Emazteek eta gizonek dantzan duten lekua aipatzeko, Donapaleun eta Baigorrin izan da Oier Araolaza dantzaria eta antropologoa. Eskainitako hitzaldietan, euskal dantza tradizionalean genero-identitatearen eraikuntza Historian zehar gaiaz hausnartu du.
« Eskubideak ez dira eskatzen, besterik gabe, bete egiten dira »
« Etengabe ari dira gure tradizioak aldatzen eta egokitzen, egokitzen eta aldatzen ez diren tradizioak hil egiten direlako »
Historian nola gertatu den ez da nire espezialitatea. Aztertu dudana da beste batzuk ikertu dutena nola aplikatzen den dantzan. Baina, hori horrela da. Garai batzuetan indartzen den joera bat da eta, bereziki dantzari dagokionez, eragin zuzena dauka XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran.
Azken mende horren hasieran azkartze handi bat gertatuko da ikuspegi binario horri dagokionez. Hori oso lotuta dago sexuaren biologizazioarekin. Sexuari aitortzen zaio jatorri bat erabat biologikoa. Zientifikoki emakumeen eta gizonezkoen gorputzak desberdinak direla aldarrikatzen da. Horretan oinarrituta, oso erraz justifikatzen da gizon eta emakumeak desberdinak izatea, ez bakarrik gorputzari dagokionez baizik eta publikoki egiten den proiekzioetan. Mugitzeko, lan egiteko, besta egiteko eta dantza egiteko moduetan ere.
Zure hitzaldian diozu ezberdinak garela sinistarazten digutela sortzen garenetik eta ezberdin jardun behar dugula. Uste horrek zein eragin du dantzan?
Oro har, gizarteak berak egituratzen duen banaketa bat da. Batzuen ustez, kapitalismoaren sistema ekonomikoa beraren oinarrian dago. Munduaren ikuspegi hori dantzara transmititu da. Memento zehatz batzuetan dantza pentsaera hori berresteko erabiltzen dela. Gure ideiak dantzan proiektatzen ditugu, gure gorputzetan. Hori erreproduzitzen duten neurrian, aurre ideia hori erabat berresten da.
Zer gelditzen da gaur egun rol banaketa horretatik?
Gizartean ematen ari dira aurrera pausuak berdintasunaren inguruan, baina ez nahi genukeen bezain azkar batzuetan, ezta ere eremu guztietan. Dantza horietako bat da, non gizartearen atzetik dabilen kasu askotan. Lan munduan edo politikan, adibidez, eskubide mailan ustez bermatzen den berdintasuna dago, nahiz eta asko dagoen egiteko. Dantzan oraindik ez da bermatzen. Dantzariok erronka bat dugu.
Gustatzen zait honi buruz hitz egiten dugunean, aldagaien izenak aldatzea. Ari garenean sexuaz edo generoaz, jar dezagun ‘arraza’ hitza, azken finean gauza bera baita. Arraza bera ere konstrukzio kultural bat da. Arrazei dagokienez oso garbi daukagu gure gizartea oraindik arrazista osoki ez bada ere, oraindik keinu zehatzak ditugu egoera batzuetan. Argi dugu ezin dela arrazismoa justifikatu edo bultzatu. Ezin dugula inor edozein gizarte jardueratik baztertu bere larruaren koloreagatik.
Esan nahi du dantzan berdin jardun beharko genukeela, ezta?
Hala da. Pentsatu nahi dut dantzan inor ez dela bere arraza edo larruaren koloreagatik kanpoan uzten. Eskolan edo politikan, adibidez, norbaiti ukatu dakioke bere larruaren koloreagatik baztertzea? Dantzan ere ez, jakina. Emakumeekin gauza berdina gertatzen ari da. Arrazakeria onartezina dela diogu, aldiz matxismoarekin ari gara egiten. Zein diferentzia dago? Ez dago.
Euskal Herriko dantza munduan aurrerapauso batzuk egon direla diozu. Nola bizi dituzu Baztango mutil-dantzen problematika edo Luzaiden egindako galdeketa?
