Eskoletan eta pilota elkartearekin lan eginen duen kirol animatzaile berri bat hautatu du Amikuzeko Herri Elkargoak : pilota jokoa ezagutzen ez duena eta euskaraz ez dakiena. Aurkeztu ziren kandidatetan euskaldunak eta pilotari konfirmatuak baziren alta. Baina diploma osoa ez zuten ! Aitzineko kirol animatzailea, diplomaz postan zela jabetu zen bizkitartean ; oraingoan Herri elkargoko buruzagiek ez dute bide hori hobetsi. Duela zenbait aste Gabadiko auzapez eta pilota arduraduna den J. Louis Prebendek bere harridura agertu zuen auzapez guzieri igorri gutun baten bidez. Entzun ahal izan ginuen Irulegiko Irratian. Aldi huntan, Ikastolako burraso eta erakasleek beren kexua gutun bidez helarazi diote Herri elkargoari. Azkenik, Pilota elkarteak artikulu bat argitaratu du Donapaleuko kazetan. Ikastolako gutunaren eta Pilota elkartearen artikuluak transkribitu ditugu hemen.
Ikastolak igorri gutuna Herri elkargoari :
« Amikuzeko Ikastolako burasoen elkarteak, langileek, erakasleek, gure haserrea jakinarazi nahi dizuegu hautatu duzuen kirol animatzaileari buruz. Azken urte hauetan, Herri Elkargoaren hautuz eta xedez, Ikastolak kirol animatzaile euskaldun bati esker jokoak eta kirolak euskaraz landu ditugu. Ohartu giren bezala, zuen hautua joan da Euskal Herriko kirolak menperatzen ez dituen batengana eta bereziki euskaraz mintzo ez den batengana . Postu horrentzat, bi betebehar hauek ez kontutan hartuz, erakusten diguzue gure kulturari, gure hizkuntzari emaiten duzuen axolagabetasuna, ber mementuan gero eta gehiago familiek nahi dutelarik beren haurrek euskara ikas dezaten, bizi diren lekuko kultura ezagutuz eta beren erroak finkatuz. Bestalde, Euskal Herriko beste Herri Elkargoek, langile elebidunak enpleatzen dituztelarik, euskararen ikasteko aukera emaiten dutelarik (lan tenoretan euskarazko kurtsoak proposatuz), euskara beren estrukturetan sartzen dutelarik ( igeriketa kurtsoak euskaraz Miarritzen, haurzaindegiak euskaraz), Amikuzeko Herri Elkargoak alderantziz egiten du, euskara baztertuz.
Guk, ikasleek, burasoek, langileek, erakasleek, zuen herrialdeko kideok,
EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU
2016ko azaroaren 28an egina.
Amikuzeko Ikastolako Lehendekaria eta Zuzendaria »
Pilota elkartearen artikulua Donapaleuko kazetan 2016/12/23an argitaratua (erredakzioaren itzulpena) :
« Amikuzeko pilotazale guzieri
2016ko urtea bururatzera doa, gure klubarentzat ekarri dituen satifamenduekin, ainitz ekipek xapelgoetan azken mementoraino kalifiatu izanik eta batzuk irabazi xapelen gatik, bainan ere ekarri dituen desilusioneekin.
Eta horietan handiena, Amikuzeko Herri Elkargoko hautetsi handiek izendatu duten kirol animatzailearena, zeinak pilotako jakintzarik ez duen batere eta ez den hemengoa, Jean Frantxua Altxurrunen ordezkatzeko, erretreta hartua duenaz geroz joan den urritik aitzina.
Alta postu hortan lehiatzeko 4 gaitasun galdeginak ziren : eskoletan jarduteko habilitazionea izaitea, eskola orenetan bezala peri-eskolarretan, aisialdi zentroaren arduraduna ordezkatu ahal izaitea, pilota klubaren baitan lan egitea pilotari gazteen iniziazio eta hobekuntzan.
Alta postu hori Errekart lizeoak eta gure klubak sortua zuten duela 18 urte, Kontseilu Orokorraren laguntzarekin eta orduko gure herri elkargoko hautetsi handiekin, pilotaren geroaz grinaturik, zeina zen berentzat gure herriko ondare eta kulturaren zutabeetarik bat. Hastapen hastapenetik, kirol animatzailea gure klubean aritu zen astean 12 orenez, gure gain zelarik parte hartze hori herri elkargoari ordaintzea.
Alta gure klubeko bi kide kandidatetan ziren, bata delarik Antton Amulet, Oztibarreko herri elkargoan postu berdina duena partez. Ez dira atxikiak izan ez bat ez bestea, ez zutelakoan lurralde funtzioko titular diplomarik, dakigularik diploma hori barne konkurtsoz lort daitekela postuan sartu ondoko 6 urteetan.
Pilotan berezitua ez den kirol animatzaile bat hautatzearen ondorioz, eskoletako haurrak gutiago ekarriak izanen dira pilotarat, beste kirolak ere present baitira peri-eskolar animazioetan. Eta nola beste kirol horiek gurea baino mediatisatuagoak diren, beldur gira esku-huska eta nexken pala eskoletarako izen emaiteendako, eta orokorki pilotaren geroarendako Amikuzen.
Joan den azaroaz geroz, J Frantxua Altxurrunen ordezkatzeko klubean, Florian Mendibururen gainen kondatzen ahal dugu, ordu arte programatuak ziren bezala segurtatzen baititu iniziazio eta entrenamenduak, eta hori, bere egoera profesionalak ahalbidetuko dueno. Eskertzen dugu jakinki egoera hau egunetik biharamunera alda daitekela. »
« Eguberri on eta urte berri on (jatorrizkoan euskaraz) »
Ezin komenta gehio.