Aurten orain arte ezagutu ez duguna ikusiko dugu : 5 ostegunetako otsaila ! Ondorioz, guk ere gutiago ezin baitugu egin, 5 konferentzia eskainiko ditugu. Beti bezala, lehen begi kolpean elgarren arteko loturarik ez dute. Baina hurbilagotik so eginez, agian denen arteko trabesa litaike gure bizi-nahiaren elikatzea, gure komunitatearen imajinarioaren indartzea, gure mundu ikuskera hiztegi berriez bazkatzea, edo sinpleki, momentu erritual batean, elkarretaratzea…
Hona aurtegorako prestatu dugun menua. Hitzaldiak Donapaleuko Bideak gunean 8ak30etan hasten dira, eta galdegina zauzue tenorez hurbiltzea usaian bezala.
Otsailaren 1a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
BIZIAROAK, Herri Kultura liburu berriaren aurkezpena
Juan Carlos Etxegoien XAMAR idazleak euskal kulturako erritu desberdinen ulertzeko gakoak eskaintzen dizkigu
Populu bakotxak taldean bizitzeko eta norbanakoen gorabeheren gainditzeko bere gisako usaiak eta erritualak moldatu ditu. Funtsean, kultura batetik bestera hauen erranahiek elgarri eite dutela ezin uka, baina bakotxak bere kolore eta gustuz beztituak direla ikusten dugu.
XAMARrek, gure kulturaren ezaugarri horien arakatzen eta gurera ekartzen usatuak gaitu jada liburu eder eta mamitsuen bidez. Sail hortako bosgarrena dugu BIZIAROAK hau eta hamabi kapitulutan banatua da : haurren sortzea, haurtzaroa, gaztaroa, dantzak, etxearen transmisioa, gizarte antolamendua, mitologia, sinesmenak, erritualak, krimenak, bidegabekeriak, festak, aisialdia… eta, azkenean, heriotza».
Ikerketa aitzinatuenek diotena, molde ulerterrex batean ekartzen digu, iturri eta ikuspegi desberdinez aberasturik, irudi eta lekukotasunekin gainera.
Euskaldunen izaera ordezkapen egoeran dirudien garai hauetan, errituen bezainbat biziaren sentsura hurbiltzera gomitatzen gaitu. Eta ikusiko dugu ohidurek komunitatea trinkotzen duten bezala, komunitateak etengabe egokitu – egokitzen dituela bere errituak… iraungo badu ! Finean, tradizioaren definizioa hau baita : garai bakotxari dohakion heinean errituen funtsezko erranahia arropa berrituez beztitzeko erantzunkizun eta libertatea transmetitzea.
Otsailaren 8a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
Kazetari izatea Euskal Herri prekario honetan
Pello ZUBIRIA, ARGIA astekarian eraman esperientziaren talaiatik
Pello Zubiria Kamino kazetariak (Aginaga-Gipuzkoa, 1958) berrikitan aurkeztua du “Planeta Prekarioan” liburua ; bertan biltzen dira ARGIA astekarian azken urteetan “Net Hurbil” izeneko atalean plazaratutako ia 1.000 artikuluetatik hautatu batzu. Liburuaren bigarren tituluak dio “XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak” biltzen direla barnean…hari hori baliatuko dugu jorratzeko oreka aurkitu ezinik dabilen planeta honetako hainbat krisi (klima, gerra, gosea, biodibertsitatea, langileen eta ttipien zanpaketa, kutsadura…), berdin horier buru egiteko batean eta bestean lanean edo borrokan ari diren alternatibak.
Zubiria 1981etik erretreta arte ARGIA kazetan eta honen inguruan eraiki beste proiektuetan ibili da, tartean LARRUN aldizkarian, ANTZA inprimerian edo Euskaldunon Egunkarian. Proiektuok beren lana nagusiki Hego Euskal Herrian burutu dute, Gipuzkoatik, baina ARGIAko kideek betidanik aldarrikatu dute euskaraz funtzionatzearekin batera beren lehentasunetan lehena dela naziotasuna, “Zazpiak bat”. Kazetariarekin batera saiatuko gira zehazten nola eta zertan gauzatu diren asmo horiek.
Otsailaren 15a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
ITXARO BORDA, 50 urte idazten, muga eta mirail artean
Idazlea bera mintzo, bere ibilbidearen bildumatik
Hamabost urteetan publikatzen hasia zen jadanik gure Oragartar idazlea. Berrogoita hamar urte aurten, eta geroztik etengabe idazten arizana zaigu : poemak, nobelak, iritzi artikuluak, mota guzietako idatz-moldeak landuak ditu, eta lantzen segitzen. Ahantzi gabe nobela beltzetan sailkatzen den Amaia Ezpeldoien zazpi liburutako saga. Wikipedian bilatzen baduzu, ikusiko duzu bere obraren luze-zabalera ze heinetakoa den.
