugu hor kontzientzietan. Bixtan dena, hizkuntza ulertzetik mintzatzera heldu behar badu belaunaldi berriak, hori baita lehen baldintza hizkuntza batek biharamun bat izan dezan, eskola guziek eskaini beharko dute, imertsioan alabaina, eta eskolaz kanpo gazteen inguramena da euskaldundu beharko, haurzaindegitik hasi, aisialdi zentroak eta kirol jardunean bereziki.
ZABALIK elkarteak mezu hori du zabaldu nahi urriaren 21ean, goizeko 10etan DONAPAEUko zineman. Eskoletan andereño eta erakasleak gertakari horren prestatzen ari dira, eta egun hortan haurrek beren lanak agertuko dituzte. Adinetako lekukoak ere hor izanen dira, eta belaunaldien arteko kate hautsia berriz osatuko dute sinbolikoki. Amikuzeko euskararen liburua eskainia izanen zaie hor izanen direneri bai eta herriko etxe eta liburutegi guzieri. Eta azken sorpresa, dokumental bat estrenatuko da egun hortan AMIKUZE eta euskararen arteko harreman eta erronketaz.
Atzokoa ez ahanzteko, eta biharkoa gaurtik bizitzen hasteko !
Ezin komenta gehio.