Azken hamarkadan, gure eskualde honetan gertazen direnak ikusirik, susmoa baino gehiago, ohartzen gira « kultura »ren erabilpen interesatua egiten ari dela, alde batetik euskaltasunaren bizkar, eta bestetik merkatu irizpideak eta frantsesaren indartzeko baizik ez den elebitasun edo hobe kosmopolit-tasunaren maskaren pean. « Euskal kultura ? » xorrotxean Antton Lukuk fenomeno horren ulertzeko gakoak eskaini dizkigu. Hona hemen, Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren gertakari erraldoi (beharra) den horri, Manuel Delgado antropologoak nolako begirada botatzen dion, Berria egunkariko elkarrizketa honetan (2015ko apirilaren 23ko alean).
Kultura
Manuel Delgado. Antropologoa
«Marketin hutsa da kultur hiriburutza, hiria ‘spot’ bihurtzea»
2015-04-24 / Saioa Alkaiza Guallar
Azpiegitura berrien erreformak eta hiria saltzeko marketin kanpainak babesteko zurigarria da. Kulturak paper erlijiosoa jokatzen du ia; kultura estatu erlijioa da. Beraz, bere misterioak eman behar ditu, bere liturgiak, eta bere kongresu eukaristikoak. Hain zuzen ere, kultur hiriburutza oso gertu dago kongresu horietatik.
Hiriburutza marketin hutsa da, Donostia spot bihurtzea, iragarki bat, non dena dagoen behar duen tokian eta herritarrek estra modura hartzen duten parte.
Zein da, zure ustez, proiektuaren atzean dagoen helburua?
Hirien merkatuan kokatu nahi dute Donostia: eskaintza eta eskaria, fashion hiriak, smart cities, jolas hiriak… Hiri batean salarazten duena ez da haren paisaia; kapital immateriala sortzeko gaitasunak salarazten du.
Kultur hiriburutza horretan datza, material sinbolikoa pilatzea. Eta kapital sinbolikoa zer den? Inbertsioa erakarriko duen hori. Hala, posible da hiri bat sortzailea eta apurtzailea izatea. Denak funtzionatzen baitu, baldin eta kulturala bada: kritika kulturala bada, ederki; kontestatzea kulturala bada, bikain; maskara kentzea ere kulturala bada, lasai, ez da deus gertatzen… Arazoa da gizarte arloa ahanztea. Soziala kulturala bihurtzerakoan, desaktibatu egiten da. Kultura, azkenean, baretzeko mekanismoa da.
Donostia 2016k gizarte gaiak landuko ditu, diotenez. Horretarako, hiru itsasargi sortu dituzte: bakea, bizitza eta ahotsak.
Horri tematizatzea deritzo. Era horretan, gatazka errealak erreserba natural moduko batean giltzapetzen dituzte. Hor daukate existitzeko aukera. Kultura sistema kultural bat da. Iturri magiko bat balitz bezala funtzionatzen du: berez zatikatua, konplexua eta paradoxikoa den errealitate bat hartu, eta, ukitze hutsez, ematen du guztiz irensgarriak direla. Problematika bat horrelako espazio batean azaltzen denean, ez dakigu nola, baina seguru nolabait konpontzen dutela. Baina gauza baten inguruan eztabaidatzeak ez du esan nahi bideratzen denik; pabiloi bat eskaintzen zaiolako arazo bat ez da konpontzen, baina pertsonaia batzuek euren esperientzia kosmopolita gauzatu ahalko dute.
Bultzatzaileek parte hartzailea dela diote: herritarrek ere egitasmoak aurkez ditzakete.
Horrelako egitasmo bat garatzen duzunean, zilegi eta onbera bihurtzen duen zerbaitekin batera aurkeztu behar duzu. Ordain bat egon behar du. Bultzatzen duen udaletxeak beti txertatu behar dio erretorika ziudadanista: parte hartzea dela, herritarrak direla, espazioaren hobekuntza…
Gatazkak gutxitzeko elementu modura jartzen da martxan kultura: exorzismo ariketa da. Hiria menpean hartzea da helburua. Ez duzu lanik. Hutsaren hurrena kobratzen duzu. Baina, e! Ez esan ikuskizun hau ez dela harrigarria! Ez zaitu hunkitu? Ez dizu barrena astindu? Zure bizitza hutsala da, eta ematen dizuguna salbamena da. Horra mezua.
