Donapaleuko herriak, 2006ean frantxixkanoen komentua erosten duenean, ez zuen baitezpada ikuspegi argirik etxe horren baliatzeko moldeaz geroan. Geroak erakutsi du bere baliatzaileez hustea zela xede lehena. Baina operazione hau dirustatu dutenen asmoa, izan herriko etxeko sosez ala emaitza anonimoen bidez (zeinak nehork ezin duen erran nor den baina denek dakite orduko auzapeza dela, afera guziaren lemazaina izatearekin batera), etxe horrek aterbetzen zuen bizi sozialaren gelditzeaz haratago, iragan horren herexa ororen ezabatzeko tema izan du.
Horren adibide muturrekoena sukaldean eta jangelan zeuden bi margoen estaltzea dugu. Margoak plakoz estali zituzten. Edozoin begik hori egin aitzin, ikusiko zuen margo ederrak zirela, istorio batzu kondatzen zituztela, eta emozio zerbait ere sortzen zutela begiratzaileengan. Xabier Egaña margolariak eginak dira, eta ez baduzu ezagutzen ere margolari hau, interneten bilatzea salbu, ikusten duzu ez dela nornahi margoaren munduan, ibilbide bat baduela eginik hor barna.
Kurioski, gure « ezabaketaren » artisauek, margoak ez zituzten ezabatu, inkultuak izanen ziren baina halere zerbaitek geldiarazi zituen talibanen edo daech-en gisa itzulerarik gabeko sakrileioa egitetik. Ehortzi « baizik » ez zituzten beraz.
Orai jin da eguna, margo hauen argira itzultzeko. Kanaldudek muntatu filma huntan ikus dezakezu Herriko etxe berriaren eta Zabalik-en gomitari ihardetsiz, nola Xabier Egañak berak eta Xantxo Iturrioz Donapaleun luzaz egon den fraileak margoak berriz ikuskatu zituzten 2021eko ekainaren 16 huntan.
Ezin komenta gehio.