Euskara hutsezko konferentziak, 26. aldiz antolatuak dira Donapaleun, ZABALIK elkartearen eskutik. Hitzaldiak ostegun arratsez iragaiten dira, Donapaleuko Bideak gunean, 8ak30 etan hasi eta bixkotxatto batekin baso bat edanez bukatzen.
Hona aurtengo egitaraua, kasualitatez, otsailetik martxora luzatzen dena eta lau konferentziaren partez bost proposatzen dituena aurten ;o)*
Otsailaren 9a : Praktika eraldatzaileak gure lurraldean : zer eta nolaz ?
Txomin Poveda, Soziologian doktorea, Iratzar fundazioko langilea, bagira prozesuaren koordinatzailea
Lurraldeen behar sozialei erantzuteko, praktika militante klasikoak erabili ordez, herritar geroz eta gehiagok alternatibak eraikitzearen bidea hautatzen du. Ipar Euskal Herriak, praktika eraldatzaile horren dinamismoan berezitzen da. Hainbat eta hainbat sektoretan tresna herrikoiak eraiki dira herri aldarrikapenei aterabideak sortzeko: tokiko ekonomian, monetan, euskaran, irakaskuntzan, laborantza herrikoian, energian, kulturan, hedabide parte hartzaileetan, etab.
UPPAn aurkeztutako soziologia doktoregotza bati esker, Ipar Euskal Herriko alternatiben eramaileak galdezketatu ditu Txomin Poveda-k. Hitzaldi hortan, Ipar Euskal Herriko alternatiben ibilbide historikoa oroitaraziko da baita esplikatuko zergaitik eta zein logikarekin lurralde huntan hainbeste emazte eta gizon eraldaketa manera hortan inplikatzen diren.
Otsailaren 16a : Murgiltzetik plazara: haur eta gazteak euskaratik euskarara
Xan Aire (1984, Urepele), euskara teknikaria da, 14 urtez Seaskan arizana; gaur egun, Plazara izeneko kooperatiba sortzen ari da, hizkuntza jendarteratzeko xede duena, komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta elkarrekintzatik.
Lorea Etxeberria eta Antton Seychal KEA elkartekoak ere hor izanen ditugu abiatu berri duten esperientziaz hitz egiteko.
Haur eta gazteek euskaraz beren baitarik, eta beren artean egitea: euskalgintzan ametsa da eta praktikoki aski problematikoa dena! Nahi genuke egin dezaten, badakigu helduok ere badugula zer egin, baina autoko gakoak falta, abiatzeko. Alta, 2012an, aspaldi du beraz, Uztaritzeko ikastolak bere jostalekuetan haurrak euskaraz tira-ahala arraraztea kausitu zuen.
Adibide horri lotu eta konparaketa zenbait eginez, ikastoletako jostalekuetan euskaraz gehiago egiteko gakoak atera ditu Xan Airek, artikulu batean sartu, eta Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria eskuratu: esperientzia horren berri kontatuko digu Otsail Ostegunetan, denbora berean argitzen duela murgiltze eredua nola ulertzen dugun.
Eta bai, zer da murgiltze eredua ? Klaseak nagusiki euskaraz eramatea dea bakarrik? Euskaltzaindiko gogoeta gune batek ere galdera nagusietan du hori memento honetan, aisialdi eta kultur eskaintza euskaraz bultzatu beharrarekin batera.
Preseski, Amikuzen aisialdi zentro euskalduna zabaltzeko bezperan, Ortzaizeko KEA (Kirola Euskara Ahoan) elkartekideek ere beren lehen urratsen berri emanen digute, azpimarratuz ikastolaz gain, plazetan ere bazka behar dutela gure haur eta gazteek, euskaraz lora daitezen! Horgo burrasoak ohartu ziren beren haurrak etxen eta eskolan euskaraz arizanik, proposatzen zitzaien kiroletan ez zutela halakorik aurkitzen. Hizkuntzaren helburuaz bestalde, beste bi txertatu dituzte : neska-mutikoak elgarrekin aritzea, eta lehia baino kooperazioa eta plazerra landuko zuten jarduerak bultzatzea. Antolatzaileen esperantxa da, haur horiek gauza berriak elgarrekin euskaraz bizi izanik, euskarazko harremana bizitzako beste eremuetara hedatzen ahalko dutela. Eta nolaz ez, haurretarik aitametara ere kutsatzea errexago lortuko dutela…
Otsailaren 23a : Kalapitatik jazarpenera : taldean bizitzeak eragiten dituen dinamikak
Elorri Garat, haur eta helduen psikologoa Zuraiden
Taldea, osatzen dituen kideen gehiketa sinplea baino gehiago da.