Nire ustez eskubideak ez dira bozkatzen. Galdeketa aldatu dezagun eta ‘emakumeak’ jarri beharrean ‘beltzak’ jar dezagun. Ausartuko ginateke galdeketa hori egiten? Nik uste dut kontu larriak direla. Eskubideak ez dira eskatzen, besterik gabe, bete egiten dira. Inork ez du inolako eskubiderik bere herriko beste inori debekatzeko ekitaldi batean parte hartzea bere jaiotzeko ezaugarriengatik.
Zer egin daiteke eskubide horiek bermatzeko, jakinik askok tradizioa aitzakia hartuz banaketa hori justifikatzen segitzen dutela?
Ni ez naiz gatazka zalea. Ez dut uste bai ala bai gatazkaren bila joan behar denik. Uste dut askotan gatazka pizten delarik, konponbide guztiak txarrak izan daitezkeela. Komunitate bat batzeko, egituratzeko eta artikulatzeko besta batek justu kontrakoa ekarri beharko luke.
Lehenengo egin behar dena tradizioaren irakurketa zintzo bat da. Ezin dugu tradizioa mitifikatu. ‘Beti horrela izanda’ esaldia denok dakigu gezurra dela. Etengabe ari dira gure tradizioak aldatzen eta egokitzen, egokitzen eta aldatzen ez diren tradizioak hil egiten direlako. Etengabe aldatzen den horretara egokitzen ari da besta eta dantza. Aldaketa ez da haustura eta tradizioa hiltzea, baizik eta justu kontrakoa. Aldaketa tradizioa benetan maitatzea, biziaraztea eta iraunaraztea da.
Zure iritziz, eskubideen errespetua iritsiko da Euskal Herriko txoko guztietako dantza taldeetara?
Bai, nik uste dut. Badakit badaudela oraindik salbuespen batzuk. Gero eta gutxiago dira eta urte eta belaunaldi kontua izango da. Belaunaldi berriek ez dituzte gauzak modu horretara ulertzen. Gizon eta emakumeen arteko identitate bereizi hori bera eztabaidan dago. Denbora kontua izan daiteke. Pena da gatazka pizten bada, gerta daitekeena da horrek etena eragitea eta etena banaketa hori bideratzea. Nik uste dut interesgarria dela hausnarketa lasaitasunez egitea.
Helmuga horretara ailegatzeko, presarik ez dela izan behar erran nahi duzu?
Hemezortzi urteko neska bati esaten badiozu ezin duela dantzatu eta ez duela presarik izan behar, berak esango du: ‘Zergatik nik ez dut presarik izan behar eta hanka tartean zerbait daukan mutilak bai presa dauka aurten bertan dantzatzeko?’. Injustizia sufritzen duenarentzat beti dago presa. Gertatzen dena da batzuetan presarekin ibiltzeak ez duela ziurtatzen konponbidea azkarrago iristea. Presa baino, estrategia bat izan behar da.
Zure ustez, etorkizunean zein izango da emaztearen lekua euskal dantzan?
Nire ustez, eta dagoeneko hainbat tokietan horrela da, atzean geldituko dira gizon dantzariak eta emakume dantzariak, eta bakarrik izango ditugu dantzariak. Hori da eredu ideala. Eredu bera daukagu musikarien kasuan. Musikariak ere garai batean gizonezkoak bakarrik ziren. Musikari gehienak gizonezkoak ziren sistema patriarkatu batean ginelako eta horiei bakarrik baimentzen zitzaielako musika publikoki jotzea. Baina hori aldatzen hasi denean, emakumeek musika jotzen dute gizonezkoen modu berean. Inork ez du planteatzen gaur egun edo etorkizunean emanaldi baterako musikariak etorri behar direnean gizonezkoak izatea. Ez, musikariak dira. Musika jotzen duten musikariak. Dantzarekin nire ustez gauza bera da. Zer dira? dantzariak. Bolant dantzariak Luzaiden, Mutil-dantzariak Baztanen eta Ezpata dantzariak beste hainbat tokitan. Berdin dio.
Ezin komenta gehio.