ZABALIK euskara elkarte bezala definitzen da. Zer da euskara elkarte bat, kultur elkarte bat ? Ez baitezpada. Euskararen erakaskuntzarako elkartea orduan ? Ez eta ere. Ondare elkartea ? Otoi, afrunturik ez, frantses konstituzioak du euskara ondare gisa definitzen, ez ginuke erregionalismo frantses-konpatible baten zepoan erori nahi !
Gure eginbidea gure lurraldean (Amikuzen) jarri dugu, eta edozoin ekimen sortzen dugula, izan dadila helburu bakarrari buruz : euskararen erabilera bizi-hizkuntza bezala sustatzea.
Gure kasuan, lau lan ardatz hauen bidez : 1- erabilera bultzatzea eta euskaldunen komunitatea horren baitan biltzea, 2- tokiko euskalgintzako elkarte eta jendeen arteko elkarlana eta gogoeta estrategikoa bultzatzea, 3- euskaldun kontzienteen formakuntza obratzea -erran nahi baita gure herriak bizi duen hizkuntzidioaz jabetzeko eta horri ihardokitzeko heldulekuen bilatzeko saioak segurtatzea- eta 4- lurralde mailan mundu huntarik hurbil ala urrun direneri buruz, interpelazioak egitea, eta botere guneetan direneri ikusi nahi ez dutenari ohartaraztea.
Horrela erranik, gauza potoloa ematen du, eta nola borondatezko lanez egina den, anbizioak obratze xumeetan egikaritzen dira ondarrean. Jende guti eguneroko lemaren atxikitzeko, eta alde positiboa hau da, ekintzetan eskukaldia emateko nahi hainbat bolondres eta laguntzaile, mikrokosmo ttipia izanagatik.
Adibide hurbil bat emateko, joan den azaroaren 22an, antolatu dugu Amikuzeko ikastola eta eskola elebidunetan euskara eta euskaraz ikasten duten ama eskola eta lehen mailako haurren topaketa bat. Ikusgarri eta kantu emanaldi batean 150 haur eta 300 burraso eta helduez goiti bildu gira, haurrek beren eskoletan landu Nafarroaren historiaren beren interpretazioa txalotzeko.
Joan den udaberrian, ikastola eta eskoletako erakasleeri proposamena egin genien gure helburuak aurkeztuz. Haurreri buruz, helburua bikoitza zen : beren eskolaz kanpo euskaraz jarduten duten beste haur batzuekin kurutzatzea, eta bakoitzak ikusgarri puska bat prestatzen zuenez, euskaraz sortu emozio batzu beren gorputzetan xertatzea. Haur hauen erakasleentzat, kuraia, sustengua eta bihotz berotasun zerbait eskaintzea. Gaur, etxeko transmisioa osoki desagertua ez bada ere, arras ttipitua da, eta eskolaz kanpo euskarazko unibertso baten topatzea ia mirakuilua izan daiteke haurrendako. Imajina egunero baldintza horietan egiten duzuela lan, baliteke iparra galtzeko aski arrazoin izatea. Azkenik, burrasoeri mintzatu nahi genuen. Beren hautua haurren euskalduntzea bada, hautu ona dela, eta lagundu behar dutela eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak baliatuz. Preseski, honek, bultzatzen dugun beste ekimen batekin egiten du junta : burraso gazte talde batek aisialdi zentro imertsibo baten indartzeko lobby lan bat darama tokiko hautetsieri buruz.
Eskolen topaketa hau bere hutsean ez zaigu asegarri. Begi bistakoa da ereduen artean imertsioarena dela bultzatu behar dena. Begi bistakoa da ere, eskolaz kanpo kirol munduan ere sudurra sartu beharko dugula, gai honi buruz harrigarriki bizkarra emanik jarraitzen baitute klubek. Eta begi bistakoa da, ikusgarri batez haratago, burrasoekin lan berezi bat egin behar dugula.
Horiek guziak asmoetan ditugu, eta nork daki, xehetasun gehiago ondoko artikulu batean emanen ahalko dugu…
(Artikulu hau 2024/12/06ko Iparraldeko HITZAn argitaratu da)
Ezin komenta gehio.