Taldeak elkartasuna, sustengua eta babesa eskaintzen ditu.
Bakarrik beteko ez genituen helburuetara iristeko ahala ematen du.
Baina taldean bizitzea ez da sortzetikako dohain bat, ikasten da, eta ikasprozezu horretan taldearen itxura ezkorragoak bizitzen dira.
Haurraren garapen sozialean ikastola edo eskola eremu garrantzitsuenetarik bat da. Ama eskolatik aintzina haurrak talde desberdinetan, toki desberdinak ezagutuko ditu: gela, neska mutiko, haundi ttipi, jolas kide, adiskide… eta talde desberdin horietan gatazka desberdinak esperimentatuko ditu kalapitatik jazarpenera.
Haunditze bide horretan inguruan dituen helduek haurra sustengatuko dute, haurrak bizitzen dituen emozioak kondutan hartuz eta nola ez beraienak ere. Haurrak lagunduz bezala, helduok ere taldean bizitzen ikasiko baitugu.
Martxoaren 2a : ALDA mugimenduaren esperientzia : nondik eta nora…
Xebax Kristi koordinatzaile eta ekintzailea
Alda mugimendua 2020eko urrian sortu zen, Ipar Euskal Herriko langile auzoaldeetako eta langile jendarteko biztanleen defendatzeko eta haien bozen entzunarazteko, antolaketa kolektiboaren bidez, Estatu Batuetan garatu den « community organizing » metodoa eredutzat hartuz. Baionako auzoetan hasi zen lanean lehen hilabeteetan eta ondotik bere aktibitatea Baionatik kanpo zabaldu zen. 2021eko ekainan, etxebizitzari buruzko kanpaina bat abiatu zuen, etxebizitza turistikoen garapenaren kontra borrokatuz; konpentsazio araudiaren bozkatzea lortu zuen, 2023ko martxoaren 1ean aplikatuko dena. Bestalde, 2022an auzoetako lehen bi kolektiboak sortu zituen Baionan eta HLMetako hauteskundeetan aurkeztu zen, gehiengoa lortuz HSA eta Office 64 egituretan.
Hitzaldi huntan, Aldaren ibilbidea kontatuko du Xebax Christyk, aurtengo lan ardatzak zoin diren, bai eta Aldaren sortzera eraman zuen gogoeta zoin izan zen eta mugimenduaren antolaketa eta lan moldeak zoin diren.
Martxoaren 9a : IRULEGIko zorion eskua
Mattin Aiestaran eta Juantxo Agirre Mauleon, ARANZADI zientzia elkarteko arkeologoak
Altzurukun egin aurkezpenaren ondotik, hau izanen da iparraldean eginen den bigarren eta azken emanaldia. Pentsatzekoa da gaualdiak usaiaz kanpoko arrakasta izanen duela, eta horregatik antolatzaileek behar dena eginen dute jende guzia ohatzeko, Bideak guneko auditoriumean kokatuz oraingoan.
Irulegiko Eskuaren aurkitzeak euskararen jatorriari argia eman dio. Euskaldunak zorioneko egin gaitu eta berrikuntza garantzitsuak dakartza arkeologia eta hizkuntza munduan. Baina galdera berri aunitz ere ireki ditu.
Guzti honetaz hitz egiteko, Mattin Aiestaran Irulegiko indusketaren arkeologo zuzendariak hitzaldi berezia eskainiko du Donapaleun. Bertan, ikerketa arkeologikoaren nondik norakoak azaldu eta Eskuaren garrantziaz mintzatuko da.
Aurkezpen hortan Aranzadik publikatu duen lan monografikoa eskuratzen ahalko da. Aranguren Ibarreko Irulegi mendian egiten ari diren ikerketa arkeologikoetan berreskuratu lekukotasun hori duela bi mila urtetik gorako testuinguru kronologiko eta linguistikoan kokatu nahi da argitalpen honen bidez.
Parada baliatuko dugu ere Aranzadi zientzia elkartearen ezagutza egiteko, bere lan eremua izigarri zabala baita. Juantxo Agirre Mauleon zuzendariak xehetasun guziak ekarriko dauzkigu.
Ezin komenta gehio.