J Mixel BEDAXAGARrek ahoa xabal-xabalik atxiki du maiatzaren 18an, mediatekara hurbildu den jendalde pollita, Xiberoko dantzak eta musikak azken 200 urteetan bizi izan duen bilakeraz ekarri xehetasun andanarekin. Bilaketa lan gaitza eraman du herriz-herri eta etxez-etxe, iragan ahal zen urruneraino heltzeko, izan diren dantzari eta musikarien herexak bilduz. Eta emeki-emeki, deskubritzen da izan dela garai bat nun dantza ez zen josteta bat, eta agian rugbiak gaur hartu dion lekua berak zuela, atleten formatzeko lekua baitzen azkenean.
Bazuen ere sozial eta matrimonial funtzio argi bat, ez dantzak soilik, baina dantzak bere ekosisteman, erran nahi baita herrien bizian, maskaradaren bidez. Ihauteri hortaz dituen hipotesiez argitu gintuen J Mixelek, anekdotak eta gertakariak ekarriz palatraka.
Musika tresnen bilakaeraz ere argitu gintuen, eta nola ttun-ttuna berpiztu zen, pasaia bat itzalean iragan ondoan. Funtsean, Etxahun-Iruriren omenez, harek sortu jauzi bat bota zigun bukaera gisa, xirula eta ttun-ttunekin, esku-zarta olde luze batez eskertzen ginuela goizaldi goxo hori eskainirik.
Gehiago jakin nahi dutenek, Su-Aziarekin editatu duen liburua bada han-hor salgai.
Helduden maiatzaren 18an, ibiakoitz goizeko 10ak 30etan, Donapaleuko mediatekan ZABALIK elkarteak J Mixel BEDAXAGAR, kantari, xirulari, idazlea gomitatzen du, Xiberoko musika eta kulturaz duen ezagutzaren partekatzera.
Xiberoko musika, dantza eta kantuekin hazia, Jean Mixel BEDAXAGARrek badaki nori zor dituen bere trebezia eta jakitateak. Kulturaren transmisioaren kate luze baten begi bat gehiago dela badaki, eta entseatzen da kate horren iraganaren ikertzea. Azken urtean, « AINTZINA PIKA » deitu liburua eskaini dauku, bere ikerketen fruitua. Aipatuko dauku nola gaur egun ohikoak emaiten ditugun txirula eta ttunttunak abantxu desagertu zirela, eta nola 20garren mendean, Baionako euskal museoa lagun, hainbat ikusgarri eta prima antolatuak izan zirela ttunttunaren erabilera berpizteko.
Xiberoko kulturari buruzko duen pasionearen lekuko, izan diren dantzari eta musikariak aipatzen ez da atertzen. Adibidez, 1922an Pagolan eman zituzten maskaraden historioa kondatuko dauku, bidenabar ekintza kulturalen funtzio soziala argituz.
J Mixelek Amikuze ezagutzen du, bere aprendizgoak hemen eginak baititu, eta erakutsiko dauku nola Xiberua eta Amikuze guhaurek uste baino hurbilago diren.
Lehen jasta gisa, huna hemen EKE-ren webgunean egina zaion elkarrizketa :
»Etxahun-Irurik erakutsi dauku Hegoaldera joaiten »
- EKE
- 2010-02-08
Jean-Mixel Bedaxagar kantari zuberotarrak (Urdiñarbe, 1953) xirula eta ttun-ttuna jotzen ditu. Maisu izan duen Etxahun-Iruri famatuaren omenaldian parte hartu du Donostian Koldo Mitxelena kulturunean, 2010ko martxoaren 3an.
Haurrean Urdiñarbeko plazan bere lehen maskaradak ikusi zituenean, xirularen hotsa muinean barna sartu zitzaion Jean-Mixel Bedaxagar kantariari. Geroago, Etxahun-Iruri eta Copain maisuekin ikasi ondoan, bai eta ere ttun-ttuna jotzen, hasi zen maskaradetan eta festetan ibiltzen. Eskaini digun elkarrizketan, bere musikari ibilbideaz ari zauku eta Etxahun-Iruri ospetsuaz oroitzen.
Lehen xirula
Jean-Mixel Bedaxagar: Betidanik, izigarriko afizioa ukan dut txülülarendako. Lehen maskaradak ikusi nitüzün laupazortzi urtetan, sohütarrak ziren eta lehen aldiko entzun nuen txülüla Urdiñarbeko plazan. Musika tresna horrek zoratu ninduen. Ene aitatxiri erran niolarik nahi nuela ikasi, erantzun zautan: « Nik ere entseiatu diat, baina ez naiz behin ere arribatu txülülatzerat! ».