Probokatzaile fama haste-hastetik bildu zuen Basilika obrarekin. Hala-hala jarraiki du denbora guzian, berak ezinbestekoa baitio besteak edo beste aldetik erraitekoak direnak entzun behar ditugula. Gisa hortan hainbat gai lantzen ditu, eta erran daiteke bere mundu heterodoxo horren herexak, artikulu ttipienetan ere, beti present direla.
Parada izanen dugu beraz hitzaldi honetan, bere hautuez galdezkatzeko : bere idatz-hizkuntzaz, bere periferiako identitateetaz, izan lurralde, genero, hizkuntz-hautu, sexu orientazio, euskal politika ala kontrakotasunaren aldekotzaz.
Hain periferiko non orain euskaltzain oso egina zaigun.
Zer da bihur-gune, eta zer jarraipen ?
Otsailaren 22a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
ZAMAKOITZIA etxea, 36ko gerlako iheslarien aterbe, Xarrikotan
Irungo Kepa ORDOKI memoria taldeko Joxan ELOSEGI eta beste lekuko batzuen oroit-ahanzturatik
1936ko estatu kolpearen ondoko gerlak, gure hegoaldeko haurrideak azkar zauritu zituen, espainol guziak bezala. Bada gertakari horien harira guti ezagutzen den kapitulu bat, eta gure Amikuzeko xokoa xuxenki hunkitzen duena : Arruta Xarrikotako Zamakoitzia etxeko iheslarien egonaldia. 1937 eta 1940 artean, ehunka iheslari hor aterbetu ziren gehienak Hondarribia eta Irun aldekoak. Horietarik lau hor ehortziak izan dira, besteak edo etxera itzuli zirelarik gauzak eztitzean, edo bestela munduan barna barreiatu etxera itzultzea sobera landderosa zitzaielarik, ikusiz nolako basakeriak egiten zituen frankisten alderdiak.
Bada Arrutan hil den horietarik bat, euskal munduan ezaguna dena : Joxe Mari Lopetegi bertsularia (1875-1942). Errepublikanoa zen bera, eta arras inplikatua zen orduko ideien batailan, bere ideiak bere bertsoekin zabaltzen zituelarik.
Garai, gertakari eta jende horien ezagutzeko, Irungo Kepa ORDOKI memoria elkartekoak jinen zaizkigu, beren ikerketen berri emaitera. Lekukotasun urri batzu biltzen ari gira, Arruta Xarrikotako jendearekin izan zituzten harremanak argitzeko. Agian bertso zonbait ere kantatzen ahalko ditugu, Lopeptegitar zonbait gaur oraino bertsuka ari baitira.
Irabazleek, beren historia edertzen badakite. Aldiz, galtzaileen historia ez du nehork kondatzen, non ez den beren tribukoak noizbait haietaz oroitzen direlarik. Egin dezagun beraz memoria ariketa hori.
Otsailaren 29a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
Euskara gal-bidean, ahal-bidean, ala zabal-bidean ?!
Iñaki IURREBASO soziologo eta Plazara kolektiboko Eneko GORRIren egoeraren irakurketatik.
Maiz, euskaldunek, hizkuntzaren egoera optimismotik edo pesimismotik neurtzen dugu. Bihotzetik eta ustekerietarik egoeraren analisia argi bat egiten ahal balitz bezala. Emaitza ederrak kausitu dira bide hortarik, egia da. Salbu, jakiteko zertan giren, eta estrategia eraginkorrak finkatzeko luzera begira, errealitatea eta bere nabardurak haztatzeko balio duten neurgailuak behar ditugu, burua bihotzaren lagun egin dadin, bulkadaren finkagia oinarri sendoetan erro dadin.
Iñaki IURREBASO soziologoak bazterrak iraultzen dituen neurketa bat agertu digu jaz. Inkesta soziolinguistiko desberdinen datuak xeheki azterturik, zonbait ustekeria uzkailtzeraino : ez gira hainbeste euskarazko gaitasuna dugunak, eta ahal dugun orok, euskara gaitasun minimoa dutenek ere, ahal duen orotan euskara baliatzen dugu, zenbakiek uste ukaitera emaiten dutena baino gehiago ere.
Plazara kolektiboko Eneko GORRIk, iparraldeari buruz jarri du lupa. Ikusten da gainbeherak jarraitzen duela, eta ez bada zerbait aldatzen, bi hamarkaden buruan ahul izaitetik galbidera pasatuko girela.
Oinarri horietarik abiatuz, galdera zeri buruz eta nola indar egin izaiten da. Hori finkatzea euskaltzale ororen ardura izanen da. Baina diagnostikoa partekatzea da gure lehen erronka, optimista kritiko eta pesimista aktiboek elgar harturik, buru eta bihotzez indar egin ahal izan dezagun gaurko egoera ortzimuga hobeeri buruz eramaiteko.
Ezin komenta gehio.