Hona aurtengo prestatu dugun menua.
Hitzaldiak DONAPALEUko bi lekutan iganen dira : lehena herriko etxeko gela berdean (igogailua bada), eta beste hiruak Donapaleuko Bideak gunean. Arratseko 8ak30etan hasten dira, tenorez. Hitzalditik landa, baso bat eta bixkotxatto bat partekatuz bi ele partekatzen ahalko ditugu.
Otsailaren 6a, 8ak30etan, Herriko etxeko gela berdean :
PALESTINA, eguneroko odoltsua
1917tik hasi prozesua eta han izan direnen lekukotasunak
PALESTINA eta ISRAELek azken urtean gure begiradak berenganatu dituzte. Baina afera horrek azken 100 urteetako aktualitatea betetzen du. Gaurko abrekeriak erroak kolonisazio historia luze hortan ditu bistan denaz.
Aldiz ikusten dugu ozkaz-ozka egoera itzulezinezko bilakatzea dela helburua, gerla baizik ez dela posible gehiago, genozidioa eta lur errea bide bakarra, eta baten garaipena bestearen ezabatzearen ondorioa baizik aterabidea.
Gaualdi huntan, gaia hurbiletik landua dutenen argibideak izanen ditugu, bai denboraren perspektiban, bai ere geopolitikaren zabalean. Lehen partean, 1917tik gaur arte Palestina izaitetik Israel izan arte izan diren urratsen aurkezpen bat ukanen dugu. Azkenik, hemen lanean ari diren sustengu talde batzuek esplikatuko daukute zer egin dezakegun hemendik han gertatzen diren itsuskerien biktima direnen laguntzeko.
Otsailaren 13a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
Tokiko hazien berreskuratzearen erronka
Niko MENDIBOURE Hazia sarekoa eta Marc BADAL «HAZIAK» liburuaren egilea
Munduko bospasei multinazionalek berenganatzen ari dute hazi guzien jabetza genetikoa. Ondorioz, emeki-emeki haien deliberoen menpe dago zein baliatuko dugun, genetistek bilatzen dituztela gehien errendamendu eta ekoizpen homogeneoak izanen lituzketenak. Ondorioa da halaere komertzioarentzat interes gehien dutenak izaiten dira aitzinean emanak : gehien onkailu, gehien pozoin eta gehien tratamendu beharko dituztenak, ez baita probetxu ttipirik apetitu handia duenarentzat. Erraldoi horien parean, jendeak sare ttipitan antolatzen ari dira, tokiko hazien berreskuratzeko. Hauen interesa da tokiko gune eta klimari egokituak diren haziak atxikitzea eta garatzea. Lan horrek suposatzen du ainitz esku ttipik beren baratzeetan ekoizpena hazia biltzeraino eramatea, urteoro biderkatzea, eta… besteekin partekatzea. Kolektiboki eramaten den lana da, haziak kurutzatuz baitira emaitza hoberenak lortzen. Bi mundu horietako hiztegia eta jakintza arras desberdinak dira eta gaualdi huntan hazi libreen alfabetisazio minimo bat eskaintzea da helburua.
Niko MENDIBOURE Irisarriko baratzezaina da eta iparraldean sortu berria den Hazi sarea taldearen helburu eta esperientzia aurkeztuko dauku. Harekin batera Marc BADAL Luzaidarrak ARGIA astekariarekin argitaratu duen HAZIAK liburua aurkeztuko dauku. Hortan haziak nola zaindu, biderkatu eta baliatu esplikatua da xeheki, gure baratzeetan nola plantatu esplikatzeaz gainera.
Otsailaren 20a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
KABALKADEN egiteko motibazioak
Peio BERTERRETXE antzerkigilearen ikerketa
(argazkia : Sabina Hourcade)
Peio BERTERRETXE antzerkigileak, hainbat kabalkada, libertimendu edo gela-antzerki gidatu ditu azken urteetan. Lekorneko kabalkadaren karietara, inkesta xehe bat burutu du parte-hartzaileen motibazioen ikertzeko. Kabalkaden fenomeno hau azkartu da azken hamarkadetan, eta urte guziz han edo hemen bat edo beste egiten da. Bultzatzaileek aitzinean ematen dituzten motibazioen artean, hizkuntzari, herriaren biziberritzeari, edo ikusgarrigintzari lotuak direnak entzuten dira irratietan. Zer diote parte hartzaileek berek, zenbateko pisua dute undarrean helburu horiek elkarrekin pasatzen duten urte bateko sukar hortan, zenbatekoa ondotik, … ? Galdera horiek ditu harrotzen antzerkilari ikerlariak desmartxa inedito honetan. Eta, agian, urrunetik intxaurrekin gertatzen dena, hurbildu doi urritzen joanen diren jakinen ote dugu ? Ikusiko !
Otsailaren 27a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
Itsas korronteak eta klima aldaketa
Paul MOAL-DARRIGADE, ozeanografia tesiatik
Munduko itsaso korronte guziak, izan itsas zolakoak ala azalekoak, eskala handiko ozeanoen arteko zirkulazio orokor batean elgarri lotuak dira. Uraren tenperaturak eta gatz kopuurek influentzia handia dute mundu mailako ur masa handien mugimenduan. Ondorioz, Lurraren klima gainean eragin handia dute mugimendu horiek, adibidez « Gulf Stream » gure kostaldetik pasatzen den ur korronte beroak gaitu klima estremoetarik babesten. Paul MOAL DARRIGADE donapauldar gazteak tesia burutu berria du, ozeanografia sailean. Bere ikerketa gaia azken 1,2 milioi urteetako Mediterraneo itsasoko korronteen bilakaera izan da eta horrek bere influentzia izan du beste ozeanoen korronteetan. Horrek bere munta badu bizitzen ari dugun klima aldaketaren kontestuan, geroan ere ondorio desberdinak izaiten ahal baititu gure eskualdeko kliman.
Ezin komenta gehio.