Egitarauaren aurrerapena aurkeztu dute azken asteotan, eta 30 proiekturen berri eman dute.
Espektakuluaren erreinua da, noski, zeinen ongi, zeinen dibertigarria! Ekintzak, bai. Baina zeinentzat? Kultura ez da neutrala. Kulturaz ari garenean, klase ertaineko publikoaz gabiltza hizketan. Gustatuko litzaidake norbaitek ikertzea nor eta noiz joaten den espektakuluetara.
Zerk ekarriko du herritarrentzat Donostia 2016k?
Deus ere ez. Errealitatetik ihes egitea da. Esperientzia narkotikoa bizitzea. Pentsatzea ere arazoak plano sinbolikoan konpontzen direlako egiatan ez daudela! Iruditeriaren nagusitasuna da. Eta, azkenean, hiria ez da soilik kulturalagoa edo politagoa, hiria garestiagoa da. Betiko leloa da: hiria inbestitzaileari saldu, bidaia antolatzaileei…
Donostia kulturaren «eredu» izango dela diote webgunean. Herritartasun askeagoa, humanistagoa, parte hartzaileagoa… izango dituela.
Birtuositatearen apologia da. Arkadia hutsa. Dena politikoki zuzena izango duen hiria da. Baina gakoa hauxe da: hiriburutza kulturalak ezberdintasun sozialak murriztuko ditu? Lanpostuak sortuko ditu? Kaleratzeak eragotziko ditu? Kontua da kultura edozer izan daitekeela, gogoak ematen dizuna. Nozio makro bat da edozeri ostatu emateko. Zer da kultura? Kudeatzaile kulturalak kudeatzen duena. Eta zer kudeatzen du? Kultura. Sorgin gurpil bat da.
Ikastaro irekiak egon badaude.
Bai eta makrame klaseak ere! Horrela den arren, hori kuota txiki bat baino ez da, gehienak espektakulu handiak dira.
Sortzaileentzat ere bada lanak plazaratzeko gune bat, ezta?
Baina zergatik egin behar da horrelako inbertsio basatia? Beharrezkoa da? Hori kultura da? Are gehiago, hori da interesatzen zaigun kultura? Nik ez dakit zer den kultura, baina, zerbait izatekotan, gizakiok unibertsoak sortzeko dugun gaitasuna da. Diru horrek zer eratan lagunduko digu uler dezagun munduak sortzeko gai garela? Ikusle huts bilakatzen gaitu proiektu honek. Kitzikatzen al du zure sortzeko gaitasuna? Ez.
Donostia beti izan da kulturala; kultura bizia da. Nik, ikusten nuen aurpegi bakoitzean topatzen nuen unibertso bat. Orain dakartena playbackaren kultura da, zurruna, ongi aurkeztua, museistikoa. Egin duten gehiena izan da kultura bere kuarteleratze toki diren museoetatik ateratzea. Honek guztiak hiria tristatzeko funtzioa dauka.
Etekin ekonomikoak emango dituela ere argudiatzen dute.
Bai, Donostian txakurrak txistorrekin lotuko dituzte eta urrezko txorrotak jarriko dituzte. Faborez. Ez da deus aldatuko, deus ere ez. Manten dezatela sorkuntza txikiari bideratutako laguntza, eta gainontzeko guztia sobera dago. Jendearen bizitza hobetu dezatela. Ez dakit, bururatzen zait halako txorakeria bat: etxebizitza soziala bultzatzea, adibidez. Baina, ai, nola izan naitekeen horren zekena halako gai prosaikoak gogora ekarriz…
Zerorrek onartzen duzu zaila dela egitasmoa kritikatzea, kulturaren kontra joatea leporatzen dizutelako.
Entitate sakratu bihurtu dute kultura. Parean jarri, eta immobilizatu egiten zaituzte, eztabaidaezineko gai izendatu dute. Espektakuluaren kultura da, espektakuluaren gizartean bizi gara eta.
Eta zer gertatuko da 2016 bukatuta?
Festa bukatuko dela. Segi zuen bizitza normalekin. Munduko hiririk onena zarete, zorionak. Eta inor ez da konturatuko bat-batean dena garestiagoa dela, inoiz baino turista gehiago daudela…
Ezin komenta gehio.