Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 20ko alean, ondoko iritzi artikulu hau agertu zen. Agian administrazioan euskarak ofizialtasuna duen eremura egokitua da baina hor dabilen gai orokorra gurean ere maiz darabilgu, « erabilpena hobekuntzaren bidetzat » baino « hizkuntz zuzentasuna versus erabilpena » baitugu hobesten gure ekinetan. Adibidez, gai hori gure elkartean mahaineratu zen mintzapratika taldeak abiatzerakoan. Zer da garantzitsuena : mintzatzera bultzatzea, hutsak gora-behera ? ala akatsak aldioro zuzentzea, mintzaidea ixilaraztezko arriskua hartuz ? Hausnartzekoa…
Hausnarketa errexteko, Zaldieroaren bi tira ezartzen ditugu ere, ele gutiz sekulako indarrean agertzen baitauzkigu beste bi gai potolo gure-gureak direnak hauek ere.
Euskara eta bere filosofia
2015-03-20 / Jose Lekue – Filosofia irakaslea
Azken urteotan euskararen erabilera bultzatzeko hainbat neurri indarrean jarri eta lorpen handiak egon dira. Baina «hitz egitea» ez dago euren lehentasunetan, zoritxarrez; Administrazioak titulua (EGA, HABE, Hizkuntza Eskolakoa) lortzea bultzatu nahi du benetako euskaldunak garela egiaztatzeko. Hau da bidea gizarte euskaldun bat sortzeko?
Platonek erakutsi zigun bidea «haitzulotik irten beharra daukagu», hau da, egin diezaiogun mesede handi bat euskarari: daukagun konplexua ken dezagun gainetik, aska ditzagun bere kateak (kontrola, neurria, zuzentasuna; ematen du akatsak baino ez direla balioesten, sarri entzuten da euskara ona eta txarra dagoela …) eta «jalgi hadi plazara» aurrera joan ahal izateko.
Guk 6. urratsa gaindituta titulua lortzeko aukera genuen; gaur egun, ordea, 12. urratsa gainditu beharra daukate titulu bera lortzeko. Zergatik igo da horrenbeste eskariaren maila? Zertan oinarritu dira horrelako maila handia eskatzeko? Zergatik gero eta zailagoak? Horretarako ez dago Euskal Filologia gradua? Ondorio apartekoa lortu da: gure euskararekiko maitasuna askoren nazka eta gorroto bihurtu da. Eta ulergarria da, euskararen erabilera bultzatu beharrean titulua eskuratzea eskatzen da, eta, gainera, eskariaren maila zailagoa da. Hauxe ez da inongo herrialdeetan ikusten.
Beste adibide bat: ahozko azterketako irizpideak ondokoak dira: egokitzapena, jariotasuna, koherentzia, aberastasuna eta zuzentasuna. Hemen, berriro, beste inon ez bezala gertatzen da, hots, zuzentasunari izugarrizko garrantzia ematen zaio, beste gaitasunak baztertuz. Kurioski, hizkuntzaren bizitasuna eta iraupena babesteko «hitz egitea» da, Bernardo Atxagak aipatu zuen bezalaxe eta komunikazioa sustatzeko lehenengo irizpideetan oinarritzen da, hau da, egokitzapenean, aberastasunean eta koherentzian; hauxe lortuz gero, komunikazioa ziurtatuta dago. Zuzentasunezko akatsak hitz eginez zuzentzen dira. EGA, HABE eta Hizkuntza Eskolako ahozko azterketan akatsei komunikazioari baino garrantzi handiagoa ematen zaio. Komunikazioa ziurtatu beharrean, aztertzaileak boligrafoa eskuan hartuta akatsak bilatzen ibiltzen dira errespetu eza izugarria erakutsiz.
