Otsail Ostegunen hitzaldi zikloa arrakastatsua izan da aurten ere (65-70 jendekilako parte hartzea aldi bakoitz), eta artikulu hau baliatuko dugu gaualdi horietarik batean egin aipamenen hari baten tiratzeko. Urte oroz hitzaldietarik bat edo beste hizkuntzaren gaiaren alderdi baten jorratzeko parada izaten da. Alabaina gure elkartearen jardunaren muina hortan datza.
Aurten Peio Berterretxe genuen alde horren mamian sartzen laguntzeko. Kabalkada batean parte hartzeko motibazioetaz egina du ikerketa biziki interesgarri bat Lekorneko kabalkadako kontestuan. Ikerketaren ondorioak ulertzeko, diglosiaren konzeptuaz argitu gintuen, eta hau da gure gaurko gaia.
Zer da mamu hori ?
Jendeak elebidunak edo elebakarrak girela ulertzen da, baina egoerak ez dira nehoiz elebidunak, komunikazio sailak oro hemen diglosia egoerak dira. Erran nahi da badela bi hizkuntzetarik bat funtzio eta legitimitate guziak dituena eta bestea haren menpekotzan baizik ez dena bizi, derogazioz bezala, funtzioetan mendratua. Eta hau gurean euskara baita, paradoxikoki erran dezakegu mendratua eta denbora berean goratua dela. Goratze horrek ez du nehondik ere menpekotasuna dudan emaiten, konpentsatzen baizik, eta undarrean « normalisatzen ».
Diglosia ez da egoera estatikoa, dinamikoa baizik, aitzinatu ahala hizkuntza menperatuari uneak eta guneak mendratzen dizkio, gatazka baten fruitua da, gatazka ixila, mutua, « baketua »… Ez bagazaizkio parez-par jartzen, ez badugu izendatzen, ez badugu den bezala tratatzen… gureak egina izanen du halako batean !
Beraz, diglosia ikusteko bista xorroxtu behar da, barnean mainatzen girelako, gure pratikek normaltzen, lausotzen, ikusezintzen baitute gehienetan. « Akomodatzen » gira, orozgain behar baita bizi, batean hau baliatuz, bestean bestea, komenentzien arabera eta komunikazio egoera gatazkatsuak ez baigaitu gustian uzten… « Berdin euskalduna naiz gero, hor frantsesez arizanik ere, euskaraz segitzen dut beti badakizu ! » … « Eta euskara ez dakienari ere behar zaio hurbildu, gurea esplikatu, eta hortakotz, ez gira beti euskaraz ariko » litania hau denek entzuna dugu politiko abertzale zentzudunen ahotik…
Diglosiak badauzka mila aurpegi : frantses hutsean aritzen girelarik alabaina, baina ere euskara hizkuntza sinboliko gisan ezartzen dugun aldioro, eta gehiago dena, euskara hutsez pentsatuak direnetan ere. Blaitzen gaitu. Bere gurpil zoroan preso gauzka.
Orduan zer egin horrekin ? Eszenatoki hori nola uzkaili ?
Euskaraz hitzegitea ainitz da deia, baina ez da aski, egoeraren kontzientzia gehitu behar zaio, gatazka agerian emateko. Eta agian kontseziorik gabe euskarari eremu berriak sortzen ahalegintzea etengabe.
(Artikulu hau Iparraldeko HITZAn agertu da 2025/03/14an).
Ezin komenta gehio.