Jean Claude Mailharinek sekulako ikerketa lanak eraman ditu Amikuzen etxetiargoaren fenomenoa hobeki ezagutzeko. Herrika zenbakiak jaliak ditu, hainbat lekuko elkarrizketatu, … sekulako jakintza bildua du engoitik gaiari buruz. Etxetiarra nor zen ? Gaurko belaunaldiek ez dakite, alta beren aita edo ama (edo biak), etxetiar umeak dira. Amikuzen bereziki esplotazio ekonomiko-sozial horrek presentzia handia izan du 1970 hamarkadan azkenak afermara jauzi egin arteraino.
Etxetiarra ez zen ez bere etxe ez lurren jabe, eta nagusi-jauntto-jabe baten kondura lan egin behar zuen. Bere errekolten erdia eta ekoizpen batzuetan gehiago oraino xuxenka jabeari eman behar zizkion. Urtero Xemartine-Jondoni Martine-San Martine, nahiago baduzue azaroaren 11an, tratua berritzen zen.. edo ez ! Etxetiarrak kanpoa izaiten ahal zuen urte bakotx beraz. Pentsa nolako miseriara kondenatuak ziren familia horiek, eta nolako jaun eta andere aberatsak bilakatzen ziren hauen jabeak.
1948ko lege batek, etxetiarrari afermara pasatzea legeztatzen zuen, eta normalean jabeak ez zuen kontra egiten ahal… Mende laurden bat joan zen urrats hori azkenak egin ahal izaiteko ! Depedentzia sozial eta ekonomikoa bazen, morala ere zen, elite ekonomikoak eta elizak artoski zaindua alabaina !
Ikerketa hunen berri J Claude Mailharinek aurkeztuko du ondoko egunetan bi konferentzietan :
- agorrilaren 19an, ostegun arratseko 8ak30etan, Donapaleuko Bideak gunean, Baxenabarreko erakustokiko adixkideen gomitari erantzunez,
- buruilaren 25ean, ibiakoitzez, goizeko 10etan Gabadiko herrian.
Zabalik elkarteak ikerketa sustengatzen duen bezala, konferentzien herriz-herrika itzulikatzea antolatzen du. Lehenbizikoa Gamuen egin zen duela urte bat pasa. Aldi-oro bisitatu herriko zenbakiak xeheki agertuak izaiten dira, eta hitzaldia euskaraz emana da, itzulpen automatikoa frantsesez segurtatua delarik, kaskoen bidez.
Horrela, gauzak diren bezala eta etxetiarren hizkuntzan entzunak izanen dira, argi baitaukagu euskara ere, etxetiarren hizkuntza zelakoan apalesten zutela orduko jauntto eta andereek.
Gisa hortan, lehenbiziko aldikotz Baxenabarreko erakustokiko adixkideek euskarazko konferentzia egitea onartu daukute. Gauza guziek noizbait izaiten baitute hastapen bat, hemendik harat, hizlariek ere jakin bezate egingarri den gauza dela eta itzultzaileak -eta kalitatezkoak- badirela ausarki hemen gaindi hortarako.
Ongi etorri deneri.
Ezin komenta gehio.