Euskal komunitateko pertsonai ezaguna dugu Kike. Aspaldidanik irri ixtorio kondan arizana, azkenaldian « Tribuaren berbak » ETB1ko emankizunarekin hurbiltzen zaigu etxerat astero. ARGIA astekariak aste honetan egiten dio elkarrizketa luze bat, bere ibilbidearen funtsezko giltzak salatzen dauzkigunak.
Gu ere ari baigira hemen nundik nola lotu behar dugun hizkuntzaren auzia bideratzeko, hona hemen gogoeta pasta zerbait.
Artikulu osoa irakurtzeko, klika hemen.
Pasaia labur zenbait :
Eskatu baino lehen, egin
“Sekulako eztabaida izan genuen orduko hartan Tolosan. Euskara bultzatu nahi genuen inauterietan, %100 erdaraz zirenean. Bi ziren planteamenduak. Batzuek zioten pankartak hartu behar zirela, karrozetara igo eta euskaraz egin behar dela esan behar genuela. ‘Bada, nik ez nuke hori egingo: mikroak hartu eta inauteriak euskaraz egingo ditugu!’, esan nuen. Eta aldamenetik, beste batek: ‘Gu nola jarriko gara, bada, mikroarekin?’, eta, nik: ‘Gu jartzen ez bagara, zein jarriko da, bada?’. Horixe izan dut ikuspegia: ezer eskatu aurretik, egin!”.
Tribua
“Elkar ezagutu behar dugu, mugitu, tribua ezagutu, ipar eta hego, eki eta mendebalde. Hitz egin, mugitu, nahastu, bata bestearen hizkerak jaso, errespetatu, onartu. Ezin dugu iparraldeko hizkera ez dugula ulertzen eta atzera egin. Ezin diogu hamar urtean euskara ikasten ari denari barre egin, ezta okerrak egiten dituenari ere, ezin diogu eskatu halako hiriburukoari azpeitiarrak bezala hitz egitea. Elkarrekiko harremana eta errespetua behar ditugu, eta jakin XXI. mendeko euskara ez dela XIX. mendekoa bezalakoa izango. Ezin du izan, hala balitz galduak ginatekeelako!”.
Azken hitza: Ilusioa
“Hurrengo hamarkadek izan behar dute euskararen aurrerabidea atzeraezin bihurtuko dutenak. Horretan, denok gara beharrezko, denok egin behar dugu urrats bat aurrera, ilusioz, eta ondo bizitzeko asmoz. Euskaraz bizi nahi dugu, alai eta eroso bizi euskaraz. Euskara da gozamena, jende interesgarria, egitasmo zoragarria. Ilusioz eta irribarretsu, aurrera!”.
Nortasun agiria: Kike Amonarriz
Kike Amonarriz Gorria (Tolosa, 1961) Euskal Filologian lizentziadun, soziolinguista, umoregile, aurkezle. Tolosako Udaleko euskara teknikari eta Siadecoko langile izana. Zeruko Argian hasi zen umorezko artikuluak idazten eta txiste kontatzen, eta hogeita hamalau urte egin ditu astekari honetan txorakikeritan. Soziolinguistikazko hainbat artikuluren egile eta ETB1eko hainbat eta hainbat saiotako gidoilari eta aurkezle izana: Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Balinda, Txiskola, Mihiluze… 2013tik, Tribuaren berbak programa aurkeztu eta zuzentzen du ETB1en. Azken Txorakikeriak liburua argitaratu berri du.
Ezin komenta gehio.