Urteak joan eta, ene lagun batek baitzakien ene gogo berri, behin erraiten daut: « Badiat langile lagun bat Maulen eta haren anaia txülüla egile dük, nahi düka bat? ». Hara nola ene lehen soldatarekin erosi nuen ene lehen txülüla.
Ametsa gauzatu
Ez zen irratirik gure etxean, ez magnetofonarik, ez telebistarik.
Maskaradak jiten zirelarik, entzuten nituen txülüla eta atabala, ederrak atzemaiten nituen eta gogoan nuen berdin jotzea.
Ene ametsa gauzatu da zeren garai heietako soinulari guziak biziki ontsa ezagutu ditut nahiz eta 40 bat urte liferentzi ukan: Etxahun-Iruri, Copain, Garat Arhane atabalaria, Ttambour, Hegobürü, hauek ziren famatuenak eta erretiratuen artean, Etxahun-Liginaga, Agerret Maulekoa.
Bi maisu
Hasi nintzen beraz txülülatzen, deneei belarriak hausten. Ikasi nuen gehienik autoa erabiltzean, « bitezia bat sakatzen nuen eta txülülatzen! ».
Gero Etxahun-Irurirekin hasi nintzen, lehen aldiko ezagutu nuen Mendikotan, Copain-ekin ere bai, hau ene aitaren txülülaria zen, aita dantzaria baitzen.
Bi horien artean, ikasi nuen, tresna ainitz landuz. Oroit naiz, aldi batez, goizeko bietan ari nintzela jotzen, amak galdegin zautan zer ari nintzen, ez nintzen konturatzen ere zer tenore zen.
Ttun-ttuna
Tresna hori ikusten nuen beti argazkietan eta nahi nuen jotzen ikasi. Hemen ez zen nehore jotzen zakienik, bakar bat baizik, Iñaki Urtizberea Biarritzen, eta ere gutaz hurbilagoak zirenak Ossau ibarrean. Billère d’Ossau herrian, Jean Passimour ezagutu nuen, ttun-ttuna afinatu zautan eta pixka bat erakutsi. 20 urte inguru nituen.
Maskaradetan hasi nintzelarik txülülatzen, jadanik ttun-ttuna jotzen nuen.
Azken ttun-ttun joilea Zuberoan, Simon Patalagoity zen, 1958an zendua. Ez dut ezagutu maleruski.
Zuberoako berezitasuna da Pirineoetako beste ibarretan ere aurkitzen dena, Aragoian, Ossau-n, Paue inguruan ere. Gazkoiniako tanbolina deitzen da eta XVI. mendeaz geroztik hedatua da Europan, Italian. Ikusi dut Espainian ere, nunahi, elizetan aingeruak ttun-ttun joileak. Biziki hedatua izan da garai batean.
Xirula eta ttun-ttun joile
Badira beste musikari batzu bi tresna horiek jotzen dutenak, horietan ezagunenak aipatzeko Mixel Etxekopar, Jean-Charles Sanz. Gazte ainitz ere badira, batez ere Barkoxen gaindi.
Etxahun-Iruri
Izigarriko atxikimendu handia dut Etxahun-Irurirentzat. Gizon maitagarria zen, gazteak maite zituen eta guk ere maite ginuen. Etxahun-Irurik iniziatu gaitu gauza ainitzetan, ederrenetako bat, hegoaldera joaiten. Lehenik joan gira berarekin, gazte ginen. Hegoaldean denek ezagutzen zuten, ospe handia zuen. 70 bat urte bazituen nik ezagutu dutelarik.
Behin, elgarrekin ginen, Donibane Lohizunen Dantzari Egun batean eta bazkarian, 40 txistulariek sorpresa eta ohore egin zioten « Agur Xiberoa » emanez. Izigarri hunkigarria izan zen. Ainitz erakutsi dauku, ez zen sekulan kexatzen.
Beraren ganik ikasi dut kantua eta musika. Musikan ez dut deusik ezagutzen, belarriz eta intuizioz ari naiz.
Mendian, oihanean ala dantzariekin
Zonbait aldiz, kantuz ari nintzelarik, ene burua mendian dut, Ahüzki aldean edo. Txülülatzen ari nintzelarik ere, zonbeit melodietan oihan batetan nauzu eta bestetan, plaza batean dantzarien aitzinean. Ez da batere berdin. Zuberoako dantzak txülülatzen dituztalarik, dantzariekin naiz, nahiz aitzinean ez ukan.
Ezin komenta gehio.