Benetako gizarte euskalduna sortu nahi dugu? Beste adibide bat: gure seme-alabak, bi urte dituztela, irakaskuntzan hasi dira. Hamasei urte geroago, 2. Batxilergoko titulua jasotzen dute ikasketa guztiak euskaraz egin eta gero; hala ere, hizkuntza maila egiaztatzeko titulua gainditu behar dute. Zergatik ez diegu egiten erdarazko azterketa jakiteko hizkuntza horretan bizitzeko gai diren? Esate baterako, Osakidetzan lan egiteko ez da erdarazko titulurik eskatzen, zergatik? «me se ha caido», «si tendría dinero iría de viaje», «le (mujer) he visto», «ansí gana el Madrid» eta beste hainbat entzuten ditugu, baina inor ez zen ausartuko esatera erdara ez dakigunik.
EGA, HABE eta Hizkuntza Eskolako arduradun eta aztertzaile obedienteek euskarari egin beharko liokete mesede polit bat: hausnarketa serioa egin eta hurbildu euskara gizarteari. Duela 30 urte euskara ikasten hasi ginenean pozik, kontent joaten ginen euskaltegietara, maite genuen hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen ziguten, eta, gainera, zegoen euskal giroaz goxatzen genuen, biziki. Gaur egun, berriz, euskaltegietara hurbiltzen direnek titulua gainditzeko premia daukate. Euren interes bakarra titulua eskuratzea da. Eta, zoritxarrez, Administrazioetatik hori baino ez da bultzatzen beti zuzentasun irizpideetan oinarriturik, komunikazioa alde batera utziz.
Gizarte euskaldun bat sortu nahi badugu, gure oinarria ezin da zuzentasuna izan.
Gizartean ere antzekoa gertatzen da. Esate baterako, Bizkaian, batez ere, euskaldun zahar askok euskara batuari mespretxua baino ez diote erakusten: «Asmatutako euskara da!», «euskaldunok ez dugu horrela hitz egiten», «ez dut ulertzen», eta erdarara jotzen dute berehala. Hori sarritan gertatu da. Ondorioa oso sinplea da: euskaldun berriok erabiltzen dugun euskara ez dela ona, egokia, bigarren mailakoa baizik, eta, txarrena, babesik gabe sentitzen gara; hainbat urtetan emandako denborak eta ahaleginek ez dute ezertarako balio. Berriro erdarara jo behar dugu euskaraz hitz egitearen beldur garelako. Wittgensteinek adierazi zuen: «Ez dakigunaz hobe ez hitz egitea». Era horretan, euskarari mesede gutxi egiten diogu.
Aldi berean, behin baino gehiagotan entzun diegu PPko eta PSOEko zinegotziei euskaraz egiten eta barre egiten dugu, «zer euskara eskasa!», eta halako komentarioak egiten ditugu. Ideologikoki iritzi desberdinak izan ditzakegu baina ematen du euskara batzuena baizik ez dela, eta zentzu horretan ere mesede gutxi egiten diogu euskarari. Hauxe hemen baino ez da gertatzen —ez Katalunian, ez Erresuma Batuan, ez Frantzian… ez beste inon ere—.
Horixe gure Aberri Egunera eraman ahal dugu, elkarri kritikatuz alderdi bakoitzak bere txoko pribatuan egiten du. Zer gizarte sortu nahi dugu? Benetan guztion gizarte euskaldun bat sortu nahi dugu? Gogorarazten dit G.Orwellek idatzitako Abereen etxaldea izeneko liburua: «Batzuk gara besteak baino euskaldunagoak».
Euskararen egoera aldatu nahi badugu, neurri egokiagoak eta ausartagoak hartu behar dira negozio hutsa bihur ez dadin, eta, zentzu horretan, Administrazioak badu zer esanik, baina azterketak gero eta zailagoak egiteak ez du lagunduko. Marxek esan zuenez, «dagoeneko garrantzizkoa ez da izango mundua interpretatzea, aldatzea baizik».
Ezin komenta gehio.