Hona ekartzen dugu 2025/06/13ko Ipar Euskal Herriko HITZA astekarian gure izenean agertu artikulua.
EUSKARALDIA ABIATZEKO HITZALDITIK TIRAKA
Euskal herri guzian bezala, Amikuzen ere erronka bereziak ditugu. Euskara guti entzuten dela erraiten da, baina euskara egun guziz mahain gainean da hemen ere :
- ikastolan azken 56 urte hauetan belaunaldia belaunaldiari segi euskalduntzen gaituzte,
- eskola elebidunetan haurren erdiaz goiti euskararekin harremanetan da,
- ez da aski, imertsioa behar dugu eskola guzietan eta haur guzientzat, berdintasunaren izenean.
Zer da egiteko molde hori haurren arteko desberdintasunak ezartzen dituena, elkar ez ulertzeko haziak ereinez adin ttipitik haste, ze jendarte mota eraiki nahi dugu ? Ez ote da « vivre ensemble »aren izenean ahobeteka ari girenean, deneri euskaraz bizitzeko parada, elkar ulertzea, maila berdinean ezarri behar ?
Berdin helduekin, gau eskolaren beharra dugu, eta edonork euskara dohain ikasteko errextasunak behar ditu, arrazoin berdinen gatik.
Ainitz galdegitea dea, gure herrian euskararen herrian, euskaraz mintzatzeko bermeak ukaitea ?
Hiru belaunaldi aski izan dira euskara gal dadin gure artean. Hizkuntz politika hortara egokitua izan da : frantses hutsezko murgiltze eredu baztertzailea inposatua, euskararen desprestigio kanpaina bidegabea, frantses hutsezko administrazio, lan mundu eta aisialdiak. Hiru belaunaldi gurea mendratzeko, dinamika kontua da, deus ez baita estatikorik elebitasun gisa saltzen diguten diglosia egoeran.
Euskararen orokortzea ere hiru belaunaldiz egitea pentsatu behar dugu. Batetik, ondoko belaunaldiekin eginez apustua, baina gaurkoak ere xedearen partaide eginez.
Jende bat izitzen du proiektu honek. Alabainan frantsesaren inposatzean euskaldunek pairatu dugun trauma psiko-soziologiko-kulturala frantsesdunek berek ere bizi ahal izanak beldurtzen ditu. Uste baitute berek inposatu moldean baizik ez dela egiten ahal, bidegabeki.
Guk, elebidunek badakigu gure buru-muinek bi eta gehiago hizkuntza ohatzen ahal dituztela problemarik gabe. Ez da beharrezkoa jendea setiatzea, humiliatzea eta gaizki tratatzea.
Euskaraz bizitzea ez bada Euskal Herrian lortzen ahal, nun eginen da orduan ? Ala axaleko atxikimendu baten gibelean hizkuntzidio, kulturzidio eta etnozido baten aldeko postura bat da gordetzen azken finean ?
Euskaldunak sortuko dituen egiazko hizkuntz politika bat dugu helburu. Urrun gira. Bidean goazela, ez utz geroko, urrun delako estakuruan ; egin dezagun jada bagine bezala, beti, denetan, denekin eta edonola, euskaraz emanez lehen hitza, bigarrena, hirugarrena, belaunaldiz-belaunaldi…
Elkar mugituz eginen dugu !
Ezin komenta